Ismael Manterola
Artea. Begiz

Amondarainen 'Gernika'

2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Gernika herriaren bonbardaketaren 75. urteurrena gogorarazteko antolatu diren ekimenen artean, berezia iruditu zait Artiumek aurkeztutakoa. Denbora eta premia izenburua duen erakusketan Picassok pintatu zuen Gernika koadroa sortzeko eman zituen zortzi urratsak aurkezten zaizkigu. Jose Ramon Amondarain pintorea izan da, Dora Maarren argazkietan oinarrituta, zortzi Gernika pintatu dituena benetako neurrian. Ezin zitekeen beste inor izan, artista donostiarraren azken urteetako ibilbidea eta interesak ezagututa. Kopia eta argazkigintzaren eta pinturaren arteko harremana aztertu ditu Amondarainen lanak behin baino gehiagotan; horregatik, Artiumek proiektuaren enkargua Amondaraini egitean asmatu duela uste dut.

Hain zuzen, museo baten lana ez delako bakarrik artelanak gordetzea eta erakustea, txalotu egin behar da Artiumek izan duen ideia. Arte proiektu ezberdinak bultzatzea ere museoaren lana izan behar duelako, artista bati horrelako proposamena egitea eta elkarlana eskaintzea Euskal Herrian ditugun arte museoentzat irakaspena izan daiteke. Zoritxarrez, ez dirudi gure museoek artearen sustapena egitarauen barruan ikusten dutenik, eta gehiegitan biltegiak eta erakuslekuak izatera mugatzen dira.

Proiektuaren emaitza interesgarria da. Dora Maarrek koadroari egindako zortzi argazkiek Gernika-ren bilakaera ikusteko eta koadroa hobeto ulertzeko balio dute, bai egite prozesua, bai ideia bera nola gorpuztu zen ezagutzeko.

Amondarainek koadroaren disekzioa egin duela ematen du. Marrazkiaren edo marraren garrantzia, kolorea ez erabiltzearen erabakia, collage zatiak behin betiko koadroan ez erabiltzearen zalantzak, konposaketaren borobiltzea, amorrua eta espresioaren bideratzea, artistaren presa edo premia izenburuak dioen modura, eta abar. Ezin da ahaztu koadroa enkargua izan zela eta 1937ko Parisko erakusketa unibertsalean Espainiako Pabiloian jartzeko pentsatuta zegoela, eta, beraz, epe jakin batzuetan bukatu behar zela. Bestalde, larrialdiko garaiak ziren, 36ko gerran faxistek egin zituzten sarraskiak munduari erakusteko premia zeukaten enkargua egin zutenak eta artistak berak ere.

Horregatik, Amondarainen kopiekin ondo ulertzen ditugu sormen tentsio horiek guztiak. Hala ere, Picassok denboraren presiopean hartu zituen erabakiek ez zuten eragotzi Gernika arte historiako koadrorik ezagunenetako bat izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.