«Etorkizun hurbil batean, jendeak bere gau horretako ametsak alokatuko ditu, orain hoteleko gela bat hartzen duenak bezala...». Amets alokatuak albumak abiapuntutzat duen hipotesia irakur daiteke liburuaren kontrazalean. Giro erretrofuturista batean giroturik, ametsak merkantzia diren gizarte bat irudikatu dute Harkaitz Cano idazleak eta Iñaki Holgado irudigileak komikian. Apur bat gehiago zehaztu du istorioaren giroa Canok: «Ametsak erauzi, berrerabili, manipulatu eta merkatu beltzean saldu eta kontsumitu daitezkeen gizarte bat». Ametsen trafikoa, kontrola, esperimentazioa, merkatu beltza, suspensea eta bestelako osagaiak baliatuta osatu dute bi sortzaileek albuma, eta Ikastolen Elkarteak eta Xabiroi-k argitaratu berri dute.
Zorban izeneko zientzialari bat da narrazioaren protagonista, Canoren esanetan «ausarta baina apur bat zoroa, maltzurra baina ez beti, Frankensteinen sortzailearen oihartzuna ere izan dezakeena...». Laguntzaileak izango ditu ametsekin egiten dituen esperimentuetarako. Hain zuzen, ametsak dira kontakizunaren osagai nagusia. Osagai boteretsua, inondik ere. Cano: «Esaten dute ametsak eta amesgaiztoak direla, lapurrez jantzita, geure bizitzara iraganak sartzeko dauzkan leihoak. Probesten dituela iraganak guregana sartzeko, zeren, azken batean, ametsak zerbait badira, statu quo-aren eta orainaren kontrako zerbait dira». Hori dela-eta dira ametsak artegagarriak, idazlearen ustez; horregatik kentzen digute sosegua batzuetan; horregatik urduritzen edo atsekabetzen gaituzte: «Oraina kuestionatzen dutelako, orainaren pribilegioa, orainaren hegemonia, nola dauden gauzak antolatuak; hori amets batek zalantzan jartzen du. Horregatik, Djuna Barnesek zioen ametsek soilik daukatela errealitatearen pigmentua. Eta pigmentu hori jartzeaz Iñaki Holgado arduratu da hemen».
Hasieran, istorioa ametsen bideo klub moduko baten inguruan ardaztea izan zuten buruan egileek, ametsen merkatu legezko bat irudikatzea. Baina asmoa aldatu zuten gero, eta merkatu klandestino bat da ametsena albumean, droga trafikoarekin antz handiagoa duena. Mundu hori eraikitzeko, «hainbat inspirazio iturri» izan zituen Canok, azaldu duenez: «Beharbada, nabarmenena edo ezagunena Christopher Nolanen Inception filma izan daiteke. Baina badira hain agerikoak ez diren beste batzuk ere: Kathryn Bigelowren Strange Days izan daiteke, edo Charlie Kaufmanen gidoi guztiak». Giroari dagokionez, berriz, The Knick telesaila aipatu du. Eta Holgadok, berriz, Narcos, drogaren eta ametsen trafikoaren arteko loturei erreparatuta. Baina komikia busti duten oso bestelako ideiak ere aipatu ditu idazleak, hala nola Amazoniako zapara tribua, zeina munduko onirokrazia bakarra dela esaten den, eta, hala, beren gizartea egindako ametsen arabera arautzen duten.
Horien guztien azpian, etikari eta moralari buruzko hausnarketak ere badaude, Canoren hitzetan. «Badirudi zientzia fikziozkoa edo futurista den komiki batean ezin dela egon horretarako lekurik, baina hain zuzen ere hori da lekurik onena beharbada gauza hauetaz hitz egiteko. Eta gauza hauek irudikatzeko».
Aldizkaritik albumera
Istorioa Xabiroi aldizkarian argitaratu zen atalka —2015eko urrian plazaratu zen lehen kapitulua—, eta, orain, album bilakatu dute bilduma. Aldaketak egin dituzte, ordea. Holgado: «Albumean, saiatu gara errealitatearen eta ametsen arteko aldea hain argia izan ez zedin. Hasieran, aldizkarian oso planteamendu ezberdina egin genuen, baina ikusi genuen albumerako, batez ere amaierako parterako, beharrezkoa zela ezberdintasun hori ez hain argia izatea. Eta, marrazkia errespetatuta, erabateko aldaketa egin genuen». Koloreek eta haien garapenek badute esanahirik, besteak beste.
Canok azaldu duenez, Xabiroi proiektuko zuzendari Dani Fanok «kapitulu autokonklusibo baina harilkatuak» eskatzen zizkien, jarraipena izango zutenak hurrengo ataletan, eta aitortu du ez zaiola erraza egin. «Normalean, edo ipuina bukatzen da, edo nobela egiten da, baina ipuinaren eta nobelaren arteko lotura hori, batzuetan ondo ateratzen dena, oso oreka konplikatua da». Haren ustez, aldea dago istorioa atalka edo jarraian irakurtzean.
Bi egileek elkarlanean sortutako laugarren komiki lana da, aurrez Piztia otzanak (2008), Zebra efektua (2013) eta Museo bilduma (2016) argitaratu baitzituzten, Ikastolen Elkartearen eta Xabiroi-ren bidez horiek ere. Eta uste dute urteotan ez dela askorik aldatu beren lan egiteko modua. Holgado: «Asko hitz egiten dugu gure artean. Gidoia oso teknikoa izaten da: ez da gidoi literario bat; dena dago oso egituratuta». Canoren hitzetan, Holgadorena da gidoiaren zati bat: «Nik bidalitako lehen kapituluaren arabera berak marrazten duenak baldintzatzen du eta laguntzen du bigarren kapituluaren idazketa».
Ikastolen Elkarteak 2005ean jarri zuen martxan Xabiroi aldizkaria, eta ordutik 52 zenbaki kaleratu dituzte. Bildumako hamabigarrena da album berria. Euskal komikigintza osasuntsu dagoela uste du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, eta bat dator Fano: «Uste dut orain Euskal Herrian komikigintzak inoiz izan ez duen osasun goxoa duela, eta aurten bereziki urte aipagarria datorkigula».
Ametsen merkatu beltzean
Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadoren 'Amets alokatuak' albuma plazaratu dute Ikastolen Elkarteak eta 'Xabiroi'-k. Elkarrekin eginiko laugarren komikia dute bi sortzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu