Iñaki Murua.
IRITZIA

3 Dimentsio / Irudimentsua

2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Lehenengo aldiz Artxanberri Sarian topo egin nuen berarekin, Zaldibian, gaijartzaile lanetan ni eta kantuan bera. Jon Iñaki Izarzelaia, Danel Goikolea, Felix Iñurrategi, Arantzazu Loidi eta ilara luzea. Gaiak jarri beharrak eragozten du entzute arretatsu erabatekoa baina, bereziki gogoratzen naiz, bazkalondoan buruz egiten aritu ginen matematikako asmakizunekin eta eragiteketekin. Hura gogoa eta ganora jartzen zutena gazte haiek, gauzak jakiteko eta taldean ongi pasatzeko. Han ez zegoen lehiarik ororen gainean, festa eta lagun giroa baizik!

Enigmak zer ziren ere, han jabetu nintzen, eta bereziki zirrararazi ninduen itsasontzia hondoratu eta bizirik geratu ziren lau bidaiarien egoerak. Tartean ziren itsu bat eta bere bikotea. Kontua da noizbait portura iristea lortu zutela, bidean itsuaren bikotea zendu zelarik, eta, lehorrera iritsi orduko, itsuak, zeuzkan arropa onenak jantzi, hurbileneko jatetxe eder batera joan, kaioa eskatu jateko eta, ahoan sartu bezain laister, bota haragia platerera eta amildegi baten ertzetik salto eginez, bere buruaz beste egin zuela. Zer dela eta? Horra enigma. Eta, jarritako baldintzetan, inork ez zuen asmatu. Baina asmatu zuten orduak entretenigarriz betetzen; talde giroa eta lagun artekoa lehiaren gainetik jartzen!

Hurrena, 1993ko Txapelketa Nagusian, Eibarren, elkarrekin suertatu ginen taldean, eta gogoan dut zer nolako inbidia pasa nuen Aitorren bertsoak entzunez eta haren mezuak hausnartuz. Aritz Lopategi zuen bertsotarako bikotea eta honakoa gaia: «Galtza modernoak erosi zenituen atzo beren zulo eta guzti eta gaur hor ikusten duzu amona zure galtzak konpontzen».

Aritzek oso ondo ekin zion, moderno joan nahi zuela eta ez emateko hainbeste puntada jostorratzaz, zulo hori asko kosta zitzaiola eta... ! Aitorrek hauxe erantzun zion:

Zuloa konpontzerik
besterik ez dut nahi…
Gaurko gazteak dira
edozertako gai
Laster bukatuko dut
egon zaitez lasai;
Zu ez zara lotsatzen
baina amona bai

«Zulotxo hauek dira neskak tentatzeko, ta bero naizenean haizea sartzeko...», erantzuna Aritzek. Bikain bera ere. Eta hona Aitorrek ordaina:

Horren gaztea zara
ematen dit izu
Neskekin kontuz izan
hor nere abisu
Zuloa arriskutsu da
zuk ondo dakizu
Txoritxoak zulotik
alde egingo dizu

Zenbat gozatu nuen saio honekin eta ondorengo beste batzuekin. Eta ahaztu ezinezkoa izan zen, beste saio eta plaza batean,Joxe Lizasorekin kantuan ari zela, Joxek, betiko moduan, Aitorrek bertsoa bukatu orduko (edo lehentxeago batzutan...) ekin ohi zion hurrengo bertsoa kantatzeari, eta Aitorrek zapla bota zion, gutxitan jotzen ziotela hainbeste txalo eta uzteko bere txaloak entzuten behintzat! Eta Joxek, eskaria onartu, txaloak amaitu arte itxaron, eta gero ekin zion kantuari. Ederra adibidea plazan egiten jakitearena; eta belaunaldi ezberdinen arteko harreman bikainari buruzko lezio aparta!!!

Hirugarren dimentsioa, bere familian beti erakutsi didan tratu irekia, goxoa, maila berekoa guztiekiko... Zenbat denbora pasatzen genuen hizketan hasi eta bukatu ezinik. Bera gaixorik, nekatuta, eta, hala ere, eten gabeko jardunean denok. Horixe izan da, bada, Aitorren leziorik handiena niretzat; ezinean ere zenbat ematen zigun eta zeinen gutxi eskatzen. Oinazeak, aldarte iluneko aroak, sentimendu korapilatuak... dena gainditzen zuen guri zeukan onena emateagatik. Gaitzari aurre egiteko modu duin eta positiboena beregan ezagutu dut eta berak erakutsitako jarrerari eusten saiatzen naiz. Umoretik eta pozetik bizitzen bizi behar duguna eta maite gaituztenekin esker oneko izanez.

Milesker maixu, eredu izan dudan eta dudan bizitzako lezioa praktikarekin irakasteagatik. Ez nian heuri hitzez aitortu, baina hi jakinaren gainean hengoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.