Onartu behar dut ez dudala etorkizuna asmatzeko gaitasun handirik. Azken artikuluan erakusketa aretoen gaia aipatu eta astebetera, Gasteizko Amarika aretoaren itxiera iragarri dute. Gauza bera gertatu zitzaidan Altxerri galeriari buruz idatzi nuenean.
Bilboko Rekalde aretoa berrituta zabaldu duten ia momentu berean, Gasteizko Amarikaren itxieraren berri jakin dugu. Berez, erakusketa aretoen zabalera edo itxiera ez litzateke asaldatzeko modukoa izan behar, bertan egiten den lanari edo egitarauari begiratu behako baikenioke. Hala ere, beti da kezkatzeko modukoa arte erakusketak antolatzeko espazioak galtzea, nahiz eta bertan mugimendu handirik ez egon. Sarritan erakundeen esku egoten da zer hiltzen uzten duten eta zer hauspotzen duten. Horregatik Amarika aretoaren itxiera ez da uste gabeko zerbait izan.
90eko hamarkadan zabaldu zenean, eta gerora ere, aretoak lan izugarria egin zuen hirian arte garaikidearen normalizazioaren alde, nahiz eta ez izan arte garaikideari bakarrik eskainitako aretoa. Nik uste dut garai bateko artista eta zale belaunaldi batentzat erreferentziazko tokia izan zela, eskaini zituen aukerengatik. Baina gorabehera handiko aretoa izan da, eta koxka nabarmenena Artiumen zabaltzearekin izan zuen, garai hartan ere itxiera iragarri zelako. Orduan hasi ziren bertako artistak Amarikaren babesa antolatzeko taldea osatzen. Protesta haiek direla medio, gaur egunera arte iritsi da, nahiz eta azken urteetan zabalik zegoenik ere seguru ez jakin.
Amarika aretoaren itxierak kultur politikaren noraeza adierazten duela iruditzen zait. Ez dakit noraino dagoen aurreikusita edo planifikatuta arte plastikoen inguruko politika. Garai bateko plangintza orokorraren arabera museo handi eta zentroen arteko oreka proposatu zen. Guggenheim museoaren proiektuak hankaz gora jarri zuen plangintza hura. Ordutik etengabeko inprobisazioan gaudela ematen du. Zentroak zabaltzen dira lurralde bateko eskaerari eta eskalari erantzun gabe, museoak nonahi eraikitzeko proiektuak iragartzen dira, museo batzuen zabaltze lan garestiegiak egiten dira, erakusketa aretoak berritu edo ixten dira, badirudi lurralde bakoitzak bere kasa konpondu nahi dituela antzematen dituen zuloak, gehiegi arduratu gabe zein diren beharrak eta, batez ere, bertako arte sareari begiratu gabe.