Ametsondotik jausitako sagarkadak

'Ametsondoa' liburua plazaratu du Peru Magdalenak. 79 ipuin labur egin ditu, «giza iruditeriaren oinarrizko sinboloen gainean»

Maialen Unanue
Donostia
2017ko urriaren 26a
00:00
Entzun
«Ipuin laburrak dira batzuk, labur-laburrak beste batzuk, etalabur-labur-laburrak beste batzuk». Eta, aldi berean, testu guztiak «giza iruditeriaren oinarrizko sinbolo batzuen gainean» sortutakoak dira. Halaxe deskribatu du Peru Magdalenak (Berriz, Bizkaia, 1980) Ametsondoak (Elkar). «Ipuin batzuk onirikoak dira, ametsen munduko irudi oinarrizko horiekin eginak, surrealistak, absurdoak, kutsu filosofikoa daukatenak, umorearen kolpez lagunduak beste batzuk, nik ere uste baitut, Nietzschek bezala, umorea dela daukagun armarik eta interesgarri eta indartsuenetako bat, oharkabean harrapatzeko inguratzen gaituena, eta geure burua ere bai».

Sagarrondoek sagarrak eta gaztainondoek gaztainak ematen dituzten gisara irudikatu du ametsondoa Magdalenak: «Jolas egin dut ametsez osatutako zuhaitz edo izakiarekin: ametsetan izan du liburu honek oinarria». Egunerokoan, loaldian, hain ohiko izanik ere, ametsen presentzia gero eta urriagoak atentzioa ematen dio idazleari: «Susmoa daukat gure egungo gizartean gero eta gutxiago erreparatzen diegula ametsei: gutxiago begiratzen diegu, arreta gutxiago jartzen, eta gero eta gutxiago hitz egiten dugu haietaz».

Magdalenak kontatu duenez, greziarrek bi amets mota bereizten zituzten: «Pilatutako irudiz gainezka etortzen zaizkigun ametsak dira batzuk, eta besteak, beraien esanetan, jainkoen mezuak ziren». Jainkoen mezu horiek «inkontzientearen mezu» moduan ulertzen ditu Magdalenak: «Geure barren-barrenekoak dira, arrazional mailara heldu gabeko geure izaki-animalia indartsu horrek ematen dizkigun mezuak dira».

Halako zenbait amets «kateatu» zitzaizkion, eta, literatur gaitasuna sumatu zienez, idazten hasi zen. «Gerora joan nintzen sakontzen eta sakontzen, giza irudi oinarrizko horiengan, nigan eta gugan; beti, ikuspegi freudiar batetik baino, Carl Jungen ikuspegitik, hau da, inkontzientea, errepresio eta ezintasun batzuen arma baino, gehiago ikusten dut irudi arketipikoz osatua eta inkontziente kolektibo baten barruan dagoen arma bat bezala».

Bilaketa faseari ekin zion, orduan: «Arakatzen hasi nintzen, neugan eta inguruko literaturetan, testu zaharretan, idazle mistikoetan, Ameriketako txamanen ipuin sinbolikoetan...». Guztietan zenbait sinbolo errepikatu egiten zirela konturatu zen Magdalena eta irudi horiek erabili dituAmetsondoa-n: «Desertuak, gaua, otsoak, amatasuna... Geure kulturan ere badaude: harria, baserria, perretxikoak eta beste zenbait sinbolo kulturalki ere markatzen gaituztenak».

Ipuin solteak eta sortak

Asko omen dute «irrazionaletik» ipuinek, idazlearen beraren esanetan: «Neuk ipuin asko ez ditut ulertzen, horretara jartzen naizenean». Dena den, gustatuko litzaioke irakurleengan eragitea: «Nahi nuke kolpetxo hori, Newtoni jausi zitzaion sagarraren moduko sagarkada batzuk ematea irakurleari, nolabaiteko esnatze bat eman dadin, edo gauzak beste era batera ikusteko, eta bizitzari, aldi berean, sakontasun eta arintasun bat emateko».

79 ipuin batu ditu liburuan, eta independenteak dira gehienak. Dena den, elkarren artean lotuta dauden ipuin sorta bat dago; Liburuaren irakaspenak ez ahaztu izenburupean egin ditu. «Ironiatik badu apur bat, liburu batean jarriz ez ahazteko liburuaren irakaspenak...». 2014 inguruan hasi zen ipuinok idazten, eta pare bat urtetan bukatu zituen. Astebeteko itxialdi batekin amaitu zuen liburua: «Egun guztia honetara emanda pasatzen nuen, askotan esnatuz eta lokartuz, nahita: lauretan esnatu, bostetan siestatxo bat... Ametsen ertzean, Jung eta beste hainbeste irakurtzen, sinbolo horiekin bueltaka: hori izan zen azkeneko bultzada».

Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak ez daki Magdalenak modu kontzientean edo inkontzientean egiten duen, baina uste du hark egindako artelan guztietan badagoela asmo bat «egiak, onak eta ederrak, denek bat egiteko»: «Bada sormenaren, pentsamenduaren eta gizakiaren kontzientziaren gune komun bat, bai pertsonarengan bai gure espeziaren historian ere, eta esan daiteke momentu horretatik, ideien muin komun batetik sortu izan direla filosofia, erlijioa edo mistika eta estetika». Magdalenaren obrak ere muin horretatik sortzen direla uste du Mendigurenek. Eta, nahiz eta muin horretatik sortu beti, haren lanak beti dira desberdin, editorearen esanetan: «Aldakorra da bere artea, eta liburu bakoitza beti da originala eta desberdina: nik uste dut ez errepikatzeko eta arriskatzeko behar edo nahi bat sentitzen duela, ez hainbeste inperatibo estetiko moduan, baizik eta ez aspertzeko, jolasteko».

Ipuin laburrez osatutako liburua izanik, behin baino gehiagotan irakurtzeko modukoa dela uste du Mendigurenek. «Ipuinek badute filosofiatik, filosofiak arrazionaltasunetik duen guztia kenduta, badute mistikatik, baina mistikak transzendentziatik duena kenduta, eta umorea erantsita. Eta, azkenik, noski, badu literaturatik: literatura surrealista da neurri batean, paradoxarekin jokatzen duena, pentsarazten duena...».

Gotzon Garaizabal Pildainen Sagarrondoa koadroa du azalean Ametsondoa-k. «Portada zoragarria da, eta barruko ilustrazioak, tamalez, nik eginak dira», esan du Magdalenak irribarretsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.