Amnesiaren aurka borrokan

Carmen Castillori eman dio Donostiako Giza Eskubideen XX. Zinemaldiak aurtengo ohorezko saria. Memoria «etenik gabeko guda bat» dela aldarrikatu du dokumentalgile eta idazle txiletarrak

Carmen Castillo zinemagilea, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik jaialdiaren saria jasotzen, atzo goizean eginiko agerraldian, Donostian. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Augusto Pinocheten estatu kolpearen ondorioz, erbestealdi luze bat hasi behar izan zuen Carmen Castillok (Santiago, 1945). Lehen urteetan, Txileko erresistentziaren aldeko laguntza bila ibili zen batetik bestera, eta Paris hartu zuen bizilekutzat gero. Han ekin zion dokumentalak egiteari, baita liburuak idazteari ere, sorterria, diktadura eta erbestea hizpide nagusitzat hartuta gehienetan. Ahanzturaren aurka borrokan ari da oraindik, memoria «etenik gabeko guda bat» baita harentzat. Bere bizitzan zein zinemagintzan giza eskubideen alde erakutsitako konpromisoa aitortu dio Donostiako Giza Eskubideen XX. Zinemaldiak, jaialdiaren ohorezko saria hari emanda. Atzo iluntzean jaso zuen garaikurra, Aitor Mendizabalen Oroimena-Memoria eskulturaren erreplika, jaialdiari hasiera emateko ekitaldian, Viktoria Eugenia antzokian. Txileko kolpetik 50 urte betetzear direnean.

Garai hura eta ondorengo urteak oso modu gordinean bizi behar izan zituen Castillok. 1973ko irailaren 11n eman zuen Pinochet jeneralak estatu kolpea, eta haren erregimenak urte bereko urriaren 26an kanporatu zuen Castillo haren sorterritik. Hiru aste lehenago, urriaren 5ean, Santa Fe kaleko etxeari eraso egin zion Dina Polizia sekretuak. Santiago hegoaldeko etxe hartan, klandestinitatean bizi izan ziren bera eta bere kidea, Miguel Enriquez MIR Ezker Iraultzailearen Mugimenduko burua, bi haur txikirekin. «Zoriontasuna egunero ukitzen genuen bizitza bat zen hura; mehatxua kanpoan zegoen, baina etxean bizitza zegoen», ekarri du gogora. Poliziek Enriquez hil zuten, eta larri zauritu Castillo, haurdun zegoela. Atxilotu, kanporatu, eta erbestealdia hasi zen harentzat, aurrena Cambridgera (Ingalaterra), gero batetik bestera ibiltzera, eta, azkenik, Parisera eraman zuena.

Erbesteari lotuta, Maria Zambranoren hitzak beti gogoan dituela azaldu du Castillok. «Hark, Espainiara itzultzean, esan zuen inork ezingo zizkiola erbestealdiko berrogei urteak kendu; bere bizitza zela, eta sakratua zela. Nik barru-barruan sentitu izan dut hori. Ez diot inori opa erbestea, sufritzen dena, urradura hori; baina guk ez diogu hura oparitu torturatzaileari, kriminalari, diktadoreari, hil nahi gintuenari. Hiltzeko makina hori inperfektua da, eta horregatik gaude hemen, giza eskubideen aldeko borroka beti izango baita garaile», aldarrikatu du, irmo. Eta ziurtasun berarekin gaineratu du: «Bizirik iraun nuen, erbesteratu egin ninduten, eta erbesteak, beste gauza askoren artean, zinema oparitu zidan».

Historialaria izanik, azaldu du ez zetorrela irudiaren mundutik; 1990eko urteetan, Txilen demokraziarako bidea egiten ari ziren aldian hasi zela zineman, artean «inpunitatea eta garaileen harrokeria» nagusi zirenean. La Flaca Alejandra (1994) ondu zuen garai hartan, historia hurbil hari lotutako filma. Eta urte asko pasatuta, 2002an, Santa Fe kaleko etxe hartara itzuli zen. «Gaizkiarekin obsesionatuta egonik, hiltzeko makina eta tortura aztertzearekin, ez niola ordura arte erreparatu ongiaren keinuen indarrari». Itzulera hartan jakin zuen bere bizilagun bati esker atera zela handik bizirik; odol putzu batean zetzala, Manuel Diazek handik jaso, militarren hesia gainditu, eta anbulantzian sar zezatela exijitu zuen, eta segidan etorritako «keinu on eta ausarten kate batek» eragin zuen, azaldu duenez, bera egun bizirik egotea. «Orduan, buruak bira bat egin zidan, eta ongiaren keinuek bizi osorako konpromisoa dakartela jabetu nintzen». Bere eta bere belaunaldiaren konpromisoaz pentsatzera eraman zuen horrek, eta «film koral bat» sortzera. Bertan, elkarrizketatuei —gehienak, andreak— galdetzen die, sufrimendu horren guztiaren ondotik, ea konpromisoak merezi izan zuen; baiezko erantzunak harilkatuz doaz kontakizunean.

Calle Santa Fe (2007) filma izan zen itzulera bidaia eta gogoeta haren emaitza. Cannesko jaialditik igaro ostean, lan hura Donostiako Zinemaldian erakutsi zuen. Eta atzo, Donostian berriro ikusi ahal izan zen, Antzoki Zaharrean.

Iraganari, orainetik

1990eko urteetan zinema egiten hasi zenerako, Castillok harremana bazuen autore kutsuko dokumentalgile frantsesekin. «Eta jabetu nintzen, agian, isiltasunak eta gorputzak hitz egin zezaketela nik hitzekin azal nezakeena baino gehiago». Bere filmak «ezkutuan zeuden errealitateak» ikusarazi eta zirrara eragiteko asmoz ondu zituen, nahiz eta azaldu duen Txilen ez zirela askorik eman. «Niri zinema iruditu zitzaidan tresna bat artxibatuta ez dagoen memoria baten inguruan galderak eta gogoetak sortzeko». Eta, hain justu, azpimarratu du ideia hori kontu handiz zaintzen duela bere lanetan. «Nire asmoa ez da iragana artxibatzea edo museoan jartzea; asmoa da memoria orainetik berraktibatzea».

Txileko estatu kolpetik 50 urtera, memoriaren borroka horretan aurrerapenak izan direla uste du, bereziki desagertuen amen elkarteen eskutik heldu direnak, baina ohartarazi du inpunitateak hor segitzen duela eta amnesiak ez duela ezer onik ekarriko. «Memoria eta historia lantzen ez diren bitartean, Txileren maldizioak bere horretan iraungo du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.