mikel lizarralde
DENA ETA EZTENA

Ahaztu ezin ditugunak

2015eko urriaren 4a
00:00
Entzun
Bizitza interesgarrienak liburuetatik kanpo ezagutu ditzakegun moduan, bizitza horietako askok beren liburua merezi dute. Horregatik dira hain inportanteak Elena Lopez Agirrek Neskatxa maite. 25 mujeres que la música vasca no debería olvidar (Neskatxa maite. Euskal musikak ahantzi behar ez lituzkeen 25 emakume) liburuan bildutako istorioak. Ez genituelako ezagutzen. Izen ospetsuetatik ihesi—ez dira azaltzen Lourdes Iriondo, Anari, Aurora Beltran, Aiora Renteria—, Euskal Herrian egindako musikaren bazterretan gelditu ziren/diren emakumeei eman dielako hitza, ikuspegi irekia mantenduz betiere. Ez bakarrik musikariei, baita inguruan aritu direnei ere: programatzaileak, irrati esatariak, diskoetxe arduradunak...

Forma aldetik nahiko laua izan arren —Lopez Agirrek protagonista guztiak elkarrizketatu dituen arren, haiek izan dute testuari buruzko azken hitza, eta, galderak desagertuta, biografia kutsua hartu dute—, edukian du mamia Neskatxa maite-k. Batetik, gehienek nahiko garbi adierazten dutelako hutsaren hurrengo izan direla gizonezkoen mundu batean; bestetik, haietako askok inguratzen zituen giroaren kontra egin behar izan zutelako —deigarria da oso Arantxa Gurmendi ye-ye-a nola gelditu zen Ez Dok Amairutik kanpo—. Eta azkenik, haietako batzuen bizitza abenturazko nobela baten moduan irakur daitekeelako. Adibide bat. Begoña Larrañaga zestoar bilbotartuak teklatua jo zuen AEBek Turkian zituzten base militarretan, Tanzania, Persia eta Keniako luxuzko hoteletan lan egin zuen, Francoren heriotzak Libanon harrapatu zuen, Benidormen turistentzat aritu zen, eta 63 urterekin bakarkako lehenengo diskoa grabatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.