Ipuinekin agertu zen literatur plazara, eta, eleberri baten ostean, ipuinekin heldu da bueltan Julen Belamuno (Azpeitia, Gipuzkoa, 1959). Gozamen duela ezkutatu gabe, apal mintzo da literatur jardunaz. «Bizitasuna ematen dit [idazteak], handia». Hotz industriala (Susa) du lan berria, eta ezohiko garaian ematea egokitu zitzaion, koronabirusak ekarritako itxialdiaren bezperako egunetan. Bost kontakizun bildu ditu bertan, askotariko egoerak oinarri dituztenak, baina denak hari ikusezin eta erritmo lasai batez josiak. «Badira errepikatzen diren elementuak, baina ez da ipuin liburu tematiko bat; istorioak ez dira mugitzen ardatz baten bueltan».
Ipuinak elkarrengana batuz joan balira bezala izan da, beraz.
Bai. Ipuinak idazten dituzunean, nik behintzat, ez dut buruan libururik. Ipuinak ateratzen doaz, nahiko modu soltean. Mordoxka bat izatean hasten zara pentsatzen zein liburu forma har dezaketen. Baina idazterakoan planteamendu garbirik ez dut izaten.
Badirudi ipuinek nahi gabe ikusi edo entzundako egoera bat dutela abiapuntuan. Hala izan da?
Normalean, egoera batekin edo irudi batekin hasten naiz; batzuetan, esaldi batekin. Hortik tiraka,ideia berriak sortzen dira, eta, materiala pilatuz joan ahala, ipuinak bere bidea topatzen du, baina nik bide hori ez dut kontrolatzen. Orain modan dago sortzaile hitza, eta askotan pentsatzen dut neure kasuan, nik neuk sortu baino, niri sortu egiten zaizkidala lanak.
Hotz industriala ipuinak ematen dio izena liburuari, baina giro hotz bat, bizitza erdi izoztu batena, hedatzen da besteetara ere.
Bai, tonua errepikatzen da beste ipuinetan ere, baina horrela sortzen zaizkidalako da, berezko joera izango da, nik uste; ez dut horretan aurrez pentsatzen.
Identitate gatazkak hozten du pertsonaia askoren bizitza. Gaurko gizartearen korapilo handietako bat delako, akaso?
Esango nuke badela gutako askok bizi dugun korapilo nagusietako bat. Bi poloen arteko tentsio bat: nork bere buruari eusteko gogoa, batzuetan harrotzeraino iristen dena, eta, beste muturrean, norbera izatearen nekea; aurrekoarekin eten eta aldatzeko gogoa. Bi joera horiek nigan bai sumatzen ditut, eta uste dut jende askorengan gertatzen dela. Ipuinetan errepikatzen den elementuetako bat da, nabarmena. Desagertuaren oroi-grinan-n, esterako: pertsonaiak ihes egin zuen bere herritik, izena ere aldatu zuen, hutsetik abiatu nahi duelako, bizimodu berri bati ekin.
Nor izatearen galdeketa eta guda gaztaroari lotuta agertzen da maiz; zureak, ordea, 50 urte inguruko pertsonaiak dira.
Bai, bi poloen arteko tentsio hori ezberdina da gaztaroan edo gero, baina sakonean arazo bera dagoela uste dut: garen horri eutsi nahia eta horren zama. Adin batetik aurrera, iraganarekin hausteko gogoa ere areagotu daiteke, bigarren edo hirugarren gaztaro batean sartzeko gogoa ere izan daitekeena.
Amaren errautsak berezia da sortan, guztietan gehien jokatu duzu iradokizunarekin. Bada paralelismo bat ere kontakizuneko bi emakumeen artean: protagonista bata, hildakoa bestea.
Bai, hildako emakume horrek ispilu lana egiten du; eta badaude ispilu joko gehiago ere bilduman. Iradokizunarena ere bai. Harreman anbiguo xamarra dago emakumearen eta aurreko etxe jabearen semearen artean, ezta? Badago bien arteko konplizitate bat, baina emakumea itxaropen handiagoa izaten hasten da, eta esan gabekoak hartzen du lekua.
Pertsonaiak mugitu eta iraganera itzularazten dituztenak gazteagoak dira, ordea.
Ba egia da, eta ez nengoen konturatuta. Ondo dago hori: besteek ikusten dituztenean zuk ikusi ez dituzunak. Agian, fikzioaren azken iturria nahiko inkontzientea delako izango da, zeren ametsak sortzen dituen iturri bera dago fikzioaren atzean. Bat ez da konturatzen zer indarrek mugitzen duten idazterakoan.
Badira biolentzia sutil eta botere harreman ezkutuak ipuinetan; lehenengoan agerien.
Bai. Hor, batetik, Lezetaren eta lankide gaztearen arteko tentsioa dago, enpresaren egoerak sortutakoa; eta gero dago emakume gaztearekin duen harremana. Lezetak eta lankideak bisitatzen dituzten tokietan ere muturreko egoerak agertzen dira: lore izoztuak, hildako txoria, haragia zatitzeko planta... Ipuinaren hasieran dagoen Georges Batailleren aipuak jasotzen du tonu hori [hala dio: «Biziaren indarra eta hotzaren zorigaitza/ bere aiztoaren legea ezagutzen duen/ gizonaren ergelkeria latza»]. Batailleren poema zati hori orain dela 37 urte irakurri nuen, eta buruan iltzatuta izan dut urteetan. Hozkailu industrialak konpontzen dituen gizona ere ibili dut buruan, eta une batean, ez dakit zergatik, biak gurutzatu zitzaizkidan.
Bat izan ezik, guztiak kontatu dituzu hirugarren pertsonan, baina beti pertsonaietatik gertu.
Bai. Niretzat inportanteena pertsonaia da, trama baino gehiago. Pertsonaien barne munduan sartzea: egiten duena baino gehiago, zer pentsatzen eta zer sentitzen duen; horretan ahalegintzen naiz.
Esan izan duzu «kale nagusitik kanpo» bizi diren pertsonaiak direla zureak.
Bai. Ez dira 45 urteko senar-emazte ezkonduak, bi seme-alaba eta lan normala dutenak, asteburuetan bigarren egoitzara doazenak. Ez dira sartzen batez besteko herritarraren irudian. Bizitzaren kale nagusitik kanpo dabiltza. Bazterreko erabiltzen da askotan, baina ez zait gustatzen, ze marjinalak ere ez dira. Batzuekin sentitzen dut halako hurbiltasun bat, baina horrek ez du inporta; azkenean, haien azalean sartu behar duzu, haien barne mundua islatu; hori da garrantzitsuena.
Horregatik dute erritmo pausatua kontakizunek. Denbora hartzen duzu deskribatzeko.
Berezkoa dut hori. Erritmo patxadatsuan kontatzea gustatzen zait: egoera bat ondo girotzeko ingurua zehatz ematea. Tarteka digresioren bat, buelta bat eman, hari nagusira itzuli... Gertatzen da gaur egun ez dela, agian, irakurle gehienen gustukoa; egungo joera gehiago da erritmo biziko kontaerarena. Abiadura handiko literatura nagusitu dela uste dut. Mugikortasunaren eta hiperaktibitatearen aroan bizi garela ematen du, gero eta zeregin eta helburu gehiagorekin. Literatura gizartearen ispilu ere izaten da, baina ez da hori nirea; nik beste literatura bat estimatzen dut. Patxadan kontatzea bezala, patxadan irakurtzea gustatzen zait.
Eta zenbat du patxada horretatik idaztera esertzeak?
Ni ez naiz idazle profesionala, goizero idazten jartzen dena. Nik idazten dut ideia bat izatean, zerbait bururatzean. Oharrak hartzen hasten naiz, eta ematen du ohar batek beste bati deitzen diola, eta dena josten dela. 40 urterekin aldaketa garai handi bat izan nuen: bizitokia, lana... eta orduan hasi nintzen idazten. Nik ere aurrekoarekin eten bat egin behar banu bezala. Irakurlea bai, beti izan naiz. Baina idazteko asmo handirik ez dut izan gutxira arte. Bizitasuna ematen dit, handia. Batez ere ideia berriak izatean. Unerik politena hori da: istorioa gorputza hartzen hasten denean.
Julen Belamuno. Idazlea
«Ametsak sortzen dituen iturri bera dago fikzioaren atzean»
Nor izatearen galderari begira daude Belamunoren ipuin liburu berriko pertsonaiak. Bost dira 'Hotz industriala' osatzen duten istorioak; egoera askotarikoak, baina idazlearen begirada sosegatuaz emanak denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu