Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

1 eta 0 ez da 7

2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Infobesitatea. Horretan murgildu garela ematen du, informazio eta estimulu artifizialez erasoturik, garuna moteldu zaigun sentsazio gazi-gozo batean nahasirik bageunde bezala. Irudiek ez digute gehiago erakusten edo irakasten, beraien burua besterik ez dute erakusten. Berdin da zer kontatzen duen irudiak, ikusia izan behar du; zarrastak eraman arte.

Erreprodukzioaren garaitik (inprimategiaren aroa) difusioaren garaira pasatu gara (pantailaren aroa). Irakurle fina ez da gehiago kritikoa, ez da filosofoa, historialaria, soziologoa edo zientifikoa. Ez. Irakurle fina algoritmo bat da. Zenbakiek finkatzen eta baieztatzen dute guztiaren balioa, eta hari horretatik kalitatearen markoa definitzen da. Mundua 1 eta 0 artean kokatu da. Ez da beste dimentsio posiblerik. 1 eta 0 serie baten menpe.

Reality show erraldoi baten antzera, ikuspunturik gabeko begirada lau haizeetara zabaldu da. Autofikzioa, autoestimua, autokontrola... Dena dakigula uste dugu, algoritmoen menpean goazenean, gehienetan. Bakanak ginela uste genuen, baina 1 eta 0 artean kokatu gara, besoak zabalik eta begiak dirdiratsu. Irudimenik gabeko irudiak hedatzen ditugu sare sozialetan, norbait izateko esperantza antzuak bultzaturik. Errealitatea baino errealago bilakatu dira gure irri faltsuak, pose artifizialak eta milioi bat bider argazkitan zabaldutako paisaia zoragarriak bisitatu eta ezagutzearen ustean bizi gara.

Horretan datza zoom kultura: erdigunea ni naiz. Perspektibaren eta infinituaren nozioak galdu egin ditugu. Eta kontsentsurako gaitasuna abandonatu dugu selfie-aren mesederako. Ni holakoa naiz, nik horrela pentsatzen dut; eta nire argumentuek pisua galtzen badute, zoom bat egiten dut nire egoa zentro zentroan birkokatzeko, besteen perspektiba eta posible infinituak ukatuz. Kooperazioa ezinezkoa bilakatu arte. Artista sentitzen gara arterik sortu gabe; zeren, artea sortzeko, kooperazioa ezinbestekoa baita.

Victor Hugok, Miserableak nobelan, honela zioen: «Horrek hori ekarriko du». Aro berri batean preso gaude, eta ez dakigu nola atera hortik. Ez dakit hau dena noiz hasi zen lerratzen. Hasieran menturaz. Zenbaitzuek autoaren metafora erabiltzen dute gaur egungo egoera irudikatzeko: auto batean goaz, bidetik atera gara, eta kontrola galtzen ari gara. Baina zientzialari askok zehazten dute auto horrek azeleragailua topean duela, gero eta bizkorrago doala, frenoak puskatuta, amildegian behera, gauez eta argirik gabe. Eta edozer gauza lehertu daiteke gure gizartearen autoaren aurka: idorte erraldoiak, suteak, lurrikarak, euriteak, pandemiak...

Nola demontre iritsi gara honaino? Gara diot, zeren ez du ezertarako balio norberak bere ardura bizkar gainetik kentzeak. Noski, erabakiguneetan tematu egiten dira, eta paretaren kontra jo edo amildegiaren ertzean egon arren, gasolina gehitzen zaio autoari, oraindik bizkorrago joan dadin. Kontsumorako laguntzak, mundu mailako ekonomiaren sustatzea, abiadura handitzen duen tresneriaren suspertzea (5Ga, AHTa, autogintza, plataforma digitalak, online komertzioa...). Ematen du amesgaizto batean garela... Gidariek erabaki gero eta arraroagoak hartzen dituzte, eta eskuko frenoa ez du inork tiratu nahi. Besteak egin beza. Alta, esku frenoa begien bistan dugu denok. Baina gero eta bizkorrago goaz, eta, beldur garenez azken putzak izateaz, gure autoa besteekin bat eramaten dugu, suzko amildegira bada ere.

Artearen mundua ez da bereizten bere egin moldeetan. Erraz esaten dugu: «Mundua aldatu behar da! Orain!». Ados. Baina nork aldatu behar du? Nork hartuko du ardura, zama, eta ondorioz batzuetan hartzen den mina, desilusioa, nekea... Elkarrekin has gaitezen, ez? Eraiki ditzagun behar ditugun tresnak eta baliabideak, mundua eraldatzeko. Eta aske bizitzeko, gure mundua birpentsatu dezagun. Askatu behar dugunak guhaur ere bagara, ez? Ekar dezagun gure altxorra hurbilenengana: gure obren gaiak, egite jakitateak, sareak, baliabideak... Mintza gaitezen gure auzoaz, gure senideaz, orain eta hemen. Eraiki ditzagun gure ereduak, geldi dezagun gu suntsitzeko erabiliak diren tresnen elikatzea, eta ureztatu ditzagun euskal guneak: euskal eskolak, kulturguneak, tabernak, herriak... denak, iparretik hegora, mendebaldetik ekialdera, diskriminaziorik gabe, hauturik gabe, eta ekin diezaiogun. Egin, ekin eta egin, loreek gure ahoak hornitu ditzaten, gure hizkuntzak eskaintzen dituen altxor guzietatik harturik. Zeren guk ez badiogu ekiten, nork egingo du? 1 eta 0 arteko pentsaera hedatzen dutenek. Ardiz eta erdizka nahi eta behar gaituztenek.

Gure artean egin dezakegun gauzarik handiena hau dela uste dut: herri bat. Euskal zentzu zabalenean: hiria, nazioa eta populua. Hots, etorkizun baten mentura. Zenbakiak infinituak dira, eta ametsak ere bai. Haien hedatzeko elkartu gaitezen. Gure burasoek egin zuten haiena, egin dezagun gurea: 7.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.