Amodioaren aldarria oholtzara

Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko Bertsolari Txapelketako finalistak erronkari ihardesteko prest dira

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Txapelketara aurkezteko indarra euskararekiko amodioarengandik sortzen zitzaiola adierazi zuen Mixel Xalbadorrek. Oroitzapen hori azaldu zuen atzo Amets Arzallus bertsolariak azaroaren 13an jokatuko den Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko Bertsolari Txapelketako finalaren atarian. «Euskarak herrialde horietan duen egoera larria eta botere publikoen euskararekiko jarrera ikusita, desamodio horrek eramaten nau indar pixka bat ateratzera bertsotan segitzeko eta finalean kantatzeko». Ikuspegi horretatik jarraikiz, finala bertsozaleen besta izatea izateaz gain euskararen aldeko aldarria izanen dela adierazi zuen Arzallusek.

Euskaltzaleen besta handia batetik eta bertzetik, euskara ospakizun handirik egiteko ez dagoela azpimarratu zuten bertsolariek. Euskararen normalizazioaren bide luzean, Donibane Lohizuneko ekitaldia urrats bat gehiago izatea espero duela nabarmendu zuen Sustrai Colinak: «Espero dut bide hori urratzen joan ahala, gaur egun euskaraz ez dakitenek ikasteko aukera ukanen dutela eta ikasten ez dutenek zerbait galtzearen sentsazioaz gain lotsa sentsazio bat ere ukanen dutela».

Xilaba hiru herrialdeetako bertsolarien txapelketa da, eta euskarak bertan duen egoera protagonista bihurtu dute bertsolariek. Eta mingostasun hori gainditzeko, bertsoaz gozatzeko parada ezin hobea eskaini nahi dute. Alde horretatik, aldarria eztarrian, euskararen besta handia bihurtu nahi dute finala, euskaltzale eta bertsozaleen gozamenerako.

Elkarlanaren besta

Irailaren 18an Muskildin hasi zen Xilaba, eta geroztik egin diren hiru kanporaketa eta bi finalerdietan 800 pertsona inguru bildu dira. Gazteen parte-hartzea handia izan da saioetan, eta horiekin batera ohiko bertsozaleak izan direla nabarmendu du Joana Itzaina Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak. Bertsolaritzak hiru herrialdeetan duen susperraldia elkarlanaren fruitua dela nabarmendu zuen.

Oihartzun handia ukan du txapelketak, eta horren adierazlerik garbiena Xilaba.net webguneak ukan duen bisitari kopurua dela nabarmendu du Itzainak. «Saioetako bideoak 13.000 aldiz begiratu dituzte jendeek, eta, oro har, 100.000 bisita ukan ditu webguneak».

Begiak finalera begira. Saioa hasi aitzin, Xutik taldeak txapelketarako prestatu duen melodia joko du, eta, horrez gain, finalerako egin duen kantua. Bertsolari, gai-jartzaile eta epaileak prest finalari ekiteko. Ikusleek kontuan ukan beharko dute aparkatzeko zailtasunak egonen direla.



Finala

Noiz:Azaroaren 13an.

Non: Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan, 17:00etan.

Gai-jartzailea: Joana Itzaina.

Epaimahaikideak: Jon Garmendia, Eneko Bidegain, Joakin Arregi, Beñat Soule eta Asier Ibaibarriaga.

Txapeldunari txapela: Mixel Itzainak ezarriko dio txapeldunari txapela.

Sarrerak: 2.500 sarrera inguru dira salgai, eta dagoeneko 500 saldu dira. Bazkideentzat 12 eurotan dira txartelak, 16 urtez beherakoentzat bost eurotan, eta 10 urtez beherakoentzat urririk. Bertzeak, 18 eurotan.





Zortzi finalistak

Odei Barroso
«Pozik nago txapelketak ukan duen oihartzunarekin eta egin dudan lanarekin. Zortzikote polita osatu dugu. Jendeak arreta handiz egin dio kasu txapelketari, eta eskertzekoa da. Txapelketa osoan eman digun beroa itzuli nahi diogu finalean jendeari».

Sustrai Colina
«Jendeak aski erantzun baikorra eman du txapelketan, eta saioetako maila ere garenaren edo Ipar Euskal Herriko bertsolaritza denaren aski argazki leiala izan da. Finala beti da zerbait ezberdin. Nehork ez daki zergatik eta zeren arabera, baina, hasteko, plaza handi bat da».

Eneritz Zabaleta
«Finala euskaldunon festa bat izanen da. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskaldunok ez dugu besta anitz. Ea geure buruaz harro egoteko bidea dugun. Ea parada dugun erakusteko hemen ere euskaraz bizitzen ahal garela eta eguna borobiltzen dugun».

Joanes Etxebarria
«Badakit talde honetako ardi beltza naizela, zubereraz kantatuko duen bakarra naizelako. Bertsotan hasi berria eta berde banaiz ere, zortzikote honekin batera final eder bat eskaini nahi nuke. Neure burua aipatu arren, indar kolektibo gisa ikusten dut txapelketa eta finala».

Miren Artetxe
«Uste dut gure partetik ideia bat nagusitzen dela: guztiek arratsalde on bat pasatzea Donibane Lohizunen. Txapelketako finala bertsolaritzak Ipar Euskal Herrian hartu duen indarraren erakusleihoa izatea espero dugu, eta bertakoei saio goxoa eskaintzea».

Amets Arzallus
«Euskararen egoerak eragiten duen minetik eta euskaldun zein bertsozaleen aitzinean kantatzeak eragiten didan pozetik eginen dut bertsotan Donibane Lohizunen. Txapelketako finala besta handi bat da, baina baita ere aldarriaren eguna izan behar da».

Xumai Murua
«Lehia bezainbat, lagun arteko elkarlana izan da txapelketa. Lan horren fruitua izan da giroa, eta saiatuko gara indar eta poz hori plazara ateratzen, jendeari itzultzeko txapelketan eman digun indar hori. Elkarlana izan da finalera ekarri nauena, eta horrela ikusten dut finala».

Ekhi Erremundegi
«Milaka pertsona bilduko dira finalera, eta horrek argi erakusten du ez dela egun bateko uzta, baizik eta urteotan eta egunero jendeak egin duena lanaren fruitua. Urte osoan egiten den eta egin behar den lan horren erakusleihoa izan behar du finalak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.