begona del teso
Eppur si muove

Antuca, libre; Palafox ahizpak, kameraz

2024ko uztailaren 19a
05:05
Entzun

Aipuak eta goraipamenak merezi duten beste hamaika kontu daude gurean, hala nola bi gurpilez eta gasolinaz eraginiko motorra dituen edozein ibilgailu mota hartzeko grina ezin eutsizkoa sorrarazten duen The Bikeriders zeluloide mirari kromatu deabruzkoa. Aipuak eta goraipamenak ere Suitzako Luzerna hiriko bere etxean Tainah Negreiros de Souzak —Hong Sangsoonen pelikula hain ttIpi eta mugaezinak inspirazio harturik—, lapitz finez tindaturiko marrazki eta pinturak, zeinetan Nuestro Dia/Woo-ri-ui-ha-ru horretan galdutako katuari omenaldi bihurria egiten baition.

Bada Iparraldeko gure pantailetan gorazarre merezi duenik, zeren eta Victor Iriarteren Sobre todo de noche estreinatu berri baita Baionan.

Alta, gu hemendik urrun asko den lur batera ari gara so eta pentsamenduetan. Hilaren azken egunetan Espainiako Extremadurako Jarandilla de la Veran zinema mostra eta topaketa bitxi, eder, bete, herrikoi zein magistrala ospatuko da. Inguruetako auzo eta herrietako guztiek jaso dute gonbita. Hain zuzen ere, bertaratuko diren zinema aditu, zinema ikertzaile, zinema egile, zinema proposatzaile, zinema  jale, zinema salbatzaile, zinema lapur, zinema zaharberritzaile guztiak arras interesgarriak izan arren, herria eta herrietakoak bilakatzen dira, egunero, arratsero, jardunaldi eta emanaldi horien lekuko, partaide eta protagonistak. Emanaldiak gautu orduko izaten dira, aire librean, eta zinema hizpide diren solasaldiak arbola baten pean gertatzen dira denen plazererako, denen harridurako.

Badira zazpi bat urte jaialdia antolatzen dutela. Hiru bat pelikulaz aparte, adituen eta zaletuen enkontruak dira. Auskalo noiz hasi ziren Donostiako Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasle hainbat esku hartzen festa Extremadurakoan.

Akaso Tabakaleran egungo eta biharko zinema zertan den ikasten ari diren Kauri Ximon Jauregi Arias, Julio Cesar Gonzales Oviedo, Daniel Angeles Hernandez, Luis Juarez Pineda eta bestek Maria Barearen Antuca pelikula zaharberritzeari ekin ziotenetik.

Izan ere, 1992an Perun filmaturiko dokumentu fikzionatu hau izango da Jarandillako programazio aurtengoko mirari berreskuratua. Izango dira, baina, beste hiru mirakulu zeluloidezko Cacereseko La Verako pantailetan, Teofila eta Elvira Palafoxek 1985ean eginiko hiru film labur.

Inork ba al daki hemen nortzuk diren Maria Barea eta Palafox ahizpak? Inor gutxik, eta horrexegatik da hain mugaz gaindikoa Jarandillako zinema festa. Barea Perukoa da, eta Italian ditu sustraiak. Aitzindaritzat jotzen dute bere herrialdeko emakumeek, bere herrialdeko zinema sortzaileek. 1982an berari eta bere lagun batzuei, zera otu: Perun gertatzen ari ziren bi gertaera elkarrekin jartzea pantaila aurrean, Munduko Miss Unibertso Txapelketa eta… Peruko Nekazari Konfederazioaren Kongresua. Baziren Mariaren lurraldeko hainbat leku, non Barea andreak entzute handia zuen. Hala izanda, lortu zuen finantzaketa nahikoa. Baina, ai, bere kideek (denak gizonezkoak), muntaketaren prozesuan zirela, uxatu zuten ekoizpenetik. Mariak umore zorrotzez esanda, Matxismo-Leninismo hutsa izan zen jukutria hura.

Ez zuen, ordea, amore eman, eta Antuca-ri egin zion. Andeetako herrietatik Lima hiriburura neskame jaisten ziren nesken erretratu mindua da filma. Esperantza puntu batez, agian, argi asko ikusten baita hasita zirela emakume haiek elkartzen beren eskubideen alde. Baita euren buruak ezagueraz janzteko asmotan ere. Kreditu tituluei erreparatuz gero, ohartuko zarete Peruko neskameen elkarteak parte hartu eta sostengua eman ziola filmari.

'Antuca' filma
'Antuca' filmaren irudi bat. BERRIA

Nola ohartuko gara pelikula Donostian zaharberritu dutela? Baietz altxor bat bezala gorde biltegi klimatizatu batean, hezetasun puntu egokituaz ezkutu-ezkutuan babesturik.

Bai eta ez. Ez eta bai. Ideia berriak ari dira biltzen zinemaren errestaurazio lanen inguruan. Gaur egungo zaharberritzaileek ez dute gogoko pelikulak ahanzturatik, hautsetik, oxidotik salbatzea denen begietatik betikotz ezkutatzeko baldin bada.

Egungo joera bestelako bat da; gordeko da, bai horixe, originala. Ganbara edo leize propio sortutakoetan, baina egingo dira lau haizeetara zabaltzeko nahi (ahal) adina kopia ere. Horrexegatik izango da ikusgai Jarandillan Antuca. Horrexegatik duzue eskura Youtuben kopia majo batean.

Berriro galdera bera: inork ba al du gurean Palafox Herranz ahizpen berririk? Jarandillan, ordea, ederki dakite euren graziya zein den: Mexikon kamera lepoan hartu zuten bi emakume indigena (ikoots herrikoak) aitzindariak ditugu. Zinema Taller batean ikasi zuten kamerarekin kontatzen. Urteak pasatu dira. Bazterretan, unibertsitateetako artxiboetan. Ez dio inporta, hemendik gutxira lur emankor batean ikusiko dira beren irudiak. Mexiko-Donostia-La Vera, bai bidaia polita. Antuca.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.