Miren Agur Meabe.
HIRUDIA

Armoricako kantorea

2014ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Irailarekin batera bueltan, oporretako kontu batzuk aipatuko ditut txanpa honetako lehen zutabean, literaturarekin duten zerikusiagatik.

Bretainian izan naiz lagun bat bisitatzen. Penintsula Armor du izen zelta —itsasoaren lurra— eta izenetik hasita ematen dio jokoa irudimenari Asterix eta Obelixen pasadizoetatik haruntzago, kostaldeko piratak, han-hemengo abadiak eta landetxeak, Historiaurreko eraikin megalitikoak, monje, gerrari eta druiden egitandiak, edota kornamusa, harpa eta sagardoaren hatsak direla eta.

Errepideetan seinale elebidunak ikusi ditugu, bretoieraren aldeko kanpainen ondorio. Arriskuan dago bretoiera. Azken bi mendeotako gobernu-politikak debekatua zuen eskoletan erabiltzea, eta gurasoek seme-alabei irakasteari utzita, orain dela hamarkada batzuk ekin zaio hizkuntza suspertzeari. Poza eman zidan Vannesko plazan antolatutako liburu azokak, bilgune txiki bat non bretoierazko idazleak beren lanak erakusten ari ziren ia kasurik ere egiten ez zieten turisten artean.

Bestela ere, hainbat idazleren arrastoak topatu ditugu, hala nola Chateaubrianden jaiotetxea, gaur hotel bihurtua, Saint-Maloko harresien ondoan. Ateburu dotorean, familiaren ikur-hitza ageri da, arranditsu: «Neure odolez tindatu dut aberriaren bandera oro». Lelo arranditsua Frantziako literatura erromantikoaren aurrendaritzat hartzen den diplomatikoaren odol aristokratikoarentzat.

Finisterre eskualdeko Roscoffen, berriz, gaueko paseoa egiten ari ginela, Dumas aitak ostatu hartutako etxearekin topo egin genuen, portuan bertan, harrizko ermita baten parean (Maria Estuardo horraxe desenbarkatu omen zen bost urte zituela, Frantziako gortean bizitzera etorrita Eskozia-Frantzia ezkontza-ituna medio). Hortxe idatzi zuen Alexandrek Sukaldaritzako Hiztegia, merezimendu handiko lana gourmeten artean. Obra horri zor zaio, itxuraz, frantziar tipulak burgesia-eskubidea lortu izana Ingalaterran, garai bateko merkataritza-harreman sendoak tartean.

Nire lagunaren landetxea gertu samar dago Broceliandeko basotik, Arturo erregearen abenturen gertaleku nagusitik. Haritza eta pagoa nagusi diren arren, suteek eta egurraren ustiakuntzak pobretu egin dute basoa, eta Merlin aztiaren hilobia ez da zuhaitz baten oinetan pilaturiko harri pare bat baino. Hala ere, hunkigarria gertatzen da bisitariek hari utzitako mezuak eta opariak ikustea. Bertan da Gaztetasunaren Iturria ere, zeinaren ondorio magikoa aurpegiko zimurretan igarriko duzuen ilargi beteko zazpi gautan hango urak edanez gero.

Mahai biribileko zaldunen kondaira XII. mendean agertu zen estreinakoz, elezahar zelten eta kristau liturgiaren sinkretismoaren emaitza. Deabruak, infernuan gogaiturik, erabaki omen zuen ordezkari bat ezartzea munduan. Horretarako, haurdun utzi zuen emakume bat, baso ilunean erditu zena. Amak lortu zuen, nola edo hala, deabruari iruzur egin eta jaio berria bataiatzea, halako moldez non mutikoak aitaren botereak gorde zituen, baina ez gaitzerako joera. Horrexegatik adierazten ditu Merlinek ezkutuko zientzien, etorkizunaren eta unibertsoko sekretuen gaineko ahalmena.

Val Sans Retour deritzona ere inguruetan dago, Itzulerarik Gabeko Harana. Bretainiako beste hainbat tokitan bezala, ilunabarraren indarra igar daiteke bertan, Merlinek Vivianerekin, Lakuko Damarekin, sentitu bezala. Norentzat hada maitekorra, norentzat jeinu maltzurra, Lancelot bahitu zuen txikitan, Excalibur ezpata eman zion Arturori eta magiaren artea ikasi zuen Merlinengandik, maitasun-promesa faltsuen trukean.

Kontu horiek eta beste batzuk errepasatzea egokitu zait Armorican barrena. Eta zuek, izan duzue antzekorik orpo jarraika?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.