Andoni Imaz
Lauhazka

Albert Serraren bakardadea

2025eko martxoaren 23a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hasieran, soinu bat: arnasots ozen bat da, sakona baina ez erabat lasaia, sarkorra baina ez asaldatzeko modukoa. Zezen baten arnasa da, gauez larrean etzanda dagoen zezen batena, begiak zabalik, aurrera begira, kamerari begira, bizitzara lotzen duen arnasa horren beraren kadentziak etortzear den tragediaren susmoa hauspotuko balu bezala. Hortxe dago animalia gurtua, potentziaren sinboloa, indarrarena, sexu grinarena: zain.

Bukaeran, esaldi bat: kredituen amaiera-amaieran, lege gordailuaren azpian, letra gorriz idatzia pantaila beltzaren gainean: «Film honetako irudiek zezenketen ekitaldi publikoa besterik ez dute islatzen». Ezin esan, horrelako ohar askotan bezala, ez denik animaliarik zauritu, jakina, baina nolabait adierazi behar filmak berak ez duela zauririk eragin. Bistako kontua da gaur egungo kulturaren eta sentsibilitatearen kontrako gauza bat dela erakustea animalia batzuk nola zauritzen eta hiltzen dituzten behin eta berriz.

Tartean, gerra bat: ez gizakiaren eta piztiaren artekoa, ezpada gizon baten eta bere buruaren artekoa, edo, urrutixeago joanda, zinemagilearen eta filmaren artekoa. Albert Serraren Tardes de soledad ez da tauromakiari buruzko film bat; zezenketen estetikaren sublimatze bat da, erritu baten erretratu estilizatua.

«Serrak badu munduari eta zinemari begiratzeko modu bat, eta beti pizten dit interesa —baita bere pertsonaia ustez polemista horrek ere—, baina bere filmetan gero eta astunagoa zait kontzeptualizazio formalista kontrolatuaren zama»

Lehendabiziko zezena eta Andres Roca Rey toreroa aurkezten dituzten bi planoak nahikoa dira konturatzeko hori ez dela gizaki baten eta zezen baten arteko borroka primitibo bat, baizik eta eguna joan eta eguna etorri batak bestea —eta ez bestea bakarrik: bestea halako sei— hiltzeko prestatutako mekanismo bat. Hala ere, katigatu nau lehenengo korridak, toreroaren dantzak, orroak eta arrebatoak, baina, batez ere, ondo sastakatutako zezena ezpataz akabatzen duenean haren begiradari eusten dion planoak: hondoan zer dagoen ikusten uzten ez duten begi beirakaren misterioak. Ez zaio egunero begiratzen heriotzari, are gutxiago bizitzatik aparte bezala dauden lekuetan jaiotzen eta hiltzen garenetik.

Zezen asko ageri dira filmean, kontatzen ere ez dakit, baina toreroa da inportantea: Roca Rey, tipo hermetiko bat, bere baitara bildua, filmari ez baitio ardura zein den, ezta zer pentsatzen duen ere; eguneroko beldur bati aurre egiteko konpromisoak betetzen du dena. Hura inguratzen duten pertsona guztiak ere gizonak dira, eta, handikeria erridikuluetan ez dabiltzanean, nagusiaren arrautzez eta potroez besterik ez dute hitz egiten, bibaka. Eszena gogoangarri batean, toreroak bere barrabilei eusten die, hain zuzen, praken alde batean kokatzeko, bere ezpata-mutilak —seguru ez dela atera Serraren aurreko filmen batetik?— traje distiratsua janzten dionean, transformismo moduko batean. Gerrarako prestatzen ari da: esperientzia maskulinorik behinenerako.

Erritua eta espektakulua, bi dimentsio dituzte zezenketek. Plazan, toreroa sinboloa ere bada, piztia zigortzeko, umiliatzeko eta sakrifikatzeko ardura duena, ikusleen kontenplaziorako. Filmari erritu hori interesatzen zaio berez, eta eremuz kanpora baztertzen du ikuskizuna. Baina ez erabat: elkarrizketetan aipatzen dira ganadutegien izenak, toreroaren kezkarik handiena da bere faenak ahoa itxiko ote dien ikusleei, eta une batean ageri da distirarik batere gabeko trajedunen bat ere, ahoa erdi tapatuta hizketan. Toreroa eta zezenak irudiz eta soinuz bakartuta ere, nabarmenak dira ikuskizunaren atzaparrak.

Baliteke filmari, bere dispositiboarekin itsututa, antzerako zerbait gertatzea. Materiala pilatu eta pilatu aritu da Serra —teknikaren egoera erakusten du filmak, horretan ez dago zalantzarik—, gero hautatzeko eta muntatzeko. Baina muntatzea bera ere beste pilaketa bat da: irudirik baliotsuenen segida bat, gutxieneko narratiba batek lotuta. Diskurtsotik eta eztabaida sozialetik aparte ibiltzeko tema horretan, transzendentzia lortzeko misio desesperatuan, irudi berriak proposatzen ditu, baina ez haien arteko harreman apurtzailerik. Erritua modu ikusgarri batean erregistratzeak eta muntatzeak ikuskizuna azaleratzen du, azkenerako.

Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra jasotzean, Serrak «autore zinema arriskatua» goraipatu zuen. Zinema komertziala etekina lortzeko asmoz egiten dena baldin bada, txanponaren beste aldea izango da autore zinema, zuzendariaren estilo pertsonalak gidatutako adierazpide autonomoa. Baina, batez ere, txanpona da: truke-balio hutsa. Serrak badu munduari eta zinemari begiratzeko modu bat, eta beti pizten dit interesa —baita bere pertsonaia ustez polemista horrek ere—, baina bere filmetan gero eta astunagoa zait kontzeptualizazio formalista kontrolatuaren zama. Pentsatu nahi dut sinboloen atzean badagoela zerbait oraindik, ezkutuko munduei erreparatzeko ez dela behar hainbeste argi.

Albert Serra zinemagilea. MARTA PEREZ / EFE
Albert Serra zinemagilea. MARTA PEREZ / EFE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.