Itoiz taldeko musikari ohiak

Juan Carlos Perez eta Jose Garate 'Foisis': «Anakronikoak ginen»

Ostiralean helduko da 'Itoiz, udako sesioak' filma zinema areto komertzialetara, eta aukera hori baliatu du BERRIAk Perezekin eta Garaterekin hitz egiteko, bai pelikulaz eta bai taldearen nondik norakoez eta egindako hautuez ere.

Jose Garate eta Juan Carlos Perez musikariak, eta Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka 'Itoiz. Udako sesioak' dokumentalaren zuzendariak. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Jose Garate eta Juan Carlos Perez musikariak, eta Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka 'Itoiz. Udako sesioak' dokumentalaren zuzendariak. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun

Itzuli egingo da Itoiz. Zinema aretoetara, eta pantailetan kanta bakar bat jotzeko, baina itzuli. Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zuzendariek azaroan estreinatu zuten Itoiz. Udako sesioak filma, Bilboko Zinebi jaialdian, eta Gijongo (Espainia) Ficx jaialditik ere pasatu ondoren, lana ostiralean helduko da zinema areto komertzialetara. Taldearen esentziaren bila egindako bidaia «katartiko» bat proposatzen du filmak, zuzendarien hitzetan. Juan Carlos Perez taldeko konpositore eta abeslariaren oroitzapen eta iritziak bildu dituzte horretarako. Sortzaileak 14 urte inguru zituela grabatutako kasete bat eta orain artean argitaratu gabe egondako Ezekiel diskorako lehen grabazio batzuk biltzen dituen zinta bat ere entzun daitezke filmean, eta, justu azkenean, kreditu labur batzuen ondoren dator azken sorpresa. Izan ere, ikusleak aukera izango du Itoizko musikariak Alkolea diskoko Lanbrora kanta elkarrekin jotzen ikusteko taldea desegin eta 30 urte geroago. Itzulera minutu labur horietaz ez ezik, filmaz eta orokorrean taldearen nondik norakoaz ere aritu da BERRIA, lehen akordetik hasi eta azken akorderaino, taldearen ibilbide oso-osoa ezagutzen duten bi kideekin: Juan Carlos Perez (Mutriku, Gipuzkoa, 1958) eta Jose Garate Foisis (Ondarroa, Bizkaia, 1958) musikariekin, hain zuzen ere.

Itzuliko zarete, orduan?

[Pazientzia biltzeko hasperen moduko bat egin du Juan Carlos Perezek. Lau segundoko isiltasuna].

Broma da.

JUAN CARLOS PEREZ: Ez, ez [irribarrez], ez da broma, e!

Egia da. Film bukaeran Lanbrora kanta jotzen duzue elkarrekin.

PEREZ: Jo dugu, bai, eta zuzen-zuzeneko puru-puruan eta editatu gabe, gainera. Duoan kantatzeko ahotsak sartuko genituela esan genuen [Garateri begira], eta ahotsak, azkenean, ez ditugu egin. Pelikula jada eginda zegoen, eta esfortzu hori egitea erabaki genuen. Kanta hori aukeratu genuen. Aste barruan bakoitzak bere kontu prestatu zuen, eta gehiago entseatu gabe joan ginen. Esan nien uzteko sei edo zazpi buelta, eta funtzionatzen bazuen utziko genuela. Baina hor dago, atera zen bezala.

Itoiz. Udako sesioak dokumentalaren trailerra.
Eta pozik geratu zarete pelikularekin ere?

JOSE GARATE: Bertan islatuta ikusi dut neure burua, eta egia da taldearen hasierak gutxi gorabehera horrelakoak izan zirela. Ez, ez, gutxi gorabehera ez, horrelakoak izan ziren: zinta bat grabatzen hasi ginen bere etxean [Perezi keinu eginez], eta gero taldea sortu genuen. Artifizio gehiagorik gabe, sinple-sinple, horrelaxe irten zen. Pelikulak pixka bat hunkituta laga nau.

«Nobleak ginen. Bazeuden taldeak denek esaten zutenak irtengo zirela, eta gu beti Bigarren B Mailan. Lan eta lan, suabe-suabe, horrelaxe beti. Eskerrak honek [Perezengatik] kanta politak sortu izan dituen»

JOSE GARATE, 'FOISIS'Musikaria
Talde handi zein txiki, hasierak beti dira antzekoak, ez?

GARATE: Geu nahiko nobleak izan gara. Geure hasieretan bere ikusten genituen beste talde batzuk, proiekzio bat zeukatenak, eta denek esaten zutenak irtengo zirela-eta. Eta gu beti Bigarren B Mailan [barre egin du Perezek]. Lan eta lan, suabe-suabe, horrelaxe beti. Eskerrak honek [Perezengatik] kanta politak sortu izan dituen.

PEREZ: Pena da, baina gaur hemen Antton falta da [Jose A. Fernandez, taldeko piano eta tekla jotzailea hasieratik 1985era bitarte]. Ze Itoizen historiak hamar urte ditu, eta hainbeste eta hainbeste kolaborazio izan ditugu tarte horretan: hainbeste gitarrista, esate baterako... Eta Itoizen garaiak gitarristaz gitarrista antolatu daitezke: lehenengoa ni naiz, gero German Ors hasi zen Alkolea-n, gero Jean-Marie Ekai —eta orduantxe bat egin genuen kalean zegoen giroarekin, anakronismorik gabe—, eta Xabi Pery gero, azkenengo diskoan. Ez zen erraza istorio hori kontatzea.

Esan izan dutenez, gainera, zuzendariek inpresioa izan zuten taldeari buruzko diskurtsoa erdi ikasita zeneukatela. Eta zuek diskurtso horretatik ateratzea izan da haien erronka.

PEREZ: Eta horrekin apurtzeko erabili dute grabazioena. Kasualitatea izan da. Ze zinta horiek pelikula sortzen hasitakoan agertu ziren, eta hortik aurrera, denak beste bide bat hartu zuen jada, eta gure alde autentikoena agertu dute. Gu beti musikaz hitz egiten egoten ginen eta. Beti ari ginen musikari buruz hizketan, beti filosofatzen, eta hori oso ongi islatuta dago pelikulan, eta meritua haiena da, ze guk jada hori ez genuen kontatzen; beti kontatzen genuen diskurtso bera.

«Nik elizan deskubritu nuen euskal kultura, elizan hasi nintzen euskaraz kantatzen, eta hori dena islatzen da, eta beste aire bat ematen dio pelikulari: talde bat erakusteaz gain, garai baten testigantza ere ematen du»

JUAN CARLOS PEREZMusikaria
Pelikularekin askatu egin zaretela, alegia?

PEREZ: Bai, nik pudore pixka bat ere badaukat, ze hor kontatzen dena egia da. Txikitan, esaterako, gu denok joaten ginen elizara, eta oso erlijiosoak ginen. Kulturan inportantzia handia zeukan orduan. Nik elizan deskubritu nuen euskal kultura, elizan hasi nintzen euskaraz kantatzen, eta hori dena islatzen da, eta beste aire bat ematen dio pelikulari: talde bat erakusteaz gain, garai baten testigantza ere ematen du.

Pudorea aipatu duzu, eta pelikulan ere behin eta berriz aipatzen duzue lotsa. Zer da lotsa hori?

PEREZ: Bai. [Fernando] Pessoak esaten duena dago hor: «O poeta è un fimgidor». Hori garbi dago: jotzen ari zarenean paper bat jokatzen duzu, baina, pelikulan, paper horren atzean dagoen pertsona ikusten da, eta nola pentsatzen genuen. Eta horregatik pudorea. Baina uste dut horrek ematen diola benetakotasuna. Eszenatoki batean ez baduzu lotsa hori sentitzen, ez da benetakoa. Eta, esate baterako, azkenerako laga genuen jada ez genuelako pudorerik pasatzen eszenatokian. Ikasi genuen ofizioa, eta jende aurrean jada ez zegoen horrelako sentsaziorik [isilune labur bat]. Baina, tira, hori ere gezurra da, ze ni beti nerbioso egoten nintzen... Ezekiel atera genuenean, Madrilen eta Espainian La Nueva Ola zegoen, eta gureak ez zeukan zerikusirik horrekin. Anakronikoak ginen, eta hori kalean nola eramaten duzu?

«Pelikulan, paper horren atzean dagoen pertsona ikusten da, eta nola pentsatzen genuen. Eta horregatik pudorea. Baina uste dut horrek ematen diola benetakotasuna.»

JUAN CARLOS PEREZMusikaria
Pelikulan ikusten denez, harreman zaila izan zenuen Lau teilatu abestiarekin. Zalantza izan zenuen diskoan sartu ala ez, hasteko; gero, zuzeneko grabazio batean, kantua apurtzen nola saiatzen zaren ere entzuten da.

PEREZ: Ez dakit grabazio hori nondik atera duten, baina ez dute atzera egin, eta sartu egin dute.

Kantaren kontra kantatzen ari zara. Publikoaren kontra. Ez dezaten zurekin kantatu.

PEREZ: Ez dut neure buruaren kontra hitz egiten hasi nahi, ze oso-oso botaratea izan naiz, eta batzuetan harroputza. Batzuetan, nahiz eta jakin kanta oso polita zela, ezin izan dut soportatu haren arrakasta. Gauza arraro bat da. Eta, gainera, amodio kantak garai batean ez zegoen oso ondo ikusita, eta hori amodio kanta bat da, bene-benetakoa eta zintzoa. Honek badaki [Garategatik]. Orain gauza ederra da, baina garai batean oso zaila zen hori defendatzea. Igual pentsatzen zuten ñoñoa zinela, eta 20 urte ingururekin ez da erraza gauza horiek eramatea.

GARATE: Gure bueltan beste talde batzuk eta beste kultura bat zeuden, politikoki konprometituak. Kultura aldetik ere beste maila batean. Eta honi [Perezengatik] eragin egiten zion hori entzuteak. «Bai, bonbazo bat egin duzu, baina tiroriro bat egin duzu». Eta horregatik lotsatu. Halakoengatik. «Errazegi atera zaizu». Edo igual kanta beste letra bategaz, igual konprometituagoa... Baina ez, amodiozko abesti sinple-sinple bat da, hain nerabetakoa...

«Ez dut neure buruaren kontra hitz egiten hasi nahi, ze oso-oso botaratea izan naiz, eta batzuetan harroputza. Batzuetan, nahiz eta jakin 'Lau teilatu' kanta oso polita zela, ezin izan dut soportatu haren arrakasta»

JUAN CARLOS PEREZMusikaria
Pelikulan ikusten denez, Jean Phocas teknikariarekin ari zinetela, taldekideek konbentzitu egin behar izan zenuten Perez, kanta diskoan sartzea onar zezan.

GARATE: Zalantzak zituzten, bai. Nik izan ezik. Nik kanta horretan ez dut jotzen: ez kantatu, ez jo. Nik jotzen entzuten nituen, eta pentsatzen nuen: «Hau bai hau musika!». Baietz eta baietz esaten nien nik. Honek baino lehenago sinistu nuen nik kanta hartan, ze emaitza entzuten nuen.

Baina Itoizen meritu guztia honek dauka [Perezengatik]. Berak konposatzen zuen dena. Akordeak, eta erritmoa eta melodia berak ekartzen zituen. Ia dena da hori. Eta guk hori hartu eta lantzen genuen. Kendu, ipini eta hori, baina kantaren hasiera Juan Carlosek ekartzen zuen, eta hortik hasten ginen. Eta, pentsa, entseatzen hasi ginenean, lehenengoko egunean, Mutrikun, zeure kanta bat [Perezena] entseatzen hasi ginen, zeuk konposatutakoa. Pentsatzen dut talde bat entseatzen hasten denean normalean bertsioren bat entseatzen hasiko dela, beste talderen baten kanta bat jotzen. Baina ez, ez: I Will Sing izan zen entseatzen hasi ginen lehenengo kanta, honek ateratakoa, ingelesez.

PEREZ: C1 maila [barreak].

GARATE: Baina hori da kontua, hasieratik hori izan zela jarrera.

«Gu ez gara irten Euskal Herritik, eta horrek bere kalte egiten dizu. 'A! Aurten bere horra goaz? Joan den urtean egon ginen hori'. Herri berean behin baino gehiagotan jotzen hasten zara, eta ilusioa galtzen duzu»

JOSE GARATE, 'FOISIS'Musikaria
Euskararen gaia ere behin baino gehiagotan azaltzen da filmean. Zer garrantzi izan zuen hizkuntzak taldearen ibilbidean?

PEREZ: Alde batetik, ez genion minutu bat baino gehiago eskaini euskaraz kantatzeko erabakiari, baina, beste alde batetik, taldeak iraun zuen artean, denbora eduki genuen horretaz pentsatzeko. Esan behar da orduan ez zela normala euskaraz rocka kantatzea. Errobi hor zegoen, eta haiek ziren gure talde faboritoa. Klaru geneukan taldea euskaraz zela, eta taldeari euskara ongi joango zitzaiola.

Hasieran argi izan arren, gerora egon al zen tentsiorik euskaraz kantatzeari buruz?

PEREZ: Guk bi disko bakarrik grabatu genituen Madrilen: Musikaz blai eta Espaloian. Eta han ibiltzen zen jendea: CBSko ekoizle batek edo teknikari batek, igual Marea gora-rekin, esan zigun grabatu genitzakeela kanta bat edo bi erdaraz, euskaraz ezin zelako gehiago mugitu. Baina nik uste dut —eta orain asmatu dut formulazio hau— gure herri txiki honetan mila pertsona jende asko dela, eta bi milioi mundu osoa direla, eta hor bizi gara gu, eta nik behintzat nahikoa daukat.

GARATE: Gu ez gara irten Euskal Herritik, eta horrek bere kalte egiten dizu. «A! Aurten bere horra goaz? Joan den urtean egon ginen hor». Herri berean behin baino gehiagotan jotzen hasten zara, eta ilusioa galtzen duzu. Gu mugatuta geunden, euskaraz kantatzeagatik. Aukera eduki bagenu kanpora joateko, Frantziara edo Ingalaterrara edo, horrek emango liguke beste ilusio bat.

PEREZ: Esajerazio bat da, baina Hendaiara joaten zinen, eta Mecano ere ez zuten ezagutzen han. Ematen du ezetz, baina hizkuntzak asko mugatzen du.

GARATE: Baina erdaraz kantatzen, gu... Gu lotsatu egingo ginen erdaraz kantatzen!

PEREZ: Sekula ez genuen pentsatu.

«Madrilen, ekoizle batek edo teknikari batek, igual 'Marea gora'-rekin, esan zigun grabatu genitzakeela kanta bat edo bi erdaraz, euskaraz ezin zelako gehiago mugitu»

JUAN CARLOS PEREZMusikaria
Taldearen amaiera da pelikulako beste gaietako bat. Lehen sekuentziatik dago presente. Esaten duzue nekatuta zeundetelako utzi zenutela.

GARATE: Utzi baino urte bi arinago, hau [Perez] abisatzen zetorren. 1986an jada. 1987an amaitu zen.

PEREZ: Esateko zegoena esanda zegoen.

GARATE: Arrakastaren formula lortu genuen, baina konturatu gabe, geure burua errepikatzen ari ginen formula horretan.

Hiruzpalau aldiz aipatzen duzue «arrisku» hitza pelikulan. Hori zen motorra?

GARATE: Hori izan zen hasieratik: deskubrimendua, deskubrimendua eta deskubrimendua, zer den ez dakizun arrakasta horretara iristen saiatzeko. Baina gero, aspertu egiten zara arrakastaren formula horretaz. Ez publikoaren arrakastaz, noski. Baina galdera zen ea zer emango genion guk jendeari.

PEREZ: Guk nekatuta bukatu genuen. Ahidurak jota. Ez ginen despeditu. Alde egin genuen, eta listo.

GARATE: Honek [Perezek] orduan ere ez zuen esango definitiboki lagako zuela, honek esango zuen beti esaten duena: «Ikusiko dut, ikusiko dut». Eta oraindik hor jarraitzen du. Horrelakoxea da haren jarrera bizitzan. Inoiz ez du kolpez lagatzen.

PEREZ: Eta hori du polita pelikulak, ze hor segitzen du gure pentsamenduak ere. Gauzak airean lagatzen ditu eta.

Guztira 30 bat aretotan emango dute Itoizi buruzko dokumentala ostiraletik aurrera

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.