«Beti amestu dut aterki bat bezain beharrezkoa den poema bat idaztearekin». Hiru euskal poetaren eta hiru poeta katalanen arteko topaketa antolatu zuten 2016ko urtarrilean Etxepare Euskal Institutuak eta Kataluniako Ramon Llull institutuak Donostiako Tabakaleran, eta esaldi horrekin desenkusatu zuen gizon bat Jordi Llavina poetak, bere emanaldiaren erdian aulkitik altxa, gainerako ikusle guztien mespretxua jasoz aterainoko bidea egin, aretotik atera, eta, segundo gutxi batzuetako tartearen ondoren, berriz ere atea zaratatsu ireki ostean, bertan ahaztutako aterkiaren bila itzuli zenean. «Etxetik hura gabe atera dela konturatzean irakurlea haren bila itzularazteko bezain beharrezkoa litzatekeen poema bat idatzi nahi nuke inoiz». Noski, koronabirusaren hedapenaren ondorioz ezarri den bakartze moduko honek ekarri dit anekdota gogora egunotan. Akaso, nik neuk ere nahi nukeelako pentsatu behin salbuespenezko egoera hau amaitutakoan liburuak, pelikulak, koadroak, antzezlanak edo orokorrean arte hitzaren aterkipean ulertu ohi dugun hori guztia izan daitekeela itzultzeko moduko leku bat.
Baina jo dute alarma hotsa, eta kolpean amaitu da musika. Azkar erortzen dira maskarak halakoetan. Turismoa erakartzeko sortutako kanpaina guztiak gora behera, egutegia zipriztintzen duten sari banaketa ekitaldietako lausenguak lausengu, azpiegitura garrantzitsuen aurkezpen publikoak dekoratzeko erabiltzen diren dantza erakustaldiak erakustaldi, komunikazio industriek etengabe sustatzen duten barruan daramagun artista askatzeko deiak dei, argi ikusi da zein den egia gordina: apaingarri hutsa dira kulturgileak.
Kultur emanaldi guztiak bertan behera gelditu ostean, diru galera nabarmenak izango dituzte kulturgile askok, eta are prekarioago bilakatuko dira bestela ere prekarioak ziren zenbait bizimodu. Sortzaileak ez dira, noski, ziurgabetasun egoera horretan dauden bakarrak, baina kontrasteak egiten du berezi haien kasua. Egun gutxi batzuetako salbuespen egoera nahikoa izan baita sortzaileen balioa eta funtzioa etengabe nabarmentzen duten diskurtso hanpatuen eta sortzaileek benetan duten eguneroko estuaren arteko amildegia garden bistaratzeko.
Eskari bat egiten duenaren urgentziaz zabaldu dute horregatik hainbat sortzailek beren sare sozialetan Alemaniako Gobernuak emanaldirik gabe gelditu diren sortzaileak laguntzeko egindako promesa. Sormena lana baita, eta, gainontzeko profesioekin gertatzen den bezala, kasu honetan ere, erabaki politiko bat da lan hori duina izan dadin laguntzea edo ez.
Bitxia izan da sentsazioa azken egunotan. Inor gutxik ikusi ahalko dituen erakusketen aurkezpenen berri eman dugu kultur kazetariok. Inoiz egingo ez diren ikuskizunen estreinaldiak deskribatu ditugu. Are, egon gara burdinazko segurtasun ateak beheraino itxita dituzten aretoen barruan ere arteaz hizketan, hainbat egunez hormak nola antolatu erabakitzen egon ostean inork ikusiko ez dituen koadroz inguratutako artistekin. Baina halako egoeretan errazago ikusten da kultur espazioak arkitektonikoki zer diren. Funtsean, hutsune bat baitira musika aretoak, antzokiak eta museoak. Publikoari harrera egiteko dispositiboak. Topagune proposamen bat.
Kanpoalde ederreko ezerez handi bat baino ez, barruan jenderik ez badabil.
Eta bereziki nabarmena izan da hori egunotan, esaterako, Bilboko Guggenheim museoaren atrioko espazio erraldoian. Horra ikur bat zer den, barruak hustutakoan. Haizerik gabeko bandera baten pare, ibaiertzean. Eta artegagarria bezain poetikoa izan da ateak ixtea erabaki aurreko momentuetako irudia barrualdean: dozenaka segurtasun zaintzaile, ezereza zorrotz zaintzen. Uniformez jantzitako saltzaile multzo bat eroslerik ez duen denda batean.
Pentsatzen dut litekeena dela langile horietako asko ere aldi baterako lan etenean egotea une honetan, azken urteetan kultur eskaintzan orokortuz joan den pribatizazio eta subkontratazio politikek hartaratuta. Eta datu hori ere ez da ahaztekoa, maiz kristalezko hezurrak baitauzka kultur azpiegiturei eusten dion eskeletoak ere.
Kezka horixe azaldu du Eneritz Furyak musikariak egunkari honetan bertan egunotan: «Kontzertuen atzean dauden antolatzaileak, aretoak, tabernak... bizirik aterako dira honetatik guztitik? Kulturgintza osatzen duen sare guztiari eragiten dio honek». Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako sortzaileek eskura duten intermitentzia sistema orokortzeko unea izan daitekeela iradoki du erreportaje berean Ander Lipus antzerkigileak, zeren eta, bere itzalguneak dituela onartuta ere, sistema horrek, gutxienez, kontuan hartzen baititu emanaldiak lotu, prestatu eta antolatzeko egin beharreko lan ikusezinak ere.
Sortzaileen kezkak eurenak ere badirela adierazi dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta laguntza neurriak hartuko dituztela esan dute, gainontzeko jarduera ekonomikoekin egin asmo duten bezala. Izan liteke aukera bat kulturgileen egoera ordenatzen hasteko.
Ikusi behar, ordea, salbuespenezko eten honen ostean inor bueltatzen ote den bazter batean ahaztuta gelditzera kondenatuta dirudien aterki horren bila.
ANALISIA
Apaingarri izateari uztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu