Zinema. Estreinaldiak

Amona, arazo iturri

Zinemaldian harrera beroa izan ostean, aretoetara ailegatu da Telmo Esnalen 'Urte berri on, amona!'

Joxean Bengoetxea eta Nagore Aranburu dira filmeko protagonistetako bi. BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal zinemagintzari dagokionez, kantitatez zein kalitatez oparoa izan da aurtengo Donostiako Zinemaldia. Imanol Rayoren Bi anai, Asier Altunaren Bertsolari, Enara Goikoetxea eta Iurre Telleriaren Azken bidaia, Telmo Esnalen Urte berri on, amona!... Oro har, kritika onak izan dituzte film horiek guztiek, eta, orain, banan-banan areto komertzialetarako saltoa eginen dute, gutxienez azken hilabeteotan Alberto Gorritiberearen Arriya-k izan duen harrera izateko asmoz.

Telmo Esnalek jakin badaki zer den euskal ikusleen txalo ugari jasotzea. Orain dela sei urte Aupa Etxebeste! egin zuen, Asier Altunarekin batera; film horrek aro berria ireki zuen euskal zinemagintzan. Halere, bi zuzendariok Mikel Garciaren Zeluloidezko begiradak liburuan aitortu dutenez, etxebestetarren arrakastak ez zizkien parez pare zabaldu proiektu berrietarako ateak, eta denbora luze samarra pasatu behar izan du bakoitzak bere aldetik beste film bat aurkeztu ahal izan duen arte.

Oraingoan, Telmo Esnalek hartu du zuzendaritzaren ardura osoa, baina gidoia Altunarekin batera idatzi du. Komedia da Urte berri on, amona!, baina oso komedia beltza. Istorioak erabiltzen duen umorea hainbat gairen gainean hausnartzea proposatzeko baliatu du zuzendariak: familia barneko gatazkak, bakardadearekiko beldurra, hainbat balioren galera eta familiaren desegitea.

Pertsonaia nagusien roletan gurean oso ezagunak diren aktoreak aritu dira Esnalen aginduetara: Nagore Aranburu, Kontxu Odriozola, Joxean Bengoetxea... Protagonista, berriz, Kataluniatik etorri da. Monserrat Carullari amona izatea proposatu zion Esnalek, eta hark onartu. Besteak beste, El orfanato pelikula ezagunean lan egin du aktore katalanak. Horrez aparte, filmak duen musika Javi P3z musikari donostiarrak egin du.

Mari amonak alabaren arreta osoa bereganatzen du, eta haren senar Joxemari nazkatuta dago amaginarrebarekin. Hortaz, Kintxo suhiaren laguntzaz, amona zaharren egoitza batean sartzea erabakiko du, bere emazteak deus jakin gabe.

Hasiera batean, dena uste bezala aterako da, eta amestutako bakea lortuko du Joxemarik. Baina laster batean gauzak okertuko dira: amonak zahar etxetik ihes eginen du, eta senide arteko gatazkak areagotu dira. Hori dela eta, irtenbide bakarra ikusiko dute: amona akabatzea.

URTE BERRI ON, AMONA!

Zuzendaria: Telmo Esnal.

Aktoreak: Montserrat Carulla, Joxean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Pedro Otaegi, Kontxu Odriozola.

Herrialdea: Euskal Herria. Urtea: 2011. Iraupena: 105 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.