Ismael Manterola
Begiz

Absentziak

2024ko apirilaren 30a
05:10
Entzun

Harritu egin nau hauteskunde kanpainako kartelen antzekotasunak. Garai batean kolore edo irudien bitartez egiten zen bereizketa berdintasunak ordezkatu du: zein da kartelean azaltzen den gizona, Pradales edo Otxandiano? Biak aurrez aurre, biak amerikana urdina eta alkandora zuria, biak irribarre fortzatuarekin, bat berde argiz, bestea ilunago. Bereizketarik ez irudian eta tonuan. Kasualitatea edo bilatutakoa? Tokitan geratu dira ezker abertzaleko kanpaina koloretsu eta irudi alaitsuz betetakoak. Marrazkilariak eta ilustratzaileak lana zuten, behintzat. Orain dena berdindu da, ezkerrak eta eskuinak itxura bera dute, politikoki zuzena eta gatz gabea. Agian horregatik berdindu dira eserlekuetan eta ia botoetan. Artea eta irudipena bigarren mailara baztertzea izan daiteke ordaindu beharreko zerga boterera iristeko.

Hain zuzen, hauteskunde kanpainan ez da arteari buruz hitz egin. Arteak ez du interesa pizten, zertarako hitz egin ustez bigarren mailakoa den gai bati buruz? Esango nuke ez dela kulturari buruz orokorrean hitz egin hauteskunde kanpainan. Zein da alderdi nagusien programa kulturari dagokionez? Niri ez zait oso garbi geratu, agian inork ez duelako argi hitz egin (Voxekoek izan ezik). Badirudi estandar batera iritsi garela, eta, gobernatzen duenak gobernatzen duela, ez dela askorik aldatuko. Arte azpiegitura handiek betiko moduan jarraituko dute, eta artetik bizitzea beti bezain zaila izango da. Erakusketa aretoak izango ditugu baina bertako kantera pixkanaka desagertzen joango da.

Okerrena da gizartearen zati handi batek ere ez duela artea beharrezkoa ikusten. Aspaldi pasatu ziren pandemia garaian egindako kulturaren aldeko emozioz betetako adierazpenak. Etxean sartuta geundenean ezinbestekotzat jo genuena orain ez dugu ikusten, ezta muturren aurrean daukagunean ere. Egoeraren aurrean betiko galdera datorkigu burura: arteak ez du interesik ez delako sustatzen edo ez da sustatzen gizarteari ez zaiolako interesatzen? ETBren dilema bera.

Espero dut hurrengo gobernuak hauteskunde kanpainan hitz egin ez diren gaiei heltzea: artea (kultura orokorrean), hezkuntza, unibertsitatea... Badirudi botoak ez dituztela erakartzen, baina kultur politika ezinbestean egin beharreko zerbait da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.