Kritika. Artea

Agerikoegi

Veronica Domingo-Alonso artistaren erakusketa, Gasteizko Montehermoson. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Veronica Domingo-Alonso artistaren erakusketa, Gasteizko Montehermoson. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko otsailaren 4a
04:00
Entzun

'Metralla zauriak'

Aurreko astean lagun batzuekin aritu nintzen komentatzen Montehermosoko ur depositu zaharraren aretoa zeinen ederra eta izugarria den. Izaera propioa duen espazioa da, hura egituratu eta indartzen duten hamaika zutabe eta arkuek ikaragarrizko presentzia hartzen baitute bertan, espazioa bera eratzerainokoa. Eta espazio gisa erakargarria den arren, bertan erakusketen instalazioak egitea zein zaila den ere komentatzen aritu ginen. Hain zuzen ere, zutabe eta arkuek duten presentzia ikaragarriaren ondorioz, bertan aurkezten diren artelanak ito edo galtzeko arriskua handia izaten baita.

Orain, 2024ko proiektu artistikoen beka deialdian saria jaso zuten artistetako bat da bertan erakusketa duena: Veronica Domingo-Alonso, Metralla zauriak proposamenarekin.

Montehermosoko ur depositura inoiz inguratu den edonork badaki bertaratzeko ibilbide berezia egin behar dela behin jauregiko barne patio itxia gurutzatuta, ezker-eskuin, eskuin-ezker, sigi-sagaka lur mailatik lur azpira doan balkoidun arrapala jaitsiz. Maldan behera zoazela, barandatik bestalde, beherantz begiratzea ohiko keinua da, ur depositura eramaten duen sarrera begiztatzeko asmoz; eta sorpresaz, hor ikusi dut proposamenaren atarikoa: hormatik irteten diren hainbat masta daude sarrerako atearen bi aldeetan; ezkerrekoak argiturik, eskuinekoak ilunpetan. Eta masta bakoitzetik bandera bana zintzilik. Zuri-beltzezkoak dira, argazkien estanpak dirudite eta iraganari erreferentzia egin diezaioketela pentsatu dut. Baina zeren aldarri dira? Arrapalan zenbat eta beherago jaitsi, orduan eta zehaztasun gehiago antzematen dira: zuhaitz adarrak eta belarrak; paisaiak, lekuak eta espazioak dira; batzuk bederen. Azkenean, behera iritsi naizenean, bertatik, gorantz begiratuta identifikatu ditut azken xehetasunak, oihalen tolesdurek ahalbidetu didaten neurrian: haur bat besoetan eta burdin hesiak. Gertakizunen lekuko isilak dira. Gertakizunen lekuko isilen gorazarreak dira.

Erakusketako piezarik azpimarragarrienetarikoa da instalazioa; bisitariak tonuan jartzen dituena, sarbideko erakusketaren titulua irakurri aurretik ere.

Hura gurutzatu eta ezkerreko atetik barneratzen da azkenean bisitaria ur depositura. Isiltasunean dago aretoa eta atmosfera nahiko iluna gailentzen da, eta zuzendutako argi fokuen bidez nabarmentzen da erakusketa eratzen duten proiektuetako bakoitza. Honela, argi-ilunen erabilera eta tamaina handiko instalazio multzoak proposatuz, artistak hain espazio konplexuari etekina ateratzea lortu du, bertako lanak erakusketa espazioaren handitasunean galdurik geratu gabe. Are gehiago, espazioa erakusketari drama gehitzeko apropos erabili dela esan liteke.

Gerra ondorengo giro triste eta etsitua iradokitzen da, eta bertako instalazioetako irudiek ere horretara daramate bisitaria. Izan ere, Domingo-Alonsok, hainbat gainazal eta teknika artistiko erabiliaz, kasurik gehienetan, Gerra Zibilaren testigu izandako leku eta giza protagonisten eta hauen aztarnen irudikapenak bildu ditu.

Baina lekuko eta aztarnen irudikapenak argiegiak dira askotan, zuzenegiak. Informazio gehiegi transmititzen du artistak lanetan, eta horren adibide garbiena agian, beira arasetako batean dauden izaera turistikoko eskuorriak izan daitezke. Espazioan proiektatzen diren bi ikus-entzunezkoekin ere antzekoa gertatzen da. Iradokitzaileena, sartu eta ezkerretara topatzen dena da, Bombs whistle izenekoa. Bertan, actionpainting-aren estetika bereganatuz, odol zipriztinak irudikatzen ditu artistak; geruzak gainjarriz, bonben ondorio diren heriotzak islatuz. Aretoko isiltasunak, intentsitatea areagotzen dio proiekzioari; bonba hotsak eta gerra hotsak ezagunak zaizkigulako, eta hauek gure barne isiltasunean bortitzagoak entzuten direlako.

Baina aretoa uztearekin batera, zarata hasi da: hala nolako bonba hotsen soinua. Orduan ikusi dut, aretoko isiltasun samingarria ikus-entzunezkoekin izandako arazo tekniko baten ondorio izan dela. Berriz ere, atzera egin dut ikus-entzunezkoetara, baina soinuak dramatikotasuna kendu die irudiei. Eszenak, beste behin ere, agerikoegi bilakatu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.