Literatura

Amona Rifqak emandako poesia

Mohammed el-Kurd idazle eta kazetariaren 'Rifqa' liburua euskaratu du Eider Beobidek. 40 poema inguruz osaturiko bilduma da, eta ingelesez eta euskaraz jaso dute bakoitza.

Eider Beobide, 'Rifqa' liburua eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Eider Beobide, 'Rifqa' liburua eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko uztailaren 26a
05:10
Entzun

1998. urtean jaio zen Mohammed el-Kurd, Jerusalemgo Xeikh Jarrah auzo palestinarrean. Azken urteetan, palestinarren borrokaren ikur bilakatu da, sare sozialei esker gehienbat. AEBetan ikasketak amaitzen ari zela, Jerusalemera itzuli zen, 2021ean. Urte hartan, Palestinaren eta Israelen arteko gatazkak 250 hildako baino gehiago utzi zituen Gazan, eta El-Kurdek bertan egon beharra sentitu zuen, haren herriaren defentsan parte hartzeko. Gaur egun, idazle, kazetari eta aktibista lanetan aritzen da. Bere arreba Danarekin batera, Time aldizkariak 2021eko munduko ehun pertsona esanguratsuenen zerrendan ipini zuen El-Kurd. Hark egindako Rifqa poema liburua euskaratu du Eider Beobide itzultzaileak, Katakrak argitaletxean. Beobidek itzuli duen lehen liburua da.

Poesia «zuzena» da liburuan aurki daitekeena, Beobideren ustez: «Figura literarioak badaude liburuan, baina ez da estilo nagusia. Zuzenaz gain, poesia gordina dela esango nuke, egoera ongi azaltzen duena». Hala ere, eta poesia zuzena eta gordina izan arren, Beobidek tinko nabarmendu du El-Kurdek liburua egiteko erabilitako «sentiberatasuna». Gai asko jorratzen ditu idazleak bilduman, hala nola heriotza, genozidioa, garbiketa etnikoa eta haren familiak bizitako pasarteak. 2009. urtean Israelgo armada El-Kurden familiaren etxean sartu zen, eta bertan geratu ziren bizitzen; pareta batek baino ez zituen banatzen militarrak eta poetaren senideak. «Gertaera horrek asko markatu zuen El-Kurd».

«Palestinako poesia Palestinako historia izan da azken mendeetan. Poeta mezularia izan da, talde baten heroia eta memoria ordezkatzen duen pertsona»

EIDER BEOBIDE Itzultzailea

Beobidek argi dauka heriotzak garrantzi handia duela poemetan. Palestinak pairatzen duen egoeraren errealitatea «oso gogorra» dela uste du itzultzaileak, eta horregatik metaforak ez direla beharrezkoak izan El-Kurdentzat. «Ni pertsona oso sentibera naiz, eta, horregatik, oso gogorra egin zait bere poemak itzultzea. Irakurtzeko ere badaude oso zailak diren pasarteak. Hala ere, uste dut beharrezkoa dela horrelako errealitateak ezagutzea», esan du itzultzaileak.

El-Kurdek kontzientzia, haserrea eta adorea piztu nahi ditu haren hitzak irakurtzen dituen ororengan, Beobidek dioenez: «Lengoaia aldetik ez da hizkera zaila. Gainera, El-Kurdek hutsuneekin eta tarteekin asko jokatu du bere poemetan. Horiek erronka handia izan dira itzulpenean ere. Orokorrean, nire lehen itzulpen liburua denez, dena izan da erronka handi bat».

Data eta ekintza asko aipatzen ditu El-Kurdek liburuan. Idazlea Nakba egunean jaio zen, hau da, maiatzaren 15ean. Beobideren ustez, data horrek ere asko markatu du El-Kurd. 1967ko Naksa edo palestinarren exodoa eta 2008ko Gazako bonbardaketa ere agertzen dira liburuan. «Palestinako poesia Palestinako historia izan da azken mendeetan. Poeta mezularia izan da, talde baten heroia eta memoria ordezkatzen duen pertsona. Palestinako poesiaz hitz egitean, erabaki eta aldaketa politikoek markatzen dituzte belaunaldiak. Horrela sortu ziren 1948koa eta 1967koa, palestinar poeten bi belaunaldi nagusienetarikoak», esan du Katrakakeko kide Hedoi Etxartek.

Berrogei poema inguru ditu liburuak, baina bitan agertzen da bakoitza, Rifqa liburu elebiduna baita: poema bakoitza ingelesez zein euskaraz irakurtzeko aukera eman dute. «Katakraken lehen poesia liburuak aurkeztu ditugu duela gutxi. Bi liburuak elebidunak dira, eta bi kasuetan idazlearen lehen bildumak izan dira», azaldu du Etxartek.

Amona Rifqaren bi irudi

El-Kurden amona Rifqa da liburuko protagonista handienetarikoa. Asko aipatzen du idazleak, eta ongi gogoratzen ditu harekin bizi izandako momentuak. Beobide: «Bere amona pertsona garrantzitsu bat izan zen Palestinaren aldeko borrokan. Rifqaren bi irudi nabarmendu nahiko nituzke, El-Kurdek bere poemetan aipatzen dituenak. Haietako bat amona anbulantzian ikusi zuenekoa da. Israelgo armadak palestinarrei gasarekin erasotzen zienean, ondoren anbulantzietan ematen zieten laguntza, tipula, jogurta eta halakoak erabiliz. Eta bestea, 2009an soldadu israeldar eta estatubatuarrak haien etxeko lorategian agertu zirenekoa da. Soldaduen aurrean jarri zen amona, haiei kontra eginez, bere etxea defendatuz».

Idazleak, bere poema liburuari izenburua jartzeko, poema guztiak lurrera bota zituen, eta, paper guztiei begira, konturatu zen amona zela burura etortzen zitzaiona. Horregatik jarri zion bildumari bere amona Rifqaren izena. «Amona da liburuko gai guztiak komunean jartzen dituena», adierazi du Beobidek. Harreman oso estua izan zuen idazleak amonarekin; horrela deskribatzen zuen: «Amona nire ekintzen ardatza da, nire erritmoaren orkestratzailea eta nire moralaren iparrorratza». Rifqa al-Kurd 2020. urtean hil zen, 103 urte zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.