Zinemagilea

Su Friedrich: «Amorruari lagundu behar dio gauzak aldatu nahiak»

Su Friedrich zinemagilearen obra goratu du Ikuspuntu jaialdiak asteon. Haren zortzi film eman dituzte, «probokatzaile» eta feministak denak.

Su Friedrich zinemagileari aitortza egin diote Iruñeko Ikuspuntu jaialdian.
Su Friedrich zinemagilea, asteartean, Iruñeko Baluarte auditoriumaren kanpoaldean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko martxoaren 15a
05:15
Entzun

Zinema dokumentalaren «mugan» aritzen dela dio Su Friedrichek (New Haven, AEB, 1954). «Fikziotik hurbilago edo urrunago, kasuan-kasuan», onartu du, pozik. Pozik, batik bat, Ikuspuntu Jaialdiak aitortza egin diolako asteon. Iruñera eginiko bisita baliatuta, probokazioaz, etiketez eta minak pantailaratzeaz mintzatu zaio BERRIAri.

Abangoardiako zineman aditu Gloria Vilchesek ondu ditu zuri eskainitako lau programak, eta izenburu honen pean bildu: Lotzen gaituzten begiztak. Zu zerk lotu zintuen zinemara? 

Aurrena argazkilaritzan aritu nintzen, zuri beltzean, eta biziki maite nuen. Baina 1976an New Yorkera mugitu nintzen lagun batekin, argazkilari aritzeko, eta, bertan, zinema ikastaro batean eman nuen izena: Super-8 kamerarekin filmatzeari buruzko batean. Irudiak mugitzen ikustean, soinuak batetik bestera… konturatu nintzen bideogintzak askoz aukera zabalagoak ematen zizkidala argazkilaritzak baino.

Generoa, sexualitatea eta familia dira gehien jorratu dituzun gaietako batzuk, eta lanketa horietan guztietan agerian da ikuspegi feminista eta humanista. Aintzat harturik noiz hasi zinen, zer neurritan izan zaizu zail hori? Zer neurritan askatzaile?

Hasieran aski probokatzailea nintzen. Jendea apenas kezkatzen baitzen feminismoarekin loturiko auziez, lesbianismoaz. Batzuk orduan ziren hasiak halakoez hizketan, baina gutxi ziren. Tira, gutxi ginen; talde txiki horren parte bainintzen ni, jakina. Ondorioz, nire lanek bai sortzen zuten halako harridura bat, orduan bai.

Eta orain ez?

Orain ez da hainbesterako. Edonola ere, gauza batzuetan biziki zuzena naiz aspaldi, batik bat nire bizitza pertsonalaren alderdi batzuk erakusteko moduan. Sink or Swim estreinatu genuen 1990ean, haren bidez hitz egin nuen nire aitaz eta harengandik jasandakoez, eta gogoan dut oso gogorra izan zela. Jendea ez zen ari aitei buruz hizketan, edo behintzat ez zuten hain garbi auzitan jartzen gizonek familietan jokatzen duten rola. 

«Sink or Swim estreinatu genuenean, jendea ez zen ari aitei buruz hizketan, edo behintzat ez zuten hain garbi auzitan jartzen gizonek familietan jokatzen duten rola»

Uste duzu jendea deseroso sentitu dela halakoekin? 

Bai, baina seguru nago nirea bezalako aita bat zutenek esanen zutela beren kolkorako: «Eskerrak, bakarra ez naiz».

Autorretratuaren aldeko zure hautuak ez ote duen adierazten nabarmen sinesten duzula pertsonala politikoa dela.

Bai. Horrek biltzen du dena. 

Hide and Seek filmean (1996) haurtzaroaz mintzo zara. Besteak beste, kontatzen duzu nolakoa izan zen emakumeenganako desira sexualak kudeatzea hezkuntza katolikoa jasotzen ari zinelarik. Amorrua edo haserrea ere baduzu sortzeko motibo?

Bai. Nire kasuan, izan naizenean haserre aitarengatik, haserre ikusita gizartea nolakoa den lesbianontzat, edo haserre jakinik hiria ze ankerra den etxebizitzaren auzian, premia sentitu dut sentipen horiek filmetara eramateko. Dena dela, haserreak orekan egon behar du beste gauza batzuekin. Izan ere, izan zaitezke haserre zerbaitengatik, baina haserreak bere horretan ez dizu deusetan lagunduko. Amorruari lagundu beharko dio gauzak aldatzeko desira batek. Hau da: azaldu amorraturik, baina aldi berean adierazi zer aldatu beharko litzatekeen, eta nola. Pena da, sentsazioa baitut jendea ez dela ausartzen ezinegona sortzen dioten gaiak bistaratzera. 

Zergatik ez dira ausartzen?

Akaso beldurra dute ez ote dieten bortizki erantzunen. Eta batzuetan gertatzen da, e? Baina horrek ezin gaitu kikildu. 

Aitortu izan duzunez, ez duzu maite zeure zinema «esperimental» gisara sailkatzea; uzkur zara adjektibo horrekin. Zergatik? 

Artearen historia ikasi nuen unibertsitatean. Irakasten zidaten barrokoaz, errenazimenduaz, kubismoaz, arte abstraktuaz. Pentsatzen dut inork jarriko zizkiela izenak, sailkatzeko eta horietaz hitz egin ahal izateko; ados. Zineman, berdin: narratiba, dokumentala… baina zer gertatzen da ez zaudenean osoki ez batean ez bestean? Nire zinema batzuetan sartzen da moldeetan, baina ez beti. Nahiago dut soilik esan zinemagilea naizela. Esperimentala? Tira. Tradizionala ez. Filmak ez baitira zehazki narratiboak, ezta zehazki dokumentalak ere.

«Nire zinema batzuetan sartzen da moldeetan, baina ez beti. Nahiago dut soilik esan zinemagilea naizela»

Baina bada zinema queer-a?

Nolabait bai, baina ez pentsa. Dei diezaiokezu queer zinema, baina horrek deus gutxi esan nahi du batzuetan. Kontaktu gaya dagoela? Tira. Dena dela, deitu nahi bezala. Niri ez zait axola.

Zure azken lanean —Today (2022)—, denboraren joanaz eta zahartzeaz hausnartu duzu. Ibilbide artistikoari so, zer aldartetan zara?

Atzera begiratzen badut, ohartzen naiz modu askotara egin dudala lan eta askotariko istorioak kontatu ditudala; harritu ere egiten naiz. Baina uste dut sortzailea baldin bazara, beti zabiltzala aurrerantzean eginen duzunari buruz hausnartzen, egindakoari buruz baino gehiago.

Zer duzu begiz joa, beraz?

Film labur-labur bat egin nuen joan den udaberrian, eta liburu bat ateratzekoa naiz hemendik bi urtera. Gainerakoan, ezin jakin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.