Umore puntu batek ere ez baitu kalte egiten. Bizian bezala. Horrelako hats guneak ditu Axut kolektiboaren lehen lanak: Zazpi senideko antzezlana. Martxoaren 8an eta 9an estreinatuko dute, Larzabaleko herriko etxeko gelan (Nafarroa Beherea), 20:30ean.
Berez, antzezlana istorio gogorrez da josia: zazpi anai-arrebaren istorioak, Fuchs anaien zazpi lagunek idatziak. Egiazko gertakariak oinarri, nahiz eta gero Fuchs anaiek berek fikzioaren bidez borobildu dituzten, zuzendaritza lanetan aritu den Ander Lipusen laguntzarekin. Presondegiaz, torturaz, dispertsioaz, gurasoen bereizteaz, tumoreaz, istripu batek goizegi hil duen anaiaz. Horiek gertakarietako batzuk. Testuinguru horretan, irri pixka batek ez du kalterik egiten. Lehen hiru istorioak presoei lotuak baitira, agian ikastolatik iragan direlako dituzte hainbeste lagun preso. Horra txistearen haria. Entzuten den kontu bat baita gainera, Jean Lassalle diputatuak iaz egin adierazpenak adibide: nola euskarazko irakaskuntza proposatzen duten egitura batzuek «lehen helburutzat haurrei armen erabilera irakastea» dutela erran zuen garaian. Fuchs anaiak erran horiekin jostatzen dira hemen. Irria eraginez, eta aldi batean hori ere errealitate bat dela ukatu gabe: «Obra ikusten hasten garenean, badakit publikoaren sentimendua dela: Punba! Hala! ETAkoa bat, eta gero, Punba! Hala! Beste bat!... Baina gutaz ari gara. Eta hori da Fuchs anaiei tokatu zaiena. Seaskan ikasteak hori dakar. Errealitate bat hor oso gurea dena. Eta guri dagokigu ere gure gizartearen ispilu bat egitea. Orain, zorionez ez daukagu ETArik. Oraindik badaude gauza asko konpontzeko, eta beste bide batzuk ireki dira. Eta horretaz ere hitz egingo dugu», azaldu du Ander Lipusek. «Zazpi lagunengana joan gara. Zazpi hurbileko, bagenekielako haien anaitasun edo ahizpatasun istorioak izugarri azkarrak zirela», baieztatu du Manex Fuchsek. «Gure belaunaldiko bizipenak ez dira hain arinak izan. Errealitate bat da. Zenbat lagun ditu presondegitik pasatu direnak? Kontatzen hasi, eta ez dugu aski hatz kontatzeko. Oro har, uste dut gure belaunaldi horrek bizi izan duena ez dela txikia». Hala ere, antzerkiaren gaia ez da ETA, ez presondegia. Istorio gogor horien guztien arrakaletatik, «absentzia» izan da landu nahi izan duten ildoa. Ximun Fuchs: «Absentzia dagoelarik gara ohartzen harreman horrek duen indarraz; nola eraikitzen gaituen, nola egiten gu bat. Eta nola ohartzen garen gu hori elbarritua dela, badenean norbait ez duguna gehiago hor. Eritasunagatik, presondegiagatik, herioagatik edo distantziagatik».
Horra, adibidez, Zigor eta Lander: zazpi istorioen zikloa abiatzen duten bi anaiak. Bikiak. Biki izateak ekar ditzakeen berezitasunak hemen muturreraino eramanak, Zigor bera preso dagoela, eta Lander kanpoan. Eta horrek dakartzan zailtasunak bisita uneetan. «Zer moduz?» bezalako galdera batek agerian utz ditzakeen distantzia eta zailtasunak. Eta, halako batean, hor agertzen da Zigor. Ziegan. Hurbileko kamera bati esker. Irudi errealak. Biki horiek Garro anaiak baitira. Deiturarik gabe agertzen dira hemen, baina laster harrapa daiteke. Taula gainean proiektatu ziegako irudi horiek perspektiba erreal bat ematen diete bikien harreman horri, narrazioa indartsuago eginez. Aldi berean, perspektiba erreala taula gainera ekarriz, errealak diren pertsonak distantzia batekin hartzeko aukera ematen da. Hasteko, Ziega bateko hertsidura, denbora zein luzea izan daitekeen hautematekoa ematen dute irudiek. Intimitate gordin batean. Loak hartu nahian, ezin hartuz, gorputza garbitzen, burdindu berinako arteketatik eguzki izpiak begi hetsien gainean pausatu nahian. Azkenik, gutun bat irakurtzen. Hondartzako uharrien aipamenak sor ditzakeen minak oihartzun berezia hartzen du,baina, hor ere, non hasten den fikzioa, non uzten den errealitatea... Horrekin ere bada joko bat.
Badira ere Gaizka eta Mattin. Anaiak torturatu dutenaren gorputz gainean jarri nahi dion artilezko jertsea, amak txikitan trikotatzen zizkienak gogoan. Hor ere, intimitate batek ekartzen dion egiatasun batekin, helduleku eskuragarri eta sinesgarriak ekartzen zaizkio tortura den bezain gai sakon eta zabal bati.
Axut kolektiboaren lehena
Axut ez da talde berri bat: bere burua kolektibo gisa definitzen duen egitura berri bat da. Mementoko, Fuchs anaiak ditu biltzen. Kolaborazioekin aitzinatzeko asmoa dute; antzerki honetan bezala, funtsean. Le Petit Theatre de Pain eta Artedramarekin aritu dira.
Orain arte, Le Petit Theatre de Pain konpainiak berak ere muntatu zituen euskal antzerkiak, funtsean Artedramarekin elkarlanean, dena ezin baita egitura bakarretik egin, azkenean. Eta, Le Petit Theatre de Paineko adar bat izateko ordez, anaiei egokiago iruditu zaie osoki euskal antzerkian murgilduko den egitura: «Euskaraz sortu, egin eta eragiteko», Ximun Fuchsen esanetan. «Mementoa da axut egiteko», gaineratu du Manex Fuchsek. Axut desafio oihu bat baita. «Entzuten da ezin dela antzerkiaz profesionalki bizi euskaraz bakarrik. Entzuten da euskal sorkuntzek ez dutela Baionako eszena nazional batean aritzeko heinik. Horrelako mila gauza entzuten dira. Eta guk erraten dugu: 'Nola ez dela posible?'. Batzuentzat ezinak izan daitezkeenak «desafioak» dira haientzat: «Gure indarrak horretara eramateko gogoa dugu».
Anai-arreben absentziaz
Axut kolektibo berriak 'Zazpi senideko' antzezlana estreinatuko du Larzabalen. Zazpi lagunek idatzi zazpi bizipen gogor dituzte hartu oinarri Fuchs anaiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu