Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Adimen artifizialaren haurtzaroko traumak

2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Hollywoodeko gidoilariak greban daude. Estudio handien aurrean ikusiko zenituzten akaso, ilara txukunetan, kartelak eta eslogan dibertigarriak eskuetan. Grebara bultzatu dituen aldarrikapen zerrenda luzea da, baina gatazkaren oinarrian, hauxe: streaming-aren iraultzak ekarri duen paradigma aldaketa, zeinak, beste gauza askoren artean, gidoilarien lan-baldintzen kaskartzea ekarri duen.

Horrela azaltzen dute estudio eta streaming plataformetako exekutiboek egoera. Gidoilariei esaten diete negozio modu berria oraindik ez dela errentagarria, eta horregatik doazela behera euren soldatak. Aldi berean, akzionisten aurrean kontuak azaldu behar dituztenean, konpainia erraldoi hauek etengabe saltzen dute negozioaren bikaintasuna, denak —akzionista denak, esan nahi baita— aberasteko makineria perfektu eta infinitua dela ziurtatuz.

Non ari dira gezurretan, eta non egia esaten? Harrigarria bada ere, dena da egia, ñabardurekin baina. Egia da gaur egungo streaming modeloa ez dela errentagarria. Gerra betean daude orain plataforma gehienak, ea nork lortuko hegemonia eta harekin, azkenik, errentagarritasuna. Baina izan, ez dira. Bat bera ere ez. Nola izango dira, ba. Hamar euro pagatuta hilean, familia oso batek ikus-entzunezko hornidura osoa izan dezake etxetik atera gabe, egunero lau kapitulu eta asteburuetan bost pelikula ikus ditzakete, eta zerbait berria izango dute, gainera, plataformara sartzen diren bakoitzean. Garai batean hainbat distribuzio modutan banatzen zena lagun-talde edo familia osorako zinemarako sarrerak aurrena, DVD alokairua gero, publizitateak finantzatutako telebista azkenik orain 10 euroren truke lor dezakegu, listo. Nola ez dizkiete bat soldatak jaitsiko Amazon Studioseko gidoilariei?

Baina, aldi berean, estudio horietako gorbatadunek inoizko mozkinik handienak banatzen dituzte euren artean. Grebalarien karteletako batek argi zioen: «Zuen yateetako bati uko egitearekin nahikoa litzateke». Eta egia da, mozkinak inoiz baino okerrago banatzen ari dira. Zergatik? Zer esango dizuet, ba, lagun zahar baten erruz. Kapitalismoa du izena, eta estraktibista abizena.

Harrapakaria da berez kapitalismoa, ez da gelditzen dena xurgatu duen arte, eta edozer gauza egingo du bere yate guztiei eusteko, inguruan gehienak itotzen ari badira ere.

Beste pankarta bereziki barregarri batek dio: «Zure Adimen Artifizialak ez du haurtzaroko traumarik». Izan ere, grebalarien aldarrikapenen artean ere Adimen Artifizialaren mehatxua agertu da. Makinek ez digute gerra deklaratu, baina orain irudiak, bideoak, nobelak eta gidoiak ekoizteko kapazak omen dira. Eta arazoa ez da hemendik aurrera gidoilariak lanik gabe geratuko direla, makinak daudelako lanean jo ta fuego, baizik eta euren lana erabat debaluatu dela makinen esku-hartzearekin: geroz eta ohikoagoa da gidoilariei eskatzea AA generatibo batek sortutako gidoia orraztea, txukuntzea, ukitu original eta uniko hori ematea. Zein da arazoa? Askoz okerrago ordaintzen dela lan hori, doitze lan hutsa kontsideratzen baita. Lan gogorra makinak egin du, ezta? Pertsonaiak, gertaerak, garapena eta amaiera. Zureak detaileak baino ez dira izan. Tori kakahuete bat.

Honek ez du soilik injustizia ekonomiko bat eragiten, ez da bakarrik gidoilariaren plusbaliaren xurgatze krudelari hamaikagarren buelta. Giza sorkuntzaren izpirituaren kontrako eraso zuzena ere bada. Izan ere, zer da istorio bat? Makina adimentsu baten ikuspuntutik, eta baita pasatu den mendeko estrukturalista batzuenetatik, egitura hutsa. Hamaika aldiz erabilitako aldamioa.

Adibidez, mutilak neska ezagutzen du (eta hortik atera daitezke Romeo eta Julieta edo Lolita). Adibidez, gizon arrunt batek misio baterako deialdia jasotzen du eta hasieran uko egiten badio ere, azkenean mundu berri bateko abenturan sartuko da (eta hortik atera daitezke Jesu Kristoren istorioa, edo Harry Potterrena edo Matrix-eko Neorena). Adibidez, gehiegizko anbizio edo harrokeriak itsututa, desastrera doa zuzenean gure protagonista (eta hortik atera daitezke Prometeoaren mitoa edo Jurassic Park). Makina adimentsuak badaki hau, eta gizakiok sortutako milioika istorio irakurri eta gero, uste du badakiela istorio bat egiten, emulazio hutsez. Hori hala balitz, interesgarria litzateke, agian, AAren istorio horietakoren bat irakurtzea. Baina kontua da giza ukitua behar dutela oraindik istorio horiek, eta giza ukitu horietan dago, hain zuzen ere, 2023. urtean istorio berriak sortzen jarraitzearen arrazoia. Eta, bai, hamaika aldiz kontatu da heroiaren bidaia, etxera bueltatzea, maitasun ezinezkoa, bidaia zirkularrak, erorketaren osteko altxatzeak eta arrakastaren osteko porrotak. Baina kontatzen dugun bakoitzean, gure subjektibitate partikular errepikaezinetik, gure haurtzaroko trauma espezifikoetatik, zerbait unikoa egiten dugu.

Nola ulertarazi hau kapitalismoari? Ezinezkoa da, ez dago horretarako programatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.