Jurgi Ekiza. Willis Drummond taldeko kidea

«Amodioa da mundua aldatzeko gakoa»

Willis Drummondek 'Zugzwang' diskoa kaleratu du; taldeak gaurko gai sozialei buruz duen ikuspegia azaltzen du lanak.

Willis Drummondeko Jurgi Ekiza, Felix Buff eta Xan Bidegain, disko berria aurkezten, atzo, Bilbon. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Eskisabel.
Irun
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Frantziako presidentetzarako 2017ko bozen bigarren itzuliko lehia Emmanuel Macron eta Marine Le Penen artean jokatzeak ataka estuan jarri zituen joera ezkertiarreko hainbat hautesle. Zer egin? Eskuin muturra geldiarazteko Macroni botoa eman eta liberalismoa sostengatu, edo etxean gelditu eta inork Fronte Nazionaleko hautagaiaren garaipen posiblea eragozteko ezer egin ez izana leporatzeko aukera bizkar gainean hartu? Horretaz asko eztabaidatu zuten Willis Drummondeko kideek. Erabakiaren konplexutasuna laburbildu du Jurgi Ekizak. «Beti bada eskuin muturraren beldur hori, baina zerk eragiten du eskuin muturrak gora egitea? Ezberdintasunak sakontzen dituen sistemak elikatzen du eskuin muturra, kapitalismoak. Beraz, liberalen alde egiteak dakar arazoak hor segitzea; eskuin muturrak gora egiten segitzen du, ez baita borrokatzen haren kontra».

Dilema hori dago taldeak gaur argitaratu duen disko berriaren izenburuaren oinarrian. Xakean, nahiko ez lukeen mugimendua egitera behartuta dagoen jokalariaren egoera izendatzeko erabiltzen da zugzwang hitza, eta Ekizari baliagarria iruditu zitzaion «egoera politikoa mundu zabalean» azaltzeko idatzitako abestian txertatzeko eta disko osoa izendatzeko. «Pertsonaletik haratago, gogoa genuen erakusteko mundua nola ikusten dugun talde gisa», adierazi du taldeko abeslari eta gitarristak. Hortaz, diskoko abestietan agertzen diren gaietako batzuk dira krisi ekonomikoa, klima larrialdia, emakumeen borroka, Kataluniako prozesu independentista, jaka horien mugimendua, langileen prekaritatea, globalizazio kulturala, kolektiboaren galera eta indibidualismoaren gorazarrea.

Diskoaren izenburuak ezintasuna agertzen badu ere —«edozer gauza eginda, galdu egiten dugu»—, mezu baikor bat zabaldu nahi du taldeak azken abestian, Galdera(k)-en. «Ez dizut nik erranen arazorik ez denik, baina gehienek badute aterabiderik. Azkenean galdera ez da 'nola egin?', baizik eta 'zergatik ez dugu egiten?'», abesten du Ekizak. «Mezu baikor batekin amaitu nahi nuen, jendeari esan ez garela kondenatuak. Egin dezakegu zerbait aldaketa klimatikoaren aurka, baina zergatik ez dugu egiten? Beldurrak ditugulako, mundua aldatzearekin batera gure mundua ere galtzeko beldurra. Horrek blokeatzen gaitu». Beldurrari amodioa gailentzea proposatzen du Ekizak abestian. Hitz hori hogeita bi aldiz errepikatuz ematen dio bukaera diskoari. «Askotan, beldurragatik ez ditugu egiten maitasunez egingo genituzkeen gauzak. Gakoa horretan datza. Maitasuna da munduko arazoak konpontzeko eta aurrera egiteko gakoa».

Willis Drummondek hirukote gisa argitaratzen duen estudioko lehen lana da Zugzwang (Tabula Rasa) —iaz Live kaleratu zuen, zuzenean grabatua—. Joseba Baleztena gitarristak taldea utzi zuen Tabula rasa aurreko diskoaren bira amaitutakoan. «Dezepzio txiki bat izan zen», gogoratu du Ekizak; «gustura geunden harekin eta taldeari ematen zionarekin, baina nabaritzen zen ez zuela taldearen erritmoa hartzen. Willis Drummondek eskatzen du denbora gehiena taldeari ematea, eta Josebaren filosofia ez da sekula hori izan. Berak maite du proiektu ezberdinetan parte hartzea, eta nabaritzen zen funtzionatzeko maneran ez zela gustura. Beraz, ez zen sorpresa izan».

Haren hutsuneaz gogoetarik egiteko astirik gabe, Japoniara abiatu zen hirukotea, kontzertu batzuk ematera. «Ziur ginen jarraitu nahi genuela, baina ez genekien beste gitarrista bat hartu edo ez. Erabaki genuen Japoniako bira hirukote moduan egitea, eta handik sartzean Gure Tokiak gaztetxeetako bira egitea, eta ondo pasatzen bazen horrela segitzea». Hirukotean hastean, taldearen soinua «pobretu» egin zen, baina aldi berean «zerbait efikazagoa, gordinagoa» bihurtu zela dio Ekizak, «eta jendeari gustatzen zitzaion».

Hiru kide, entitate bakarra

Hiru direnetik —Ekizaz gain, Xan Bidegain (baxua) eta Felix Buff (bateria)— taldea «entitate bakar bat» bilakatu dela dio abeslariak. «Bat egiten dugu asko. Ez dugu lider bat: hirurok garrantzi bera dugu. Eta disko hau hiruron nahasketa bat da; hiruron iritziak eta ekarpen musikalak daude bertan». Horrekin lotua dago azalaren diseinua. Gizonezko baten argazkia da; ez da taldekideetako inor, baina badu hiru taldekideetatik. Ramon Zabalegi diseinatzaileak hiru taldekideen aurpegiak nahastu ditu morphing teknika erabiliz, irudi errealista bat sortzeko. «Bat gehi bat gehi bat berdin bat: hori zen ideia. Willis Drummonden aurpegia da», azaldu du Ekizak.

Hain zuzen, denek konposatzen dute Willis Drummonden, baina Zugzwang-en Felix Buffek pisu handiagoa hartu du besteetan baino. Diskoko hamar kantuetatik zazpi bateria jotzaileak sortutako maketetatik abiatuta osatu ditu taldeak. Bateriak, baxuak eta gitarrak grabatu ditu etxean, eta zenbait kasutan ahotsetarako ideia batzuk ere proposatu ditu. Material horrekin, taldeak aldatu egin du abestiakkonposatzeko prozesua disko honetan.

Astero entsegu lokalean sartuta landu ordez, Bordele inguruko etxe batera joan ziren astebetez kantuak maketatzera, eta handik hilabetera beste astebete egin zuten Xan Bidegainen familiaren etxe batean, kantuak zehazten eta egituratzen. Ondoren hasi zen Ekiza hitzak idazten, doinu bakoitzak iradokitzen zitzaion giroarekin lotuz, eta, azkenik, Atala estudiora sartu ziren grabatzera, Johannes Buff soinu teknikari eta ekoizlearekin. Thurston Moore, The Drones, Lee Ranaldo, Enablers eta beste askorekin aritutakoa da, baita Joseba Irazoki, Lumi eta Orbelekin ere. Felixen anaia izanagatik, lehen aldia du Willis Drummondekin. «Istanteak diskoa nahastu zuen Johannesek, eta Felixek aspaldi zuen gogoa probatzeko, baina ez genuen uste haren ekoizpen eta soinu estiloak bat egingo zuenik gure musikarekin».

New Yorken eta Lyonen bizitakoa da Johannes Buff, baina duela bi urte Baionan instalatu zen, eta taldearentzat une egokia zen harekin lan egiteko. «Disko hau nolabait familian egiteko gogoa genuen, buruhausterik gabe. Kantuak landu, estudiora joan, eta grabatu. Sinpleki. Musikari eman lehentasuna, eta ez grabazioaren esperientziari». Asmatu dutelakoan da Ekiza. «Sorpresa oso-oso ona izan da Johannesekin lan egitea. Bere ikuspegia du, eta uste badu kantuak baduela behar duena, ez du ezer gehiago grabatzen. Erabaki asko momentuan hartu dira, eta gu kontent ginen haren erabakiekin. Abeslari batentzat ere oso ekoizle fina da, zeren berak badaki zer nahi duen, eta argi esaten dizu. Buruhauste asko ebitatzen dizkizu».

Burke Reidek Tabula rasa-ri emandako soinu pisutsuaren aldean, arnasa gehiago du lan berriak. Ehundura, moldaketa eta aire berriak antzematen dira soinuan zein konposizioetan. «Felixek kultura musikal aski zabala du, eta freskotasuna eman dio taldeari. Guk ekarriko ez genituzkeen gauza batzuk ekarri ditu, baina sorpresa izan da ikustea hirurok hasi garenean kantuak lantzen berehala hartu dutela Willis Drummonden airea».

Lehentasuna lehen singlea da adibideetako bat, zeinean poparen ildo arin eta itsaskorrera gerturatu den taldea. «Guri ere bitxia egin zitzaigun jotzen hasi ginenean, ez baitzen gure estiloa», aitortu du Ekizak, «baina gero gustua hartu genion. Willis Drummonden ukitua du, betiko zaleek gustukoa izateko adina, eta, aldi berean, uste dugu zale berriak erakartzeko balio ahal duela».

Lurrunaren atzean abestiak kontrasteekin jolasten du, perkusio eta gitarren pasarte zaratatsu eta «desatsegin» batetik zati goxo eta amultsu batera egiten baitu jauzi. Bigarren aukera izenekoan, Anari Alberdik jarri du bigarren ahotsa, eta, hala egituraz nola melodiaz, harena izan zitekeen kantua. Felix Buffek aita hil zitzaionean idatzitako abestia da, eta crescendoa lehertzen denean sartzen da Anariren boza. «Azken momentuan grabatu zuen, Johannesen etxean, eta, abesten ari zelarik, hirurok elkarri begiratu genion, guztiz hunkiturik». Abestiaren «western kutsua» zela eta, Igor Telletxearen tronboia eta Joseba Irazokiren lap steel gitarra gehitu dizkiote.

Izaki askeegiak abestiak, berriz, 90eko hamarkadako indie-rockaren oihartzuna dakar, eta Galdera(k)-en free-jazz ukituko saxofoi batek igotzen du tentsioa. Ez dira falta, hala ere, Willis Drummondekin berehala identifikagarriak diren abestiak (Oraintxe bertan, Zugzwang, Behin baziren, Sari soziala, Sugar baby.Sugar Daddy.Sugar herri).

Durangoko Azokako Ahotsenean egingo du taldeak lehen zuzeneko aurkezpena, abenduaren 5ean, baina 2020ko urtarrilean abiatuko du bira: Bilbon 17an eta Miarritzen 31n. Otsailaren erditik martxoaren erdialdera bitartean, Japoniara itzuli eta Australiara joango dira lehen aldiz. Ondoren, Bartzelonan eta Madrilen aurkeztuko dute diskoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.