Eztabaida beroan ari ziren tabernan. Tartean zen alberritar batek jaurti zuen:
– Herri honetan listotzat zaudete, baina tontoen proportzio bat ere bada hemen.
– Zuen herrian tontotik listora zer alde dago, ba? –bertako batek.
Hartan, herriko apaiza eta artzain bat sartu ziren, hauek ere teman beti. Artzainak, tonto-kontua entzunik, esan zuen tontoak eta listoak bereiztea oso erraza zela.
– Tontoa aurrean jartzen da (apaiza bezala), denek ikus dezaten. Listoa atzean beti (artzaina bezala), denak ikus ditzan.
– Zeu ere ikusi izan zaitut ardien aurrean! –apaizak.
– Baina txakurra atzean! –artzainak–.Jakin behar da toki inportantea nori utzi.
Artzainak urte erdi mendian eta beste erdi ibarrean egiten zuen. «Ez apaizek bezala –esan zuen–, kanpai baten azpian geldi». Apaizak eraso zion kanpaia astunagoa zela ardi guztien bulunbak batera baino. Zenbat bulunba beharko lirateke, kanpai bat osatzeko? Kalkuluak laster amaitu ziren, batek, mugikorra eskuan-da, hots egin baitzuen: «Kanpaiari tona bat emanik, 11.000 bulunba». Artzaina haserretu zen hizpide guztia mozten duten «kontakatilu txotxolo horiekin» (mugikorrengatik). Gai bat abiatzerako, zapla erabakia eta bukatua zeresana.
Apaiza ere gelditua zen behin zapla isildua. Mendi-etxe urrun bateko gizona hil zen. Ohitura zenez, apaizak hilotza jasotzera igo behar zuen, baina denborale zakur bat zela bide, beheko errepidean itxaron zuen. Noizbait, ahal bezala, estrata pikoetan behera, segizioak errepidea jo zuenean, apaizak esan zuen:
– Badakarzue?
– Bai, jauna –andari nekatuetako batek–. Hau badakargu, baina arima goian gelditu da, eta haren bila berorrek joan beharko du.
Denboralearen urruma. Isilune zapalgarri baten ondoren, apaizak esan zuen:
– Ondo dago! Molda dezagun lehenik alde ustelkor hau. Arima hilezkorrak itxaron dezake.
PASCALEN IRRIBARREA
Arima goian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu