Bizitzan amets egitea beharrezkoa dela erakustea du helburu Doctor Deseo musika talde bilbotarraren disko berriak. Eta hortik dator, Al amanecer seguir soñando (Baga Biga) izenburua. «Aurreko diskoan desioen eremua landu genuen. Oraingoan, gurariak bezainbesteko garrantzia duen ametsen esparruan zentratu gara», azaldu du Francis Diez taldeko abeslariak. Era berean, entzuleak bere egunerokoan «arriskuak hartzera» gonbidatu nahi du : «Errealitate askotarikoak amesteko gauza izan behar dugu, eta horiek aurrera eramaten ausartu».
Doctor Deseoren hamahirugarren diskoan taldearen «lagun» diren arte eta literatura munduko hainbat kidek parte hartu du. «Talde lanean» egindako disko-liburua da. Bertan, Kirmen Uribe, Edorta Jimenez, Itziar Ziga eta Bernardo Atxagak lau kontakizun labur idatzi dituzte. Idazleen testuez gain, Cristina Alfaro, Oier Ituarte, Jesus Mari Lazkano eta Roscubas anaien irudiak ere ikus daitezke, besteak beste. «Adiskideen eginkizuna taldearen ikuspegia zabalagoa agertzea da», adierazi du abeslariak.
Kolaboratzaileek ohar batzuei jarraiki egin dute lan, baina, irudimena erabiliz. «Oinarrizko parametro batzuk eman ondoren askatasun osoz jardun dute». Aurreneko baldintza diskoaren izenburua da; Al amanecer seguir soñando, alegia. Bigarrena, abesti bateko esaldi bat da: «Amets egin, desira izan, eta izorratzen ez duena aldatzen ausartu». Hirugarren betebeharra, berriz, Gilbert Keith Chesterton idazle ingelesaren aipu bat dela esan du abeslariak: «Bartzelonan adiskide batekin nengoenean Chestertonen esaldi hau irakurri nuen: 'Maitagarrien ipuinak egiazkoak dira, ez bakarrik dragoiak existitzen direla esaten dutelako, baizik eta garaitu daitezkeela adierazten digutelako'».
Hamahirugarrena aldaketen diskoa dela azaldu du Diezek. Batetik, «ameskizun» giroa antzemateko indarrari eman diote lehentasuna, eta ezohikoa den abiadurari. Era berean, «kantuak laino artean baleude bezala lausotu ditugu, belarrira abesten dizkizuten sehaska kantuak izango balira bezala», dio abeslariak. Bestetik, aurreko lanek baino musika lasaiago duenez, antzokietan abesteko egokia da.
Aurkezpen kontzertuak
Al amanecer seguir soñando diskoaren aurreneko kontzertuak prestatzen dabil Doctor Deseo. «Ostegunean proba saio orokorra dugu, ostiralean Elorrioko antzokian kontzertua dugulako». Martxoaren 21ean eta 22an Bilboko Arriaga antzokian joko dute, eta Donostiako Viktoria Eugenian egongo dira hilaren 24an. Jendearen erantzunarekin pozik da Diez, ia sarrera guztiak aldez aurretik saldu dituztelako. «Jendeak konfiantza izan du gugan. Horrek presioa eta erantzukizuna dakartza, baina maila ona ematea espero dugu».
Bizkaiko eta Gipuzkoako emanaldien ondoren, Gasteizen eta Iruñean egongo dira, baina oraindik ez dute zehaztu zein egunetan. Bartzelona, Madril eta Sevillako aretoetara ere joateko asmoa dute bilbotarrek.
Ametsetan jarraitzeko garaia
Idazle eta artista ezagunek hartu dute parte Doctor Deseoren 'Al amanecer seguir soñando' diskoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu