‘Hoy no estrenamos’
Testua: L´Om Imprebis. Zuzendaritza: Michel Lopez, Santiago Sanchez. Antzezleak: Carles Castillo, Carles Montoliu, Santiago Sanchez, Víctor Lucas. Eszenografia: Dino Ibañez. Argiak: Rafael Mojas. Jantziak: Gabriela Salaverri. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Azaroak 22.
Auzoan antzerki eskola ireki dute. Klaseko lehenbiziko eguna dela ikusiko dugu hasierako eszenan. Hor dago zuzendaria, eta hor azaltzen dira banan-banan ikasleak bata bestearen atzean. Erritmo biziaz oholtzaratzen dira aktoreak ikasle horiek irudikatzen. Ezin da beste abiadura lasaiago batean izan, lau antzezleren artean pertsonaia guztiak gauzatzen baitituzte, eta nola gauzatu gainera: gelditu gabe eta zalutasun egokiaz.
Argumentuak ez du misterio handirik, protagonista bakoitzak azalduko du zergatik eman duen izena ikastaroan. Horren ondoren, eszena ezberdinetan ohiko teatro-ariketen lekukoak izango gara ikusleok: orain espazioa okupatu, orain gorputza berotu, orain deklamatu...harik eta Hamlet-enlaburpenaantzezten diguten arte.
Pertsonaien nortasunean dago umorearen abiapuntua, elkarrizketen barregarritasuna. Militar frankista, auzoko tabernako ahizpa bikiak, gazte neurodibergente bat, Sofia emakume gozoegia, aita-semeek osatzen duten bikote bitxia, toreatzaile bat... 16 pertsonaia bete arte. Tipikoak? Topikoak? Bai, baina neurrian onargarriak.
Antzezleak, txandal beltzez jantzita, nahikoa dute diadema loredun batekin, kapela batekin edota esku-trapu batekin protagonista ezberdinei bizitza emateko. Janzkerako detaile txikiek zein antzezpen-estilo mudantzak ohartarazten digute pertsonaien aldaketez. Eta horra hor aktore valentziar hauen maisutasuna: ahots zein gorpuzkeraren kontrola. Ikuskizunak txikia dirudi, baina ofizioaren erakusgarri handia dela argi daukagu.
Ikuskizuna biluzik hasten da, besaulki-patioan aretoko argiak piztuta daude. Aulki batzuk baino ez daude oholtzan. Antzezlanak ez dauka dekoratuen sostengua entseguetan larrugorritasuna adierazteko. Azken zatian, aitzitik, argiztapenak kolorez eta itzalez janzten du Hamiltonen antzezpena.
L´Om Imprebis konpainiak 1983tik dihardu lanean. Lehenbiziko obra Dario Foren Anarkista baten ezusteko heriotza tituluarekin ondu zuten. Izan ere, hastapenetan testu-antzezlanetatik abiatu ziren, baina urte batzuk geroago estatu mailan hartu zuten ospe ona inprobisazio-teknikak ekarri zien. Bistan da, dena den, orduko bat-batekotasun hark ez daukala tokirik gaurko Hoy noestrenamos [Gaur ez dugu estreinatuko] lanean. Makineriako hortzak estu ahokatzen dituzte Inprebis taldekoek, gidoitik batere atera gabe.
Jakinduria teatralez egiten dute lan ikaragarria aktuazio mailan. Ostegunekoaren txaloaldi bero-beroaren ondoren gogoratu ziguten orain dela 30 urte Valentziatik atera zirela biran estreinako aldian, eta lehenbiziko geldiunea Donostiako Antzoki Zaharrean egin zutela. Eta pena! atzokoan publiko gutxi egotea.