Zinema estreinaldiak

Ahizpen laguntza apur batekin

Bakarrik bizi diren eta haurtzaroaren eta heldutasunaren artean dabiltzan 7 eta 16 urte bitarteko hiru ahizparen istorioa da 'Paradiset brinner'. Mika Gustafson zinemagile suediarraren fikziozko lehen film luzea da.

Mika Gustafson zuzendariaren 'Paradiset brinner' filmeko irudi bat.
Mika Gustafson zuzendariaren 'Paradiset brinner' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko ekainaren 5a
05:10
Entzun

Laura, Mira eta Steffi ahizpak dira. 16, 12 eta 7 urte dituzte, eta bakarrik bizi dira beren ama etxetik joan zenetik. Bizimodu nahiko kaotikoa daramate, eta, hala ere, eroso daude kaos horretan; moldatzen dira. Laurak, ahizpa nagusienak, amaren edo helduaren rola izango du, etxeko zereginen ardurak bere gain hartuko ditu, Mirak eta Steffik haur izaten jarraitzen duten bitartean. Baina Laura ez dago eroso ahizpa arduratsuaren paperean; azken finean, nerabe bat da, nerabe urduri eta apur bat oldarkorra, eta, ahizpengatik edozer egiteko prest dagoen arren, nerabe izan nahi luke.

Hiru nesken egoera konplikatzen hasiko da gizarte zerbitzuetako langile batek amarekin biltzeko eskatuko dienean. Laura bilera atzeratzen saiatuko da, baina hiru ahizpen bizimoduak susmoak piztu ditu, eta bururatuko zaie ama ordezkatuko duen norbait topatzea dela aukera bakarra. Nahaste horren guztiaren erdian ezagutuko du Laurak Hannah, 30 urte inguruko emakume bat.  

Paradiset brinner Mika Gustafson zinemagile suediarraren fikziozko lehen film luzea da. 2017an Mephobia izeneko film laburra zuzendu zuen, auzoko kaleetan orduak igarotzen zituzten 6-8 urteko haurrei buruzkoa. Urte berean estreinatu zuen bere lehen luzea ere, Silvana - Väck mig när ni vaknat, Silvana Imam abeslari feministari buruzko dokumentala. Paradiset brinner filmarekin hainbat sari jaso ditu Veneziako eta Londreseko jaialdietan, baita Suediako akademiaren Guldbagge sariketan ere.

Fillmaren jatorria Gustafsonek ikusita zituen coming-of-age istorioetan dago. Gai hori –haurtzarotik heldutasunerako saltoarena– film ugaritan zuen ikusia zinemagileak, eta, zenbait kasutan, Stand by Me (Rob Reiner, 1986) filmean esaterako, garai horren erretratu zoragarriak ziren, haren irudiko. Hala ere, Gustafsoni iruditzen zitzaion mutiko izatetik gizon izateko pausu hori erakusten zutela gehienetan, eta emakumezkoen bertsioa sortzea erabaki zuen horregatik.

Zinemagile suediarrak neska nerabeen esperientzia erretratatzen du bere azken filmean: oraindik ere haurrak diren neskak dira, zenbait alderditan behar baina lehenago heldu direnak, baina, era batera edo bestera, helduen mundutik ihes egin nahi dutenak. Gustafsonek egoeraren seriotasunaren eta nesken eguneroko bizitzaren eromenaren arteko oreka mantentzen du, bizirik irauteko egin behar dituztenek ere dibertigarri baitirudite. Eta haur-nerabe-heldu nahasmenaren erdigunean ahizpatasuna jartzen du Paradiset brinnerek. Eztabaidaz eta haserrealdiz beteriko ahizpatasuna, baina helduleku ere badena.

'Paradiset brinner' (Paradise is Burning)

Beste estreinaldi batzuk:

Lise Akoka, Romane Gueret zuzendarien Les pires filmeko irudi bat
Lise Akoka eta Romane Gueret zuzendarien Les Pires filmeko irudi bat.

'LES PIRES'

Frantziako iparraldean, Boulogne-Sur-Meren, filmaketa bat hasiko da Picasso auzoan. Hautaproban, lau nerabe –Lily, Ryan, Maylis eta Jessy– aukeratuko dituzte filmean parte hartzeko. Auzoan, denak harrituko dira: zergatik aukeratu dituzte «okerrenak»?

'València, t'estime'

Valentziako hiriaren LGTBI historia kontatzen duen dokumentala, 70eko hamarkadatik 2000ko hamarkadaren hasierara bitarte. Leherketa soziala, askatasun nahia eta sexu esplorazioa izango dira iraultzaren gakoak.

'Food for Profit'

Giulia Innocenzik eta Pablo D'Ambrosik nekazariei, enpresei eta politikariei aurre egiteko bidaia bat hasiko dute Europa osoan zehar. Beren ikertzaile taldea Europako hainbat herrialdetako etxaldeetan infiltratuko da, esnekien eta haragiaren ustezko bikaintasunaren atzean ezkutatzen den egia argitara ateratzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.