Amodioaren jolasak

Sasibill Elkarte Lirikoak 'La del manojo de rosas' Pablo Sorozabalen zarzuela emango du igandean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian

Arkaitz Mendoza, Marife Nogales, Maria Jesus Gurrutxaga eta Josean Garcia, aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2016ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Fresko eta gazte bueltatuko da Pablo Sorozabalen (Donostia, 1897-Madril, 1988) La del manojo de rosas zarzuela Donostiako Viktoria Eugenia antzokira. Sasibill Elkarte Lirikoaren eskutik, musikari gazteek prestatu dute zarzuela hori —igandean emango dute, 19:30ean—. Arkaitz Mendozaren zuzendaritzapean, Marife Nogales sopranoa, Andres del Pino baritonoa eta Igor Peral tenorea izango dira protagonistak.

Sarrerak amaitzear daudela adierazi du eszena arduradun Josean Garciak. Agertoki gaurkotua eta minimalista aukeratu dute, garai berrietara egokitua: «Sorozabalen obra oso aurreratua zegoen bere garaian, baina jende gaztea erakarri nahi badugu, garrantzitsua da gaurkotutako eszenografia eskaintzea. Dena den, belaunaldi berriak animatzeko onena beren adineko artistekin lan egitea da, eta horregatik aukeratu ditugu zuzendari, aktore eta abeslari gazteak».

Sorozabalen musika zuzentzeko lanetan gustura ibili da Arkaitz Mendoza musikari eta BERRIAko kritikaria. Aurretik Sasibillekin lanean aritu da, eta abeslariak ere ezagunak ditu: «Abeslariak etxekoak dira, eta horrek asko laguntzen du; benetan gozatu dut zarzuela hau zuzentzen. Sorozabalen musika oso erakargarria da; bere obra onenetakoa da hau, eta izugarrizko plazera izan da proiektuan parte hartzea».

Aktore eta abeslari lanetan

Mendozaren arabera, Sorozabalen obra oso orekatua da eszena eta musikaren artean, eta horrek lana erraztu du: «Zarzuelak opera txiki baten antza dauka; musika eta ariak ditu, baina baita errezitaldi eta antzerki asko ere. Guztia orekatzeak badu lana, eta horretarako lan bikoitza egin behar dute aktore eta abeslariek. Dena den, musika oso ondo landuta dago, xehetasun askorekin, eta elementu guztiak modu naturalean lotzen dira».

Amodio istorio bikoitza kontatzen du Sorozabalen zarzuelak, klase sozial eta kultural ezberdinen arteko tirabirak protagonista hartzen dituena; antzezlan lirikoa da, vaudeville estilokoa, eta habanerak, pasodoblea eta txotisa nahasten ditu. Mendozaren hitzetan, musikak pertsonaia bakoitzarekin bat egiten du, eta horrek lana errazten die zulogunean jotzen dabiltzan musikariei eta taula gainean dauden abeslariei.

Ascension protagonistaren rola jokatuko du lehen aldiz Marife Nogales sopranoak, eta pertsonaia ezagutu arren, lana izan du bere burua aktore bihurtzen: «Zarzuelaren aria batzuk abestu izan ditut, baina aktore lanetan sekula ez naiz ibili orain arte. Esperientzia gozagarria izan da, Sorozabalen musika ederra baita». Kontrako prozesua bizi izan du Maria Jesus Gurrutxaga aktoreak; haren pertsonaiak baditu abeslari zatiak, eta ikasketa prozesuarekin asko gozatu du: «Sasibill aspalditik ezagutzen dut, eta denak ezagunak gara. Horregatik, oso dibertigarria izan da obra hau prestatzea».

Ez da lehen aldia Sorozabalen zarzuela Viktoria Eugenian antzezten dena, baina, Garciaren esanetan, obrak jendea harritzen du oraindik: «1934an estreinatu zuten obra, musikaria Alemaniatik bueltatu zenean, eta arrakasta hain izan zen itzela, kontzertu osoa errepikatu zuten; ospetsu egin zuen lan honek. Amodio istorioarekin klase borroka eta gerraren ajeak nahastu zituen, garai hura islatuz eta zarzuelan ordura arte ohikoak ziren estiloei buelta bat emanez. Sorozabalek esan zuenez, berritzea ezinbestekoa da aurrera egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.