Behin, kontzertu bat jo eta gero, ezagun bat etorri zitzaidan bere hausnarketak oparitzera: «Asko gustatu zait, eta harritu nau. Zugandik nuen irudia hain gatzgabea eta isila izanik, harritu nau agertokian ikusi dudan jarrera ausartak, eta baita musikak ere; oso berezia da. Zorionak». Nik, nire irribarre zabalena eskainiz, blokeatuta begiratzen nion, buruan «gatzgabea, gatzgabea…» oihartzuna entzuten nuen bitartean. «Eskerrik asko». Barre ere egingo nion, azken batean, garrantzitsuena atsegina izatea delako, edukazio onekoa, deserosotasunik sortzen ez duen neska sotil bat.
Eraisketa-bola jarrera horrek zekarren mezuak gauza asko pentsarazten dizkit. Alde batera utziko dut noizbait aipatu dudan iritziak emateko kontrol falta hori; baita nire izaerari buruzko edozein defentsa ere —ziur aski, momentuan aldamenekoei erregutuko nielako deklarazio horien kontra argudiatzeko—, eta beraz, artearen eremura joango naiz, duintasunez, eta arituko naiz hitz horien atzean zegoen aldez aurretiko ideiari buruz: eszenatokiak pertsona bitan banatzen duelako ideiaz.
Nire kasuan behintzat, musika ez da antzerkia. Agertokia ez da fikzioa. Edo, agian, fikzioa ez da errealitatetik bereizten. Sentipen hau hobeto adierazteko, Felliniri buruzko dokumental bat aipatuko dut, non ideia hau modu berezian azaltzen zen. «Ez dago ametsa baino gauza adierazgarriagorik». Esaldi hau zioen, eta nik modu literalean ulertzen badut, eta artera estrapolatu, musikara, esan dezaket ez dagoela eszenatokian publikoaren eta musikariaren artean bizitzen den hori baino errealitate adierazgarriagorik. Horrek ez ditu beste momentuak adierazgarritasun horretatik urruntzen. Horrelako istant gehiago ere badaude. Esan nahi dena da kontzertu bat errealitatea sentitzeko egiaz beteriko gertaera bat dela. Kontzertu bat, abesti bat, lagunartean gau oso bat zure herriko tabernan dantzatzea… musikari bakarrik dagokionez.
Era berean, kontzertu bat ematen duen hori, eszenatoki gainekoa, ez da pertsonaia bat. «Ametsean bisitari bat zara, ez dakizu zer gertatuko den» dio Fellinik. «Baina azken finean, ametsa zu zara».
Haren pelikuletan pentsatzen dut hori entzutean, eta munduaren, jendearen inguruan irakurketa samur hori etortzen zait gogora, non gatzgabeak eta lotsagabeak, denak bat garen.