Amikuzeko aldia hasiko du gaur EHZ festibalak

Hainbat txaranga, rap kantari eta musika talderen artean, aurten 28. EHZ festibala eginen dute, Amikuzen. Broken Brothers Brass Band txarangaren doinuaz hasiko da festa, gaur arratsaldean, eta igande gauera arte iraunen du.

Old School Funky Family taldeak itxiko du festibala igandean. EHZ
Old School Funky Family taldeak itxiko du festibala igandean. EHZ
Ainitze Arrizabalaga
2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Lehen aldiz, EHZ festibala Amikuzen (Nafarroa Beherea) eginen dute, eta antolakuntza mailan «oso ongi» pasatu dela erran du Leire Fagoaga EHZko kideak. Hastapenetik biztanleekiko harremana biziki ona izan dela erran du, muntaketan haien laguntza proposatu dutela, eta horri esker denek elkarrekin «aitzina egiteko» parada izan dutela.

Ipar Euskal Herriko festibal horrek hainbat helburu ditu; besteak beste, berez elkar ezagutuko ez luketen jendeak elkartzea, eta kultur eta jatorri aniztasuna sortzea. Festibalera Euskal Herri osoko jendea datorrela azaldu du Fagoagak,  barnealdekoak zein kostaldekoak, eta Hego Euskal Herriko jende geroz eta gehiago datorrela dio. Festa egitera etortzeaz gain, beren burua laguntzaile izateko proposatzen dute. Horrek bide ematen dio Euskal Herri osoko jendeen batasun berezi bati, antolatzaileen arabera. Jendea urrunetik etorriko da festan parte hartzera, eta horiendako kanpin bat izanen da, baita aparkaleku handi bat ere, biak urririk festibalarientzat.

Aurtengo aldirako, musika taldeen hautua egiteko, abenduan hasi zirela azaldu du Fagoagak. Estilo guzietako euskal taldeak lortzea antolatzaileen helburuetariko bat zen. Horrez gain, jaialdia oraindik ezagunak ez diren taldeak oholtzara eramateko parada dela gehitu du. Ostiralean, besteak beste, Auhen taldea eta Janus Lester entzuten ahalko dira. Larunbatean, berriz, Punttu Kakotx txaranga gaztea deskubritzeaz gain, Su Ta Gar metal talde «mitikoa» entzuteko parada izanen da. Igande gauean, Old School Funky Family taldeak itxiko du festibala.

«Herritik eta herriarentzat»

EHZ elkartea hainbat kontzeptuk definitzen dute: feminismoak, antikapitalismoak, ekologiak, askatasun sexualak, baita kultur aniztasunak ere. Ondorioz, EHZn edozein motatako eraso guzien kontrako protokoloak plantan ezarri dituzte; adibidez, eraso sexisten, lesbofoboen, homofoboen eta arrazisten aurkakoak. Protokolo hori eraso konkretu baten parean soilik abiatuko dute. Horregatik, oso garrantzitsua da prebentzioa egitea, Fagoagaren ustez. Horren bidez «denentzat segurua» den leku bat sortzea dute helburu.

Festibalaren beste berezitasunetariko bat da laguntzaileen eskutik egiten dutela hasieratik bukaeraraino. Aurten ere, festibalean parte hartuko duten laguntzaileek «aski errazki» proposatu dute beren burua. Haien artean, adin guzietako jendea bada. Oro har, igandeko lan txanda batzuk izan ezik, ordutegi guzia betetzen lortu dute antolatzaileek. Zehaztekoa da festibalean izanen den segurtasuna EHZk soilik kudeatzen duela, hau da, kanpoko enpresa baten laguntzarik galdetu gabe. EHZ festibala «herritik eta herriarentzat» egiten den ekintza bat da, antolatzaileen erranetan.

EHZn edozein motatako eraso guzien kontrako protokoloak plantan ezarri dituzte: adibidez, eraso sexisten, lesbofoboen, homofoboen eta arrazisten aurkakoak

Kontzertuei leku berezia eginik ere, ez da hori bakarrik izango festibalean, beste gune batzuk ere baditu eta: antzerkirako eta eztabaidarako txokoak. Eztabaida gunean egiten diren eztabaidak, erraterako, aktualitatean eta historian oinarritzen dira, baita nazioarteko gertakarietan ere. Larunbatean hasiko da txoko horretako egitaraua, Immigrazioaren kudeaketa faxista hitzaldiarekin:Frantziako Immigrazio Legeaz eta Europako Paktuaren gaiaz arituko dira Alaine Aranburu, Aitzane Lasarte eta Ilazki Ortego. Igandean, berriz, Palestinako egoera izanen dute hizpide, Palestina: kolonizaziotik genozidiora hitzaldiarekin. Egoeraren jatorria eta bilakaera izanen dituzte ahotan Askapenak eta Palestinarekin Elkartasuna elkarteak, Amaia Mujikaren gidaritzapean. Eztabaida txokoa «beti betea» izan ohi dela segurtatu du Fagoagak.

Antzerki eta zirku txokoko eta plazako eguneko ikusgarri guziak urririk izanen dira. Hainbat emanaldi ikusten ahalko dira egunez txoko horietan; besteak beste, Euskabaret taldearen ikusgarria eta Pantzo Man Show. Aldiz, gaueko kontzertuak ikusteko, lekua hartu beharko da, eta aitzinetik eskuratu ez dutenentzat bertan erosteko aukera izanen da.

Gaurko egitaraua

  • 18:00. Plaza. Broken Brothers Band
  • 20:00. Antzerki-zirku gunea. Euskabaret
  • 20:15. Arberatze. Janus Lester
  • 21:45. Arberatze. Auhen
  • 23:30. Arberatze. Belako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.