Inigo Astiz
Analisia

Anaidia

2024ko azaroaren 5a
15:31
Entzun

Historiak konstelazio sinbolikoak sortzeko joera duela aipatzen du Samara Velte kazetariak Nik sinesten dizut liburuan (Elkar/ Jakin/ BERRIA). 2016ko sanferminetako talde bortxaketa aztertuz, bortxaketaren kultura deiturikoa agerrarazten du idazleak liburuan urratsez urrats, muturrez mutur, eta haren esaldi hori ekarri dit gogora gaurko kointzidentziak. Hamarkadaz hamarkada ezin sendoago eutsi dio musikagintzako gizonen arteko anaidiak, eta bat-batean, egun bakarrean bi arrakala azaldu zaizkio.

Bakoitzak bere kabuz, baina Lendakaris Muertos taldeak gitarra jotzailea kaleratu duela jakinarazi eta ordu gutxira jakinarazi du Aphoteke taldeak ere zein den abeslariaren agurraren motiboa. Sexu erasoak egitea egotzita epaituko dutelako kaleratu dute lehenek euren kidea. Eta bigarrenek azaldu dutenez, «eraso matxista bat» izan da kide ohiaren agurraren «detonatzailea».

Eta esanguratsuak dira titular nagusi horren ondorengo letra txikiak ere. Alde batetik, Lendakaris Muertos punk talde satirikoko kideek «egia judiziala» deitu izan den horrekiko erakusten duten fedeagatik —zehaztu dutenez, gutxienez, «prozesua bukatu eta zer gertatu den argitzen den arte» apartatuko baitute gitarra jotzailea taldetik—, bai eta, beste alde batetik, Apothekek urteetako isiltasun zama seinalatu duelako ere — «uste dugu ez esateak ikusezin egiten duela emakumeek egunero pairatu behar duten errealitate nazkagarri hau»—.

Hilabete pasa joan da Alex Sarduik esan zuenez geroztik euskal musikagintzan emakumeen aurkako diskriminaziorik ez dagoela, eta ehunka eta ehunka emakumezko musikarik aho batez gogorarazi ziotenetik errealitatea erabat bestelakoa zela. Erreakzio horrek barkamen eskari bat plazaratzera behartu zuen Sardui, eta, seguruenik, erantzun horrek ere izan du eraginik gaur kaleratutako bi oharretan, Veltek aipatutako horren, hau da, historiak konstelazioak osatzeko duen joeraren barruan.

Lehenago ere, noski, baziren erasoak, eta haien harira hartutako jarrera da berritasuna. Zerbait aldatu dela iradokitzen dutelako gaur sare sozialen bidez zabaldutako bi komunikatuek. Kointzidentzia. Izan daiteke. Kasualitatea. Baita ere. Baina argi erakusten du isiltasunak diskriminazioa betikotzen duen moduan, arazoa azaleratzeak eta aldaketaren alde presio egiteak mugimendua sortzen duela. Bi arrakala izan baitira gaurkoak, baina anaidiaren sendotasun horri eustea gero eta zailago izango den iragarpena ere izan baitaitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.