Ameztoiren obrekin, etxe giroan

Artistaren lanekin, 'Etxe-Ondotik' erakusketa zabaldu dute Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean

Virginia Montenegro eta Virginia Ameztoi arduratu dira erakusketako lanak apailatzeaz. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2013ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Etxetik herrira emandako pausoaren ondoren, herritik hiribururako urratsa egin dute orain Vicente Ameztoiren Etxe-Ondotik erakusketa osatzen duten lanek, baina etxe giroa galdu gabe, erakusketa «intimoa» baita, Virginia Montenegrok, artistaren alargunak, adierazi duen moduan. Artistak 30 urtean egindako ibilbidea laburbiltzen duten 50 inguru piezak osatutako erakusketa da, iaz artistaren heriotzaren hamargarren urteurrena gogora ekarrizVillabonako (Gipuzkoa) herriaren ekimenez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz herriko Gurea zinematokian ikusi ahal izan zena, eta atzodanik martxoaren 23ra bitarte Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko Ganbara aretoan bisitatu ahal dena. Margolanekin eta era askotako obra grafikoekin batera —aldizkarien azalak, kartelak, koadernoak…— objektuak ere badira erakusketan, artistaren mundu pertsonalaren isla guztiak; erretzeko pipa eta eguzkitako betaurrekoak, adibidez.

Iaz Villabonan ikusi zen erakusketa bera da, oro har, egunotan Donostian ikus daitekeena, baina Donostiakoan badira Villabonakoan ikusi ez ziren hainbat obra, hala nola 1977ko olio pintura bat, Maiatza Dantzan jaialdiaren 1988ko ekitaldia iragartzeko egindako kartela eta Ostias XXL de hachís izenburua duen kutxa, haxixez egindako opilez betea.

Vicente Ameztoiren Etxe-Ondotik erakusketa osatzen duten obra gehienak bilduma pribatuetakoak diren arren, badira Virginia Montenegrok eta Virginia Ameztoik —artistaren alargunak eta artistaren alabak— Villabonako Etxe-Ondo etxean gordetako piezak ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarenak diren bi olio pinturaz gain.

Ameztoik harreman estua izan zuen Koldo Mitxelena kulturunearekin. Eliztarrak-Mundutarrak erakusketa, Remelluriko ermitarako (Bastida, Araba) egindako margolanekin osatutakoa, hantxe izan zen ikusgai 2000. urtean; aurretik ere Koldo Mitxelena kulturunean egindako era askotako erakusketetan parte hartua zen Ameztoi, Ganbara aretokoetan bereziki. Horregatik, areto horretan erakusketako prestaketa lanetan ibili denean, «edozein unetan Vicente bera han agertuko zelako irudipena» izan du askotan Virginia Montenegrok.

Arteleku arte gunearekin ere lotura estua izan zuen, haren hastapenetan batik bat, lantegi asko zuzendu baitzituen; 1990ean Carne & Clorofila zabaldu zuen han, ordura arteko bere ibilbidea laburbiltzen zuen erakusketa. «Garai hartako sorkuntza eta kultura mugimenduari, euskal kulturari eta Gipuzkoari oso lotuta egon zen, eta hainbat argitalpen ezagunekin ere egin zuen lana, Zeruko Argia-rekin eta Euskadi Sioux-ekin, besteak beste», Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak azaldu duenez.

Errealitate sozialaren islak

Pintore surrealista eta onirikotzat jotzen duten arren Ameztoiren obrak bere garaiko eta inguruko errealitate soziala ere indar handiz islatzen duela adierazi duFrantxis Lopez Landatxek, Koldo Mitxelena kulturuneko zuzendariak. «Ameztoi eta bere inguruan ibili ziren artista batzuk surrealismoan kokatu izan dituzte», esan du Lopez Landatxek. «Bazirudien mundutik at bizi zirela, beti ondo pasatzen. Nik errebindikatu nahi dut hori ere egia dela, baina horrekin batera gizartean gertatzen zenaren lekukotasuna eman zutela, ispilu ikaragarriak zirela, eta gizarteak behar zituen hausnarketetarako iruditeria bat sortu zutela». Erakusketako lan asko horren froga argiak direla iruditzen zaio.

Ameztoiren alderdi sozial hori guztiz agerikoa da Zeruko Argia aldizkarirako 1978. eta 1979. urteetan egin zituen hamasei azaletan ere. Argia astekariak azal horiek argitaratu ditu orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.