Itoiz udako sesioak (Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka, 2024) filmaren une zirraragarrienetako batean ikusten dugu nola Juan Carlos Perezek zinta zahar bat entzuten duen, eta bertan erreproduzituta, Ezekiel albuma izango denaren lehen zirriborroetako bat, Perezek bere ahotsaren eta gitarra akustiko soil baten laguntzaz interpretatua. Pusketak ez dauka oraindik letra zehatzik, eta, noizean behin, musikariaren ahotsak, zehatz, ohar bat egiten du, une horretan sartu beharko liratekeen konponketen edo instrumentuen gainekoa. Kanta, bertsio soil eta biluzi horretan, guztiz ezagungarria da, ordea: ia dena zegoen jada hor, diskora pasatuko zen bezala, Perez gaztearen buruan. Ikuslea eta Perez bera harrituta geratzen dira hura entzutean: ez da gutxiagorako. Izan ere, euskal (eta, oro har, historiako) rock sinfonikoko disko nagusienetako bat atera zen hortik. Baina, etapa horri buruz ari zelarik, Perezek berak aitortu zuen, BERRIA egunkarian bertan, «Ezekiel atera genuenean, (…) Espainian La Nueva Ola zegoen, eta gureak ez zeukan zerikusirik horrekin. Anakronikoak ginen, eta hori kalean nola eramaten duzu?». Bada, ados nago, eta ez nago guztiz ados. Egia da rock progresiboaren azpigeneroa 1974-75an iritsi zela bere gailurrera, eta, ondoren, punkaren iraultzak dena erraustu zuela… historia ofizialaren arabera. Baina kontua da rock sinfonikoko izar batzuek urrats indartsuak ematen jarraitu zutela une horietan, eta disko nabarmenak eta are oso arrakastatsuak grabatu zituztela. Ez naiz ari generoa gainditu eta beste eremu batzuetan barneratu zirenen kasuaz (Peter Gabriel, Peter Hammill, King Crimson…), baizik eta, behin-behinean sikiera, progresibotasunaren banderari fidel eutsi ziotenez. Itoizen etapa hori, 1978ko lehen disko homonimoaren eta 1982ko Alkolea-ren artekoa alegia, horren anakronikoa ez dela frogatuko lukeena: zio horrekin aukeratu ditut urte horietako hiru lan hauek.

PINK FLOYD
'The Wall'
Harvest, 1979.
Zinez defenda daiteke rock progresiboa anakronikoa zela munstrotsutasun HAU kaleratu zen urteetan? Album kontzeptuala, Ezekiel bezala alegia, eta, gainera, bikoitza. Beraien progresibotasuna biziberritzeko formula argi zeukaten Pink Floydekoek: soinua gogortzea, aro hartan garatzen ari ziren punkaren eta heavy metalaren ildoei jarraiki, nolabait. Eta kontatzen zituzten istorioak (are gehiago) iluntzea: rock izarraren isolamendua, II. Mundu Gerrak zartatutako familiak eta britainiar eskola sistemaren errepresibotasunak markatutako haurtzaro bat (Another Brick in the Wall, Part 2 singlearen gaia), ama baten gainbabeserako joera freudiarrak, bizitza garaikidearen presiopean garatutako arazo psikopatologikoak … Hots, Tommy-ren garaitik rock operatan errepikatutako gaiak, kasu honetan modu bereziki eraginkorrean harilkatuta. Funtsean, Roger Watersen diktadura-aroko proiektu bat, arrakasta itzela eduki eta abesti gogoangarri mordoxka bat utzi zuena: Hey You dramatikoa, Vera eta Goodbye Blue Sky (ankerki) delikatuak, Run Like Hellbasa eta, jakina, Confortably Numb gilmourianoa. Ondorengoa jakina da: waters-maniaren putzuan areago hondoratzea, baxu-jolearen irteera, eta Gilmourren etapa gezaren hasiera. Disko honen 90 minutuko zinta pirateatuak bizitzan zehar lagundu nau, adibidez Bernedoko euskal udalekura, begirale nintzela: behin batean, umeak goizean esnatzeko erabili ohi zen Benito Lertxundiren Altabizkar/Itzaltzuko bardoari ordez, The Wall ipini nuen, eta oraindik ez nago seguru egunen batean ez ote zaidan helduko ume haietako baten auzi-eske bat,In The Flesh? lehen kanta topera jarri eta esnatzean hartu zuen sustoak utzitako epe luzeko albo-kalteengatiko ordainen baten bila…

GENESIS
'Duke'
Charisma, 1980.
Badakit: a) Genesisen benetako zaleok Gabrielen etapa baino ez genuke aintzat hartu behar, Phil Collinsena mesprezatuz; eta, b) Genesisek aurki utzi zion rock progresiboko talde bat izateari. Baina, 1) Collinsen arotik badago zer salbatu, eta 2) Duke-n jada taldearen poperizazioaren lehenengo zantzuak sumatu arren, oraindik nagusiki eremu progresiboan kokatu daitekeen albuma dugu, hurrengoaren antzera (Abacab, 1981). Izan ere, printzipioz hau ere album kontzeptual bat bezala sortu zen, Duke / Albert pertsonaiaren ibilaldiak kontatu behar zituena, baina azkenean suitea osatzen zuten piezak (Behind the Lines, Duchess, Guide Vocal, Turn It On Again, Duke's Travels eta Duke's End) diskoan sakabanatzea erabaki zuten; sartu zituzten gainontzekotako batzuek bai dute, oro har, kutsu popero-baladistagoa (eta etorkizun tamala iragartzen dute). Suiterako konposatu zituztenak ez bezala (ahalegin kolektiboaren fruitu zirenak), kanta horiek hirukotearen ekarpen indibidualak izan ziren: Misunderstanding, adibidez, Collinsek bere bakarkako lehenengo lanerako sortu zuen (1981ean kaleratuko zuen Face Value arrakastatsurako), baina taldeari laga zion azkenean. Dena den, esan bezala, tonu sinfonikoa gailentzen da, eta ziurrenik Collins aroko Genesisen kantarik onena hementxe dago, aipaturiko Turn It On Again, kontzertuetako pieza iraunkorra bihurtu zena (izan ere, zuzeneko bertsioak hobeak suertatu ohi dira estudiokoa baino). Album honekin izan zuen Genesisek bere lehenengo number one-a britainiar zerrendetan, Gabrielzale guztion laidorako, haren garaiko diskoetako batek ere ez zuelako horrelakorik lortu (askoz hobeak izan arren). Baina ondo dakigu musikaren mundua sekula ez dela (beste edozein mundu bezala) justua.

RUSH
'Moving Pictures'
Anthem, 1981.
Rush talde kanadarra nire guilty pleasure-etako bat da: hala behar du, derrigor, Geddy Lee baxu jolearen daratuluzko ahotsa eta Neil Pearl bateriaren letra aynrandarrak jasango badira. Baina, zer nahi duzue esatea, power-trio honek melodikoki lortu zuena, batez ere 1980ko hamarkadaren hasieran, gozamen soniko hutsa da —bai, Genesis ere hirukote bat zen orduan, baina diskoetan grabatutakoa kontzertuetara eramateko gutxienez bost igotzen ziren eszenatoki gainera, eta Rush beti izaten ziren hiru soilik, zarata bonbastiko hura guztia erreproduzitzeko—. Garrafoiko hard-rocketik zetozen, berez, baina eboluzio nahiko bizkor batean rock progresibora arrimatu ziren, justu estiloa, esan bezala, dekadentzian sartzen ari zela: beterano askok baino duintasun gehiagoz ekin zioten erronkari, new wavetik eta are reggaetik zetozen ukituei muzin egin gabe (disko honetako Vital Signs-en antzeman daitekeen bezala, adibidez). Izan ere, alde horretatik aurreko edo ondorengo edozein disko aukera nezakeen, nahiko ildo berekoak direlako, eta guztietan daudelako kanta entzungarriak. Baina, ai, disko bateko A alde gutxi, hau bezain biribilak: Tom Sawyer, diskoari (ez kasualitatez) abioa ematen diona, rockaren klasiko bat jada, errebeldia indibidualistaren hamaikagarren gorazarrea; Red Barchetta, Rushek horren gustuko zuen zientzia-fikzio distopikoaren ukituarekin; YYZ instrumentala, bere erritmo aldaketa aldrebesekin; eta Limelight, famaren morrontzen inguruko ohiko lantua, Alex Lifeson gitarristaren solo gogoangarriarekin. B aldea ez da agian aurrekoaren mailara iristen —beste klasiko batekin hasten den arren, The Camera Eye suitea), baina egoki eusten dio. Generoko diskotzar bat, gutxien espero zitekeen bazterreko banda baten eskutik.