Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

ANTI

2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Patuak nahi izan du gaurko Lauhazka niri tokatzea, eta euskal kulturaren hilabete, asteburu eta egun sakrosantu eta seinalatu hau aprobetxatuko dut armairutik ateratzeko. Hara, to egia azukrerik gabe: ez zaizkit bertsoak (______) gustatzen. Egunaren arabera, asko jota, parentesi horretan «gehiegi» jarriko nuke. Orain, esan nahi duzuena: Satanas! Barrabas! Traidore! Ba bai, hori guztia naiz! Kultureta antikultureta! (Barre maltzurra) Hemen eta orain, bodega eta petakaren legearen kontra altxatzen naiz, eta bertso librearen alde. Egun seinalatu honetan, inolako lotsarik gabe diot ez naizela bertsozalea, eta, zu ere ez bazara, ez dela ezer gertatzen.

Eskolan zortziko txikiarena esplikatu zuten egunean gaixorik nengoen, eta horri egotzi izan diot nire sen edo gustu falta. Nire buruan ez da kabitzen ezpata eta ezpala hitzek ez errimatzerik. Ez dut ulertzen errimaren logika, eta, egia esan, ez zait gehiegi interesatzen. Lehenengo paragrafo probokatzaile horren jarraian, bertsolaritzari pelota pixka bat egingo zion beste bat idaztekotan egon naiz, badaezpada, baina horri ere uko egiten diot. Izan ere, oso sinplea da bertsolariekin gertatzen zaidana, eta ez da inolako krimena. Dantzari gisa ballet-dantzariekin gertatzen zaidanaren parekoa da: miragarria iruditzen zait egiten dutena, benetan zaila eta batzuetan ederra, baina gehienetan ez nau hunkitzen. Garun kaotiko bat eman zidaten gurasoek, eta neurri, teknika eta metodologiek oso gutxitan funtzionatu didate. Halakoen bitartez sortutako gauzak ez zaizkit iristen, edo ni ez naiz haietara iristen, ez dakit.

Hala ere, egiari zor, gaur Nafarroa Arenan ez nagoen arren, erosia nuen sarrera, eta nire bizi-koiuntura une honetan bestelakoa balitz, hantxe nengoke, postureorik lotsagabeena praktikatzen, 13.000 pertsona horietako baten batzuk bezalaxe. Izan ere, eta alda dezadan gaia pixka bat, kulturzaletasunak bezainbeste elikatzen du gure kultur industria FOMO delakoak (ingelesez, Fear Of Missing Out; euskarazko proposamena Gertakariak Galtzeko Beldurra edo GGB; erabilera adibidea: «Ezin dut kuadrillako afarira joan eta GGBak jota nago»), bai eta euskaldun ona izan nahi baduzu gertakari jakin batzuetan EGON BEHAR DELAKO agindu ezkutuko horrek ere. Eta horren aurka ere altxatu nahiko nuke, nahiz eta jakin saltsa horretan bete-betean sartuta nagoela.

Izan ere, hilabete ederra izan dugu abendua, baina nik ezin izan ditut zinismoaren betaurrekoak gainetik kendu. BTNz gain, Durango eta Hertzainak izan ditugu bolo-bolo euskaldun kulturzale jatorrok, eta Qatar eta Black Friday eta Gabonen itzal luzea ere heldu da gugana. Eta gure ekitaldien eta ekitaldi arrotzen arteko hariak ikusi egin daitezke zinismoaren betaurrekoekin.

Durango topagune ederra iruditzen zait beti, bataren eta bestearen berri izateko gune ezinbesteko bat (hemen peloteoaren partea), kontsumismo onargarriaren katedrala izateaz gain, noski (eta hemen egurra). Erradiografia bat ere bada: musikari-enpresariak eta musikari-artisauak elkarren ondoz ondo daude bertan, eta aise ikus daiteke zer den masiboa eta zer hautemanezina. Interesting. Larunbateko parranda durangarrean, Qatarreko partidari adi zebilen jendea tabernetan, liburu eta diskoak txoko batean gordeta.

Eta Hertzainak-i buruz zer esan... Ez dira betiko garai onenak, baina 30 urte geroago 40 euro pagatuz gero itzultzen ote dira? Kasu honetan, GGBaz aparte, beste salgai bat izan da ekimen honetan: nostalgia. Nostalgia pertsonala, hau da, norberak talde horrekin bizi izandako emozio eta oroitzapen multzoa; eta nostalgia kolektiboa, gure musikaren garai onenak igaro direlako errelato ikusezin bezain zabaldua.

Erabat ulergarria iruditzen zait kontzertu horretara joan nahi izatea, eta norbere nostalgia pertsonala nahieran elikatzea. Baina nostalgia kolektiboa konstrukto bat da, eta, kasu honetan, iruditzen zait saltzeko baliatu dela. Ni 94an jaio nintzen, ez nuen Hertzainak ezagutu bere garaian, eta, beraz, ezin dut kasu honetan nostalgia pertsonalik aplikatu. Baina nostalgia kolektiboa zurrupatu dut: nahi gabe ere ikasi ditut rock erradikalaren kantak, ikasi dut hura zela benetan balio zuen jarrera, errebeldea, borrokalaria. Eta bizi izan dut garai musikal haren oinordetza matxiruloa. Beraz, barkatuko didazue ez badiot amu horri kosk egin nahi, eta ez badiet garai horretako taldeei olaturik egin nahi, aurretik aipatutako kontuak zalantzan jarri gabe.

Kultur errelato nostalgiko bat-eta-bakarrari eta kultur ekitaldi masiboetara joan beharrari uko egiten diet. Artikulu honen izenburuak iragarri ditu idazki honen tripak, ezta? Aste honetan zehar, ingurukoekin komentatu ditut hemen aipatutakoak, eta esan didate ez dela horren kritikoa izan behar, euskal kulturak masibotasuna behar duela, bestela jende bat ez litzakeelako gerturatuko gurera eta abar, eta abar. Baina (euskal) kulturak behar du autokritikoa izan eta antikonplazientea izan, eta kontziente izan kapitalaren entretenimendu-jolasean parte hartzen duela (aitzakia moralak aitzakia). Eta norbaitek esan behar du, «maitia, lehen baino lehen aska gaitezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.