Katixa Dolhare-Zaldunbide
Ezpeletan jaio zen, Lapurdin, 1982an. Literatura garaikidea ikertzen eta irakasten zaildua. Gazteluma bekari esker, Biribilgune eleberria eman zuen 2014an. Horixe du orain artean plazaratutako lan bakarra. Iazko Literaturian, Zergatik bi? performancea taularatu zuen, Bea Salaberrirekin batera.
Baigorrin 2015eko azarotik 2016ko urtarrileraino atseden egonaldi bat egin zuen iraniar baten bizipenetik libreki inspiratua
Omid dut izena : farsiz (persiarreraz), «itxaropena» erran nahi du. Pentsatzen dut aitamek ez zidatela mintzo ginen tati hizkuntza gutituan jarri izena, hain zuzen heldutzean etxeko lengoaiak trabatu ez nendin maila sozialetan goiti ibiltzeko. Zinez esperantza handiak jarri zituzten ene gain, etxearen zorion iturri nintzatekeelakoan. Laborariak dira: Iraneko Siadehan (tatiz) edo Takestan (farsiz) herrian etxalde aski handia daukate, inguru haietako beste guziek bezala mahatsa ekoizten duena. Jateko mahats fresko edo idorra saltzen dute, bai eta zonbait aihen atxikitzen ere etxeko arnoa egiteko, gordezka bistan dena, boterean diren islamistek —erlisione arrazoiengatik baino hobeki sadismoz— horretara beharturik. Haurrideetan gehiena naizenez, eta nigan bertute guziak ikusirik, burasoek oinordekotzat ninduten. Eskolan irakurri, idatzi eta kondatzeko doia ikasi nueneko, lanean arrarazi ninduten, eta premu balios gisa ongi mainatu.
Bizkitartean, beste itxaropen edo ametsik baneukan neure buruarekiko: ez nuen deabruzko ayatollah zahar, frustratu eta erdi eroen menpeko bizi nahi; ez nuen emazte isildu baten jabe bihurtu nahi, ez eta beldurra irakatsi gure seme-alabei. Interneten bidez amets eginarazten zidaten herri demokratikoetatik batera joan nahi nuen bizitzera, jendartearen gobernantza eta norbanakoaren askatasuna nihaurk frogatzeko. Behin bizi behar, eta ez nuen zapaldua edo borrokan errabiatua higatu nahi, oldarkorregi naizelako diktadura ez onartzeko, baina gozoegi ere indarkeriaren hautua egiteko: argi neukan Iranen luzarako bagenuela ayatollah horiekin, Jainkoak —gohainduraren gohainduraz dudarik gabe— ahal bezainbat zahartzera uzten zituelako beregana deitu aitzin. Aitamen erranetarik barna ez nintzen ibili: hemeretzi urtetan, etxaldea utzi, eta alde egin nuen mendebaldeko Europarantz.
Ez dakit ohartuak zareten honetaz: gune ezezagunik gehiago ez denez planeta honetan, etorkinak dira bihurtu egiazko esploratzaile eta abenturazale garaikideak. Heriotza mementu guzietan arriskaturik, tortura fisiko eta psikologiko larrienak jasaiteko etengabeko lanjerean, milaka kilometro egiteko prest daude, fitsik ez dutelako galtzekorik. Itsasontzi ezdeusen gainean, kamioitan gorderik, hegazkin sototan hotzak harriturik, erresumak eta herrialdeak zeharkatzen dituzte, sorterrikoei begira heroiak bilakatzen direla. Baina herri aberatsetako jendea fantasmarazten ere dute: jende horrek, hainbeste peril gainditzen dutelako supergizakitzat dauzka, are gehiago ekintza heroikoak burutzen badituzte harrera herrian, Parisen lau urteko haur frantsesa eraikin erortzetik salbatu duen maliarra bezala. Nago noiz agertuko den tele-errealitate emankizun berria, nun hamar bat etorkin gaizok errandako hiriburura heltzea eta han naturalizazioa modu ikusgarriz lortzea ukanen duten helburu, bat besteak baino lehenago.
Jakin ezazue ordea zonbaitzurentzat superheroiak diruditen etorkinen bidaiak amesgaiztoa baizik ez direla, eta izaki horiek gehienak ez direla ez super, ez heroi. Ni Iranetik Turkiara igaro nintzen, ondotik Greziara eta Italiara... ahal bezala, inori sekula kontatuko ez diodan bezala—ene ideala nehoiz galdu gabe haatik.
Zailena izan da ondotik Europan iragan ditudan hogeitasei urteak, batetik bestera etengabe kanporatua izan naizelako. Badakizue, ez nintzen bereziki mehatxatua Iranen: ez nion ez gerlari, ez goseteari ihes egin. Europako administrazioek galdegiten didatelarik zergatik joan nintzen handik, erantzuten diet egia: «Demokrazia batean iragan nahi dut dudan bizitza bakarra». Herri ezberdinetako administrazioetako prozeduraldi guzietan, beti luzaz atxiki dute ene dosierra, errepusta noizbait eman aitzin. Lehen, uste nuen lanez gaindituak zirela, nahitara goaitarazten nindutela ene etsiarazteko, edo xerkatzen zutela zoin kasu definitutan sartu ene eskaera. Baina orain Grezian, Italian, Alemanian, Ipar Europako herrialdeetan, Ingalaterran, Espainian, Portugalen eta Frantzian ibili ondotik, azken arrapostuaren beha naizela, badakit zergatik bakoitzak igurikarazi ninduen: denbora asko behar izan dute administrazio guziek ene asmoa aztertzeko, eta ohartzeko beren lurraldean dagoen sistema ez dela aski demokratikoa ene gogoaren asebetetzeko. Hori diot behintzat erraiten ene buruari, ene buruarekin bakarrik gezurka dakidalakotz: ez duk etxaldearen segida hartu, eskalea bezala bizi haiz arbuiatzen hauen jendeaz inguraturik, ez duk familiarik sortu... baina, beharbada, hire kasuak Europa Mendebaldeko demokraziak hobetzen lagunduko dik. Eta orduan, ez duk bizia debaldetan iragan izanen Lur honetan.
Ametsaren lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu