Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Amets gozoak

2024ko urriaren 20a
05:10
Entzun

Sam Cookeren ahotsak badu denboraren joana tarte batez gelditzeko halako gaitasun berezi bat. Denbora geldiari denbora ematekoa, nahiago baduzue. Dela balada ezti batez, nola rhythm and blues kutsuko erritmo biziagoaz, goxoagoa da giroa Cooke kantuan ari denean.

60ko hamarkadako beste zenbait musikarirekin ere gertatzen da hori: entzun zenezake Etta James, Roy Orbison, Aretha Franklin edo Brian Wilson bera, eta transmititzen dutena antzekoa da. Kapitalismoaren urrezko aroaren kontu bat izango da, hogeita hamar loriatsuen melodia. Jada oren gorenak bizitzetik urrun dagoen Detroiten maitasunak ere beste tankera bat zuen orduan: «In my arms why don´t you stay/ need ya, need ya/ Baby Love, ooh Baby Love», zioten The Supremesek 64an, «I've got sunshine on a cloudy day with my girl/ I've even got the month of May with my girl», erantzun The Temptationsek 65ean.

My Girl hura The Temptations taldearen fase berri baten hasiera izan zen, David Ruffin izan zuena ahots nagusi. Ruffin taldetik kaleratzen amaitu zuten, ordea, protagonismo handiegia nahi izan omen baitzuen eta gatazkatsua zen, kokaina kontsumoa tarteko. Etxean ere bazuen arazorik: haren hainbat maitalek tratu txarrak jaso izana salatu zuten. 1989an hil zen Ruffin, Diane Showers bikotekide zuela; Showers 14 urteko zale bat zen elkar ezagutu zutenean. Aretha Franklin 12 urterekin izan zen ama lehen aldiz, eta lehen senarrak jo egiten zuen. Etta Jamesek heroina eta beste estupefaziente batzuen kontsumoarekin arazoak izan zituen bere bizitza osoan zehar. Brian Wilsonek tratu txarrak jasan zituen ume zela, eta osasun mental gorabeheratsua izan du beti.

Ulergarria da melodia itsaskor horiek behin eta berriz erreproduzitzeko tentazioa. Northern Soul garaietan egin antzera, irribarre katalogo distiratsuan arakatu eta harribitxi ezkutu artean gordetzekoa. Ahots leun bezain indartsu haien parekorik ez baitago. David Lynchek Roy Orbisonekin egin zuena egokiagoa iruditzen zait, ordea: Blue Velvet filmean In Dreams zoragarria kantatzen du gizon batek, Dennis Hopper buru duen freak eta gaizkile kuadrilla so duela. «In dreams, you're mine all the time/ We're together in dreams, in dreams».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.