Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. IRITZIA

Abiadura, baina kontrolpean

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun

Abiadura. Horixe izan zen Durangoko finalaurrekoaren berezitasun deigarrietako bat, deigarriena ez esatearren. Abiadura, baina ez kontrolik gabekoa. Azkar eta ondo, usoek hegan, eta gure bertsolariek kantuan. Irungo saioaren oihartzuna erabat apaldu gabe pasatu dugu azken astea, puntuen eta sailkapenaren amaraunean kateaturik, eta ikusmina gutxitan ez bezalakoa zen lehen itzuliko azken saioaren atarian. Bertsolariek eman zuten eurenetik, eta behin baino gehiagotan jo zuen saioak goia. Puntuazioak, bere aldetik, ez zuen joan den astean bezalako harrabotsik sorrarazi, ezta gutxiago ere.

Ikusi gehiago:Mugitzen da oraindik

Bere agerpen bakarra finalean egingo duen Maialen Lujanbioren faltan, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi izan dira txapelketako trenera igotzen azkeneko bertsolariak. Biek ala biek koxka bat gorago aritu izanaren sentsazioa transmititu zuten Durangon, euren aldean besteek luzitzeko ahalegin berezi bat egin beharko balute bezala. Bereziki aipagarria izan zen Mendiluzeren lana. Egungo txapeldunordeak nahieran kudeatu zuen egoera, baina ez soilik urte luzeetan pilaturiko eskarmentuak ustez ematen dion talaiatik. Hondarrera jaitsi eta bertsotan egin zuen, bertsoaldi bakoitza aprobetxatuz bere arrastoa uzteko. Une oro bertsokideak esango zuenari adi, entzun-erantzun joko arriskutsu bezain ikusgarrian, albokoari bidea erraztuz, kantu kidea ere luzitu ezean bertsoaldia gorenera nekez hel daitekeela jakitun... Ganbarakoa izan zen bere ariketa apalena, baina ordurako negar dezente eginak ginen, eta ez zen erraza. Gainerakoan, bertso saio ia perfektua. Gaztelumendik puntukakoan eta seiko motzean erakutsi zuen bere mailarik onena, eta goia jo ez zuen ariketetan bere dohain nagusia jarri zuen lanean: erregulartasuna. Arratsaldeko une gorenetako bat izan zen Julio Sotorekin batera puntukakoan osatu zuen parodia sasi-errealista, sailkapenaren zain dauden bi bertsolariren larrutik.

Soto, aspaldi ez bezala, solte sumatu genuen oholtzan, txapelketako halako mailako saio batean baino plaza arruntean kantuan ariko balitz bezala, eta transmititu zuen askatasun sentsazio horrek asko lagundu zion zenbait ariketatan goia jotzen. Arratsaldeko sorpresa atseginenetako bat izan zen, inolako zalantzarik gabe, eta finalerako lehian bizi-bizirik dagoen bertsolaria da gaur-gaurkoz. Aitor Bizkarrak oso gaizki ohitu gaituela aitortu beharra dago. Diskurtso propio oso berezia duen bertsolaria da, sarritan entzun izan ditugun bertso amaiera eta egitura arruntetatik ihes egin, eta une oro bertsoari tolestura ezberdinak bilatzen saiatzen den bertsolaria. Ofiziotan ondo bai baina dirdira apur baten faltan sumatu genuen Durangon zenbait unetan, baina bere eguna zen atzokoa, eta ganbarakoan ez zuen hutsik egin. Nerabezaroko bikote harreman bat sinesgarritasun harrigarriz ekarri zuen bertsotara, errima bihurriak lagun harturik, bertsozaleengan negarra eragiteraino kasik.

Saioa Alkaizak puntu batzuk gutxiago jaso zituen, baina bigarren itzulian kantatuko du, ondo merezita. Edozein gairen aurrean entzulearen mintza ukitzen duten kokapenak hautatzen abila da: polimaitasunaren esperientzia bizitzen ari den bikotearen porrotari kantaturiko hiru bertsoak, horren erakusgarri. Negarra zen ganbarako lanean abiapuntu, eta negarra aipatzen hasita, Eñaut Martikorenaren ganbarako lana ere aintzat hartu behar, agian bere arratsaldeko ariketa aipagarriena. Ohi bezala pentsatzeko apenas segundo batzuetako tarte laburra harturik, amonaren galerak eragindako negarra haragitu zuen. Barru-barrutik ateratako bertsoak, berak ere lanak izan zituen hunkipenari muga jarri eta ahots hariari eusten. Aurretik pilotak gozatu ezinda aritu zen hernaniarra, ematen saiatu bai, baina tantoa egitera ailegatu ezinda. Bukaerako agurrean aitorpen zintzoa egin zuen, eta Baionan kantatzeko txartelarekin joan zen etxera. Barruan zer duen erakusteko beste aukera bat, azken finean.

Bigarren itzuliaren atarian, bertsolari batzuek finalerako txartela bideratu xamarrik daukaten bitartean, beste mordoxka bat dago hor, ez bat, ez bi, ez hiru, bigarren lerro batean-edo, Iruñean kantatzeko aukera serioekin. Bihotz ahul xamarra duzuen bertsozaleok, adi ibili, mendi errusiar batera igotzearen parekoa izango baita Amurrion, Baionan eta Bilbon biziko dugun emozio uholdea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.