Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

2024ko ('zaharrunorik') onenak

2025eko otsailaren 2a
04:05
Entzun

Urteko onenaren zerrendak, meritokrazia, poliziaren ontasuna eta nazioa bezala, fikzio bat dira: itxiera-fikzio bat, nahi baduzue, gizakiok, antza, zikloak itxi eta irekitzen ditugula sinetsi behar dugulako, aldian behin. Fikzio bat dira, orobat, hautatzaileak, hautaketa egin ahal izateko, guztia (epealdian ekoiztu diren liburu, film, telesail, antzezlan, disko, kontzertu guztiak) irakurri, ikusi edo entzun duela ematen duelako aditzera, nahiz eta hori ezinezkoa izan, bistan denez. Eta fikzio bat dira kasu batzuetan produktu kultural baten eragina ez delako, preseski, argitaratzen den urtean bertan nabarmen egiten, baizik eta hurrengo urtean, eta are geroago ere: The Clashen London Calling 1979ko disko bat dela esan dezakegu ziurtasun historiko absolutuaz, urte horretako abenduaren erdialdean iritsi zelako dendetara, baina egiazki, bere eraginari begira, zehatzagoak izango ginateke 1980koa dela esanda, urte hartan egin zuelako eztanda; era berean liburu batzuk, Durangoko Azokarako azken unean arrapaladan inprimatuak, ez dira benetan irakurtzen hasiak izaten hurrengo urtera arte. Edo pentsa dezagun Nick Drake gaixoaren hiru albumetan: haietan ageri diren argitarapen urteak 1969, 1971 eta 1974 izan daitezke, ados, baina benetan egon zitezkeen urte zehatz horietako onenen artean, haien zinezko eragina hamarkada batzuk geroago nabaritzen hasi bazen, birdeskubritu zirelarik? Beraz, umiltasunez eta zuhur baino ezin zaio ekin mota horretako ariketa betiere behin-behinekoari: kasu honetan, eta Elefanteen Zimiterioaren sail honen izpirituari fidel, garai bateko musikarien ekarpen berrien multzo mugatu eta maneiagarriagoa kontuan hartuta soilik. Aurreko 2023ko urtean, esaterako, hiru hauek aukeratuko nituzkeen: The Church australiarren The Hypnogogue (Communicating Vessels), Everything But The Girl bikotearen Fuse (Virgin) eta Peter Gabrielen i/o (Real World). Joan berri den urterako, hauexek.

(ID_17379836110305) \'Rooting for Love\', Laetitia Sadier
Laetitia Sadier-en 'Rooting for Love' diskoaren azala.

LAETITIA SADIER

'Rooting for Love'

  Duophonic Records, 2024.

2019an albiste on bat jaso genuen Stereolab-en zaleok: taldeak atzera elkartu eta kontzertuak eskaintzen hasi behar zuen. Baina, ai, nostalgiaren alor zehatz-zurrunean kokatu ziren emanaldi horiek: taldeak ez zuen material berririk grabatzeko ahaleginik egin. Agian ez zelako behar: taldearen bi motor sortzaileek, Tim Ganek eta Laetitia Sadierrek, musika berria egiten jarraitu zuten taldea 2009an lehenengoz desegin zutenetik, Ganek Cavern of Anti-Matter trinko samarrekin, eta Sadierrek bakarka (bien banaketaren ostean hasi zen beheraka Stereolab: ideia txarra izaten segitzen du, oro har, zure musika-taldeko baten bikotekide izateak, bi idazlek elkarrekin ezkontzea bezainbeste). Eta, aurreiritzi sexistak zer diren, zenbait diskoren ondoren argi geratu zaidana da bietatik pieza nagusia ez zela, nik susmatu bezala, Gane (McCarthy talde otxentero-gitarreroan egin zena ezagun), baizik eta Sadier, askoz ere disko sendoagoak argitaratu dituena, Stereolaben soinuaren oinordeko zuzen. Album honetako musika, oro har, geldoa, gogoetatsua eta arinki errepikakorra da: miniaturazko mantra sonikoak eraikitzen ditu, eta senez nahasten du organikoa eta elektronikoa. Guztiaren gainetik, edonola ere, Sadierren ahots iradokitzailea, frantsesez zein ingelesez abestuz. Erretrofuturismoak, zentzu progresista batean, presente jarraitzen du pieza hauetan, giza kulturen arteko konbergentzia aldarrikatuz (Who+What?), biolentzia matxista salatuz (Don’t Forget You’re Mine), maitasuna modu ez ohikoan loriatuz (Panser l’inacceptable, Une autre attente) edo ekintza iraultzailearen aldeko deiak eginez (Cloud 6). Labazko lanparez eta hi-fi aparatu modularrez hornitutako paradisu sozialista batean dastatzeko moduko musika magikoa.

(ID_17379835505415) \'66\' Paul Weller
Paul Weller- en '66' diskoaren azala.

PAUL WELLER

'66'

 Polydor, 2024.

Tentatuta egon naiz disko honen ordez Wellerren jatorrizko The Jam-en dizipulu diren Tatxers taldearen Ezpatei disdira! albuma ipintzeko, asko gustatu baitzait. Baina azkenean gaixtoegi jokatzea izango litzatekeela iruditu zait, onartu behar delako, eraginak eragin, Iruñekoek eboluzionatzen jakin dutela azken elepe horrekin, eta, zer esanik ez, urrun daudela benetan zaharrunoak izatetik, gaurko Zimiterioak eskatzen duen bezala (66 horrek Wellerren adinari egiten dio erreferentzia, noski), eta hasierako asmora itzuli naiz. Nahiz eta, aitor dut, diskoaren lehenengo kanta ahulek ez zuten ezer onik iragartzen. Baina hirugarrenetik aurrera, soulez kutsatutako Jumble Queen espantsibotik, gauzak bere onera itzuli, eta Wellerrek erakusten du duintasunaren oso gainetik dauden kantak entregatzeko gai dela oraindik ere: The Style Council-en garai onenak oroitarazten dituen Nothing, atzera gogoetatsu begiratzen duen My Best Friend’s Coat, Rise Up Singing orobat soulzalea,
I Woke Up balada orkestral mamitsua, 1990eko loriazko britpop aroa bueltan dakarren Soul Wandering gitarreroa… Are luxuzko edizioko CD osagarrian, betelanerako gorde ohi dena, Now Is Here bezalako psikodelia lasaiko bitxiak daude, edo Gotta Get On, itxiera rockero sendoa. Weller, bere hastapenetatik, aurreko ondare musikalaz elikatu da, goseti, eta horrek, azkenean, buru asko dituen ildo propio bat garatzera eraman du, edonork ezagutzeko modukoa, konpas gutxi batzuk entzunda ere. Niri grazia egiten didate arteetan guretik sortu behar dugula aldarrikatzen duten ahots horiek, gauza berriak planteatu behar direla, imitazioa baztertu behar dela etab. Bada, Weller, pausoz pauso, kopiak eginez iritsi da estilo propio bat garatzera. Eta nolako estiloa, aizue.

(ID_17379836700835) \'Songs of a Lost World\'. The Cure.
The Cure taldearen 'Songs of a Lost World' diskoaren azala.

tHE CURE

'Songs of a Lost World'

 Fiction, 2024. 

Susmagarria: disko hau, The Curek 2008tik atera duen lehena, biziki gogoko izan dut lehen entzunalditik… taldearen aurreko hiruzpalauekin gertatu ez bezala. Azal dezadan: Robert Smithen taldea, niretzat, oheburuko horietako bat izan da institutu garaian Seventeen Seconds nire eskuetara iritsi zenetik (1980). Ordutik jarraitu dut, oso fan, taldearen karrera gorakor guztia, Wish diskora arte (1992). Ondoren, David Ricardo ekonomialariak ondo azalduko zukeen bezala, etekin beherakorrak izango ziren nagusi: disko gero eta barreiatuago horiek eskuratzen nituen (fideltasuna zer den), baina ez ninduten erabat konbentzitzen. Ordea, urteen poderioz, album horietara itzuli (Wild Mood Swings, Bloodflowers, The Cure eta 4:13 Dream), eta sorpresa hartzen nuen: ia aurreko albumak bezain klasikoak bihurtuta zirauten nire memorian. Honekin berdintsu gertatuko zitzaidala espero nuen, horregatik harritu nau hasiera-hasieratik, Alone-ren sarrera luzetik bertatik, hainbeste gustatu izanak. Etxean sentitu naiz hortik eta amaierako Endsongederrera daraman bide laburregian zehar: etxe ospel, kalamastra eta, jakina, sorgindu batean; Herio solte dabil hemen, ildo depresiboko The Cureren beste album klasikoetan bezala, baina honetan haren oihartzunak egiatiagoak dira, amaieraren hurbila benetan sentitzen hasi den luma batetik atera baitira oraingoan (kritikoek 1989ko Disintegration ekarri dute hizpidera, baina 1981eko Faith izan dut nik buruan bueltaka). Edonola, horixe da susmagarria iruditzen zaidana: diskoa benetan da hain ona, ala guztia da adinaren, albumen arteko itxaronaldi luze(egi)aren eta nostalgiaren nahasketaren ondorio? Behin betiko erantzuna, agian hemendik eta urte (eta entzunaldi) batzuetara: mundu honetan edo bestean emango dizuet.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.