Itziar Ugarte Irizar
Gogorra behar du izan jendea pasatzen eta pasatzen ikusi, eta zure lanarekiko interesa inor gutxik agertzen duela ikustea. Bada publikorik egongo ez balitz, ezer egingo ez lukeenik; bada inoiz publikorik izan ez eta bere barne munduaren zati handia —Verde Pratoren «mundu leunena»— sortzeari eskaintzen dionik. Seguruenik, nork bere lanarekiko poza, errespetua izatea da hemen gehien estimaturiko gauza. Hartzaileak faltan dituenak motiboak ditu alde, norbere intuizio eta interesak bizirik mantentzeko motiboak.
Iñigo Astiz
Ez da hain zaila ere, behin formula patxadaz esplikatuz gero. Arrakasta lortu nahi baduzu, nahikoa duzu lau a eta bi erre eta te, ese eta ka banarekin. Begira.
A, a, a, a, r, r, s, t, k.
Berez, nahikoa da horrekin, baina adi. Une honetatik aurrera komeni da kontzentrazioari eutsi eta elementuen ordenarekin ere arretatsu jokatzea. Beti dago dena atzekoz aurrera ulertzeko arriskua, batetik.
atsakarrA.
Eta, bestetik, eten txiki bat egin, eta populazioaren zati zabal bat ere baztertzen buka dezakezu.
Arra, kasta.
Lasai. Berriz saia gaitezke. Berehala hasiko da Durangoko 60. Azokarako atzerako kontaketa. Eta gogoratu Samuel Becketten zita. «Saiatu. Porrota. Ez dio axola. Berriz saiatu. Berriz porrota. Porrot hobea». Ea orain. Ez ahaztu: lau a, bi erre eta te, ese eta ka bana. Eta lasai, gehienetan, gehienok berdin amaitzen dugu.
Arrastaka.