Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Arrastoak

2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Deter Burke historialariak irudiak testuak eta ahozko testigantzak bezain dokumentu historiko garrantzitsuak direla defendatzen du Eyewitnessing: The Uses of Images as Historical Evidence saiakeran. Annales aldizkariko egileek beste gizarte zientzietako metodoak baliatu zituzten historiak ordura arte aztertzen ez zituen hainbat aspektu arakatzeko asmoz. Antropologoek bezala, era holistiko batean aztertu behar zuten iragana, ahalik eta informazio osoena eskuratu ahal izateko. Napoleon eta Julio Zesarren balentriak ikertzen jarraitzea garrantzitsua zen arren, herri xehearen bizimodu eta ohituretan arreta jartzeari ekin zioten. Julio Caro Barojari iraganeko herritarren bizimodua interesatzen zitzaion, batez ere. Hortaz, gorputza eta pentsamoldearen historiak eta historia sozialak berebiziko garrantzia hartu zuten. Gerora zinemaren eta historiaren arteko elkarlana sustatu dute askok, baina zinematografoaren aurretik existitzen ziren irudi edo irudikapenek historia berriro aurkitzeko aukera eskain dezakete. Altamira eta Lascaux kobazuloetako irudiengatik ez balitz, zaila izango litzateke Europako historiaurreaz zerbait jakitea. Edo Antzinaroko Egipto guztiz ezezaguna egingo litzaiguke, hilobiko margolanak existitu ez balira. Alabaina, denbora luzez irudia mespretxatu egin izan dute historialariek, eta normalean testuaren ilustrazio gisa erabili izan dute. Positibismoaren garaian, argazkilaritza eta zinemari esker objektibotasuna lortzea posible zela pentsatu zuten zientzialariek, baina argi dago irudia testua bezala manipulatu egin daitekeela. Erretratuek, esaterako, konbentzio batzuk dituzte, eta garaiaren arabera konbentzio horiek aldatu egiten direla antzeman daiteke. Hutsalak diruditen xehetasun horiek garaiko pentsamoldea hobeto ulertzeko balio dezakete. Puzzlea ahalik eta osatuena izan dadin, irudiak bere barnean ezkutatzen dituen arrastoei jarraitzea ezinbestekoa gertatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.