KRITIKA. Literatura

Argi bat iluntasunean

'Ahanzturaren leizea' nobela grafikoaren azala.
'Ahanzturaren leizea' nobela grafikoaren azala.
2024ko urriaren 20a
05:10
Entzun

'AHANZTURAREN LEIZEA'

Egileak: Paco Roca eta Rodrigo Terrasa.  Euskaratzailea: Bego Montorio. Argitaletxea: Astiberri.

Ahanztura heriotza omen da; oroitzea, berriz, hildakoak berpiztea, bueltan ekartzea, geuretzea. Eta, hain zuzen ere, hori da Paco Rocak Rodrigo Terrasarekin elkarlanean sortutako nobela grafiko berriak, Ahanzturaren leizea-k, egin nahi duena, geure memoria kolektibo nahiz indibidualean hazka egin, eta hildakoen oroitzapenak berreskuratu, euren arimak desobiratu. 1940ko irailaren 14ra garamatza obrak, Paternako hilerriaren atzeko tiro-eremura (Valentzia). Bertan, José Celda Beneytorekin batera, beste hainbat gizon fusilatu zituzten, Espainiako Gerra Zibila bukatu eta 532 egun geroago. Urteetako eskaera amaigabea bukatu, eta labirinto burokratikoetan alderrai ibili ondoren, senideek 2013an, hots, 72 urte geroago lortu zituzten desobiratze-baimenak. Orduan, eta orduan bakarrik, berreskuratu zituzten senitartekoek euren etxekoen gorpuzkiak, eta horiekin batera, hileta duin bat egiteko eskubidea ere bai.

Guztiz komiki historiko bat dakarkigute Rocak eta Terrasak oraingoan, baina, errealismoaren klabeetatik idatzita egonagatik, eta iragan hurbilari argi egin arren, haren asmoa ez da batere historizista; fikzioa da, eta ez historia, memoria historikoa transmititzeko (balia)bidea. Ondo dokumentatuta egoteaz batera, estetikak eta fikzioak garrantzi handia dute: In media res hasten zaigu istorioa, fusilamenduen unean bertan, eta, orriz orri, eta ardatz tenporalean saltoka joango da irakurlea fusilatuen bizitza txatalak berreraikitzen. Bi planotan kontatzen zaizkigu, gainera, jazoerak: batetik, 1940ak eta ondorengo urteek hartzen dute garrantzia, hau da, iraganak; bestetik, 2013ko desobiratze lanek. Kontakizunaren amaiera gerturatu ahala, bi-biak elkartzen joango dira. Ardatz kronologikoa, hortaz, hainbat alderditatik hautsita aurkituko du irakurleak, eta aniztasun tenporal horrek ematen dio, batetik, konplexutasuna konposizioari, eta, bestetik, horren bitartez eusten zaio tentsioari narratiba guztian zehar. Nabaritzen da autoreek tentuz (eta zentzuz) aukeratu dutela zer kontatu eta noiz.

Fokuaren eta perspektibaren erabilera ere nabarmentzekoak iruditu zaizkit. Izan ere, nobela grafikoan txikitasunaren eta zehaztasunaren aldeko estetika batekin egingo du topo irakurleak; hain egoera latzetan sortzen diren begirada gurutzatuak, isiltasunak, iluntasunak, keinu eta imintzio korporalak sentituko ditu. Hori guztia transmititzeko Paco Rocari aski zaio lengoaia ez-linguistikoa baliatzea eta bere begirada eremu zehatz batera bideratzea: detailera, zehaztasunera. Hala, kontakizunaren alderdi emozionala, pertsonaien arteko keinuen, begiraden, edo are, zuhaitzen gerizpeen bitartez eraikitzen da, eta irakurlea ere, ezinbestean, horretara begira jartzea lortzen du ilustratzaileak.

Guztiarekin ere, zehaztasunez eta estetikaz beteriko historia bat dakar Bego Montoriok euskaratutako eta Astiberri etxeak argitaratutako Roca eta Terrasaren komikiak, geure iraganaz, eta pentsatzeko eta bizitzeko ohiturez asko kontatzen duena, baina, batik bat, frankismoak eragindako biktimei dagokien tokia ematen diena; argi bat ahanztura kolektiboaren leize ilunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.