Hilaren 17an, urtero zinema definizio balizko oro aldrebesten, ezabatzen, berreraikitzen (edo berrezabatzen) dituen Ikuspuntu jaialdia denak emanda izango delarik, Iruñeko Txantrea auzo txit agurgarrian jaiotako Arantza Santestebanen 918 gau ezinbesteko hori estreinatuko da Baluarten, Portugaleko Doc Lisboa zinemaldian sari nagusia eta Pontevedrako Novos Cinemas-eko Latexos izenekoa jaso ondoren.
Victor Erizeren eta Patricio Guzmanen ikasle ohiak, Irati Gorostidirekin batera Euritan lana egindako autoreak garaikur horiek eskuratu bezain pronto, ohiko lerroburuak irakurri/entzun ziren betiko hedabideetan: «Kartzelan izandako Batasuneko agintari bat omentzen dute nazioarteko zinemaldietan».
Lerroburu horien azpian zetozen elkarrizketetan, ardura politikoa (eta horrekin batera hain maiz datorren zigorra) izan dutenei usu luzatzen zaien galdera mota egin izan zioten Arantzari; bere militantziaz, bere ideologiaz, bere dena delakoaz.
Horrexegatik, martxoak 17 egun dituela, 8.000 bazkide dituen Madrilgo El Salto egitasmo kazetaritzakoan 918 gau-ri eskainitako artikuluan agertzen diren hainbat gogoeten hariari tiraka, Chantal Akerman eta Elisabeth Perceval gustuko, kasik kide eta inspirazio dituen zinemagileari, Santesteban-Perezi, egingo diogu bestelako galdeketa.
Galdetu nahiko genioke beste askok galdetu ez dioten guztia. Bera pantailan ozen, eskuko grabagailu bat eskuan duela, berba etenez beteriko pasarteetan entzuten den furrundaz. Burrunba horren (atezuan jartzen zaituena, nondik ote arriskua?) soinua diseinatzen, sortzen, muntatzen espezialista on bat, bi, hiru izan direla frogatzen baitu: Alazne Ameztoi, Xanti Salvador, Unai Mimenza.
Galdetu beharko genioke euskal zinemak izan duen sexu eszenarik beroenaz, lesbikoenaz, askeenaz. Eszena horrek, desiraz gain, zera erakusten baitu: muntaketa gelan izan dela beste ofizio handiko bat. Kasu honetan, Marina Sole Altimira, Carlos Marques-Marceten El dies que vindran hartan esku (ederra) hartu zuena.
Eta, bero, sexuaz ari garela, galdetuko diogu beste inork baino hobekien larrutan egin zion brasildar hartaz. Eta burua galdu zuen Rashaz eta...
Galdetuko diogu hartu behar izan zituen zinema erabakiez. Esaterako... Artxibo partikular horretako argazkiei bota zien begiradaz. Ez begiekin, kamerarekin baizik. Ez baitzuen plano orokorrera jotzen, estu-estuetara baizik. Detaileak harrapatu ahal izateko. Galdetuko diogu ere ea noiz ohartu zen argazki horiek nolabait iraganean mantentzen zutela preso. Noiz erabaki zuen zinemagileak bertan uztea eta gauez ibiltzeari ekitea. Bertan uztea eta industrial techno musikaz gainezka den diskoteka batean gogoz eta ez preseski pasibo murgiltzea.
Suertatuko dira gero isiluneak. Eta, ondoren, Berlinen grabaturiko etxe bideo horretaz, non denok sumatzen dugun, bai, zeinen astuna izan behar duen besteek dizuten miresmenak, zu munduan zure kokapen berriaren bila zabiltzala.
Galdetuko diogu, jakina, irudi tratamenduaz. Eta berak, seguru, aipatuko digu ez bakarrik maiz askoz muturrerago jotzen duen Nicolas Klotz, baita filmaren pasarte askotan kamera lepoan harturik izan duen Maddi Barber argazki zuzendaria ere. Zinema egunero eraiki eta gauero birrindu egiten dutenen kuadrillakoa dugu Urpean lurra eta 592 metroz goiti lanen egile hau, eta CineEuropa aldizkarian idatzi izan duten moduan, Arantzaren filmean ez du inoiz argiaren kontrolik galtzen. Are gehiago, Europako Zinema Akademiaren esanetan eta Maddiren lanari dagokiola, bitan geratzen da ikuslea begiak bete harridura: bata sexu eszenan, non, bi angelu bakarretatik hartuta, argi naturala darabilen; bestea, diskotekan, non argi urri batez, halako amets askatzaile batean sartzen gaituen, gaituzten.
Horrenbeste gauza galdetu nahi/behar genizkioke Arantzari hilak 17 dituela Iruñean (ahal bada Txantrean). Filma aurrera atera duen Txintxua ekoiztetxeaz, kasu. Eta ekoizle moduan jardun duen Dardara dokumentalaren egileaz, Marina Lameiroz, hots.
Zinema (ustez) genekien guztia egunero baieztatu eta gauero ezeztatu egiten digun Ikuspuntun komentatuko diogu Arantzari ez dela izan batere konpainia txarrean pelikula sortzeko prozesuan. Izan ere, kreditu tituluetan, eskerrak emateko espazioan, beste hamaikaren artean, Koldo Almandoz, Ikuspuntu aurtengoa irekiko duen Ione Atenea, Donostiako Zinemaldiaren, Tabakalerako, Golem aretoetako dozenaka lagun, Ventajas de viajar en tren-eko Aitor Merino... aipatzen ditu.
Eta bai, jakina, galdetuko diogu nola izan ahal den inor kreatura politikoa, nola kokatzen dituen (berak edo beste inork) bere burua, gorputza, arima munduan 918 gau horiek eta gero. Desenkantuaz galdetuko. Eta zebraz. Eta astoez. Eta 4 Cantonsek gehi Verde Pratok sortutako musikaz. Galdetuko bai, zinema definitzea ba ote den.
EPPUR SI MUOVE
918 gauren ostean egin beharreko galderak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu