Ion Celestino.
LAUHAZKA

948

2023ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Gaur hamar Mardi Gras. New Orleans hiriko (Ameriketako Estatu Batuak) besta ezagunenak San Ferminizazioa jasan zuen, San Fermin bestek jasan aurretik, ziur aski. Baina munduko ikonoaren ertzean herri adierazpideek bere buruari eusteko modua topatu dute urtez urte; bai hemen eta bai han.

Nitxo lerro batzuk dira hauek, antza, baina erabiltzen ditudan gaiak dira, bata bestearen atzetik: ultralokala eta autoerreferentziala. Itsusia eta zikina. Jabegoaren logika ezbaian. Lapurtua eta lapurgarria. Beti berri eta tradizioari loturik. Komunitate eraikitzailea eta auzokoa. Trikitixari laudorio egitera natorrela usteko du baten batek, baina hori hurrengo baterako.

Mardi Gras Indians. Izen hori ematen zaio New Orleans hiriko ihaute garaiko usadio ederrenari; astearte gizenez hasi eta super sunday egunez, hau da, San Jose egunez akitzen denari. Euren itxurari begiratuta, natibo amerikar gisa maskaturik kalean dantzatu eta kantatu egiten duten langile klaseko afrikar amerikar taldeak direla esan behar. Baina askoz haratago doa. XIX. mendearen hondarrean, usadioa mamitu zenetik, Mardi Gras Indian maskatuak kulturaren eramale dira: segizioak eta «borrokak» euren tokia aurkitzeko tresna. Are gehiago: jende topaketa hauek identitate kolektiboa sintetizatzen dute, eta gaur egungo garaietan ere komunitatea egituratzeko balio dute.

Ahoz ahoko memoriak ekarri duenaren arabera, Mardi Gras Indians-en jatorrian afroamerikarren emantzipazioan Louisianako jatorrizko biztanleek emandako laguntzari eta sustenguari esker ona eta oroimena ematea dago. Esklabotzatik ihesean ari ziren beltzak gorde, eta bizikide hartu zituzten. Hortaz, haien omenez, ihaute garaian «indiarrez» maskaratu eta tributan antolatzen dira.

Ihauteetako Krewe tradizioz, zurien karroza eta parade-n edo segizio ordenatu eta begiratzekoen aldean, auzo beltzetako indiarren tribuen segizioek ez dute aurretik jakinarazitako ibilbiderik. Tribuak alde batetik bestera mugitzen dira. Lehenik, espioiak doaz bidean aurrera eta atzera, eta ondoren Banderariak. Azkenik, Basatia eta Big Chief-a, perkusio jotzaileekin batera. Beste tribu batekin topo egitean borroka gertatzen da: jantzi dotoreena eta kantu eta dantza ikusgarriena nork egingo.

Kantu hauek galde-erantzunaren gainean eraikitzen dira, eta lelo ezagun batzuk dituzte, bertako hizkuntza zaharren oihartzuna izan nahi dutenak. Urte luzetan kantu hauek ez ziren aditzen ahal besta egun horietatik kanpo. XX. mendeko bigarren hamarkadatik aurrera, ordea, jazz musikaren bidez lehenik eta rhythm and bluesaren eta soul musikaren bitartez gero, kantu askok busti zituen hainbat. Gutxi batzuk aipatzearren: Louis Dumaine's Jazzola Eight taldearen To-Wa-Bac-A-wa; Danny Barker artistaren Indian red, James Sugar Boy Crawforden Jock a Mo;60ko hamarkadan, Proffessor Longhairen Big Chief eta ia ausaz grabatua izan zen Dixie Cups hirukotearen Iko Iko ezaguna.

70eko hamarkadan, ordea, gertatu zen bulkada itzela, tribu batek bere kantuak grabatzeko modua topatu zuelako lehen aldiz. Ez antropologiaren edo etnomusikologiaren ikuspegitik, alta, dantzarako grabazioak dira. Wild Magnolias tribua, eta euren Big Chief Bo Dollis izan ziren horretan aitzindari. Gerora ikusita, ageriko formula, baina garai ustekabekoan: hirian pil-pilean zegoen funk musikak bazuen zerikusia eta zer emana indiansen kantuak diskoan beztitzeko.

Azkenaldian antzeko bidea izan du 79rs Gang taldeak. Big Chiefen gidaritzapean, bi tribu desberdinen —7thWard eta 9th Ward, hain zuzen— kantuetatik hasi, eta pop garaikidera bitarte, zubi interesgarria eraiki zuten Expect The Unexpected diskoan.

Nabarmentzekoa da indar honek guztiak hiriko beste musika adierazpideetan duen eragina. Brass Bandaren garapenean begi bistakoa da. Batetik, hala grabaketetan nola kaleko emanaldietan ohikoa bihurtu zen 90eko hamarkadaren hondarretik aitzin, bonboaz eta atabalaz gain, pandero, zintzarri, esku zarta eta botilen erabilera kolektiboa; espontaneo samarra. Naturalki, perkusio jotzaileak tribuetako jendea izaten dira. Horrek, emeki, taldeen lengoaia erritmikoa garatu du, atabalaren tom-tom beat esaten diogun patroiari zentraltasuna emanez, eta, batez ere, hirukotxoa edo New Orleans klabea barruraino txertatuz. Bi elementu horiek, lehenik, Indians perkusioaren baitan topatzen dira, eta Brass Banden bizkarrezur izatera heldu dira ondoren. Bestetik, errepertorioan bertan ere nabari da garapena: talde chant-ak ohiko bilakatu dira; lehen, soilik instrumentala zen tokian second line-aren parte hartzea indartzen zuten. Eta, jakina, egiten diren kantuetan ere sartu da; Rebirth Brass Band taldearen Let's go get'em edo TBC Brass Banden Fiya Wata dira horren adibide. Estilo garaikidearen lehen adibidetzat dugun Tuba Fats riff-ak berak, The Meters taldearen Two Way Poc A Way du sorburu.

Aurreko alean aipatu bezalaxe, bounce estiloa ere ez da azaltzen ahal indiansik gabe. Abeslariak eta entzuleak bat egiteko moduan, call-and-response logika bete-betean agertzen da bertan; auzokoari keinu egitea eta taldearen mamitzea dantzaren bitartez. Flagboy Giz-en We Outside da horren adibide.

Grabatutako musikak ez du kaleko ihaute espresioa apaldu; areago, batak bestea berrelikatzen jarraitu du. Hala da eta halabiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.