Zinema estreinaldiak

Amorruak egingo gaitu aske

Mike Leigh zinemagile ingelesaren azken lana da 'Hard Truths': haserre bizi den emakume beltz baten kontakizuna da.

'Hard truths'
Mike Leigh zuzendariaren 'Hard Truths' filmeko fotograma bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko otsailaren 26a
04:05
Entzun

Pansy Londresko aldirietan bizi da. Etxe txukuna du, eta Curtley senarrarekin eta Moses semearekin bizi da. Pansyk arnasarik gabe uzten duen min fisiko eta mental bat du; arnasestuka esnatzen da, eta haserre igarotzen ditu egunak. Pansyk ez dauka arazorik bere haserrea hitzez adierazteko, eta, horrela, gogaitzen duen edonori jakinarazten dio: senarrari, semeari, dentistari, supermerkatuko langileari, besaulki bat saldu nahi dion saltzaileari. Haserre dago emakumea, eta haserre hori adierazteko duen erak ez du kontrako iritzirik onartzen.

Pansyren amorruak isiltasunera eraman ditu haren senarra eta semea. Curtleyk etxeak-eta zaharberritzen lan egiten du, eta haren goibeltasunak begi bistan uzten du haren oinazea; Moses, berriz, noraezean dabilen 20 urteko gazte bat da: egunak bere gelan igarotzen ditu, edo pasieran ibiltzen da auzoan, bere bizitzarekin zer egin nahi duen jakin gabe. Pansy ulertu edo lasaitzen duen bakarra bere ahizpa dela dirudi.

Mike Leigh zinemagile ingelesaren azken film luzea da Hard Truths. 2018an Peterloo filma estreinatu zuen, 1819an Manchesterren jazotako sarraskiaren inguruko kontakizuna. Kritikaren esanetan, Leighen zinemak egungo istorio eta pertsonaiekin hartzen du indarra, eta, haren azken bi filmak beste garai batzuetako kontakizunak izanik, Hard Truths gogotsu hartu dute. Iazko Torontoko jaialdian aurrestreinatu ondoren, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen. Ordutik, Leighen filmak hainbat saritarako izendapenak jaso ditu, eta Marianne Jean-Baptistek interpretaziorik onenaren lau garaikur irabazi ditu.

Mikel Leighek zarata eginez apurtu du urteetako isiltasuna. Iskanbila sortzen duen protagonista bat duen istorio batekin, besteak zaindu eta zerbitzatzeko hezi duten emakume beltz baten amorrua eraman du pantailara zinemagile ingelesak. Aukerarik izan ez duen emakume baten oinazea jartzen du erdigunean, eta, haren garrasi, iseka eta haserreak justifikatzen saiatu gabe, horren guztiaren azpian arrazoi bat dagoela argi uzten du. Enpatiaz beteriko begirada batekin, Leighek ez du nahi protagonistak zentzurik gabe sufritu dezan, eta, emakumea hainbatetan gorrotagarria bada ere, ikuslea identifikatuta sentituko da une ugaritan, eta, arnastea zaila egiten den bizitza horretan, amorruak argitasun tarte batzuk irekitzen dituela ikusiko du.

'HARD TRUTHS'

Zuzendaria: Mike Leigh. Gidoilaria: Mike Leigh. Aktoreak: Marianne Jean-Baptiste, Michele Austin, David Webber. Argazkia: Dick Pope. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 97 min. Herrialdea: Erresuma Batua. Estreinaldia: otsailaren 28an estreinatuko da Hegoaldean, eta apirilaren 2an Iparraldean.

Beste estreinaldi batzuk:

A Complete Unknown. Zuzendaria: James Mangold
James Mangold zuzendariaren A Complete Unknown filmeko fotograma bat. BERRIA

'a complete unknown'

Zuzendaria: James Mangold. Gidoilariak: Jay Cocks, James Mangold. Liburua: Elijah Wald. Aktoreak: Timothee Chalamet, Edward Norton, Elle Fanning. Argazkia: Phedon Papamichael. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 141 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak.

60ko hamarkadaren hasierako New Yorkeko musika eszenan girotua, A Complete Unknown filmak Bob Dylan 19 urteko folk abeslariaren arrakastaren historia kontatzen du. Bere abestiak eta bere mistika mundu mailako fenomeno bihurtu ziren.

'EQUIPO CRÓNICA. ARTE DE TRINCHERA'

Zuzendariak: Rafael Sesa Mateo, Felipe Villaplana Molina. Gidoilaria: Carlos Lopez Olano. Argazkia: Israel Sanchez-Beato. Generoa: dokumentala. Urtea: 2024. Iraupena: 75 min. Herrialdea: Espainia.

Equipo Cronicak mugarri bat ezarri zuen Espainiako artean. Begirada kritiko eta hizkuntza bisual apurtzailearekin, kolektibo horrek bere garaiko boterea, zentsura eta gizartea zalantzan jartzeko arma bilakatu zuen artea. Dokumentala haren obraren bihotzera egindako bidaia bat da, eta haren eragina eta indarra aztertzen ditu, irudi argitaragabeen, adituei egindako elkarrizketen eta artista garaikideen testigantzen bidez. Artean murgiltzea borrokarako eta erresistentziarako lubaki gisa.

'NOSOTROS'

Zuzendaria: Helena Taberna. Gidoilaria: Virginia Yague. Eleberria: Isaac Rosa. Aktoreak: Maria Vazquez, Pablo Molinero. Argazkia: Txarli Arguiñano. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 94 min. Herrialdea: Espainia.

Angela eta Antonio elkarrekin maitemindu ziren, harremana ilusioz bizi izan zuten, haurrak izan zituzten, amore ez emateko ahaleginak egin zituzten, eta hainbat aldiz erori ziren. Maitasuna amaitzen denean, galdera hauek sortzen dira: non okertu zen dena? Nola amaitu dugu horrela? Beren harremanaren argi-itzaletan barrena egindako bidaian, Angela eta Antonio prekaritatearen, desiraren interferentzien eta maitasunaren idealizazioaren aurka borrokatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.