Ametsa arte bihurtzea

Mabi Revuelta artista bilbotarrak 'Sueños fotomontados' erakusketa jarri du ikusgai Bilbo Arte aretoan. Mezu eta irudi surrealistak nahasi ditu sortzaileak, hiru bloketan

Bilbo
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Txikitatik behin eta berriz izan duen ametsa arte erakusketa bihurtu du Mabi Revuelta artistak (Bilbo, 1967). Sueños fotomontados (Amets fotomuntatuak) izendatu du artelan bilduma, eta urriaren 18ra arte egongo da ikusgai, Bilbo Arte zentroan. Erakusketa hiru ataletan banatu du; bideo bat dago sarreran, eta, areto nagusiko hormetan, aurrez aurre jarri ditu fotomuntatze analogiko bilduma bat eta fotomuntatze digital sorta bat.

Erakusketarekin batera, liburu bat ere argitaratu du artistak: «Desmaterializatzen ari den mundu honetan, artisten publikazioak aldarrikatu nahi ditut». Revueltak azaldu duenez, ohi baino exijentzia maila altuagoa jarri dio bere buruari kasu honetan; izan ere, dioenez, garrantzitsua iruditzen zaio diru publikoarekin egindako lanak kalitate onekoak izatea.

Revueltaren amets errepikakor hori narratzen du liburuak. Ez du artistak berak kontatzen, ordea. Helena Gonzalez Saezek lagundu dio amestutakoa hitzetan azaltzen lau orrialdeko testu batean. Erakusketan eragin handia eduki du testuak. «Helenak [Gonzalez Saezek] ezin hobeto idatzi du nire ametsa, eta haren prosak joko handia eman dit fotomuntatzeak osatzeko». Eta, ametsarekin batera, libururako elkarlanean sortutako testu hori da erakusketaren beste oinarria.

Cerrar Mis Ojos, Prender El Bosque bideoak zabaltzen du bilduma (Begiak itxi, basoa erre), sarreratik bertatik hasita. Revueltaren aurreko erakusketa batean oinarritzen da lan hori, eta Gonzalez Saezen testuarekin eta Oto Castro konpositorearen musikarekin sortu du. Ohiko lankideak dira hiru sortzaileak, eta elkarrekin aritu dira oraingoan ere.

Areto nagusiko eskumako horman, 31 pieza daude eskegita, era ordenatu batean lerro zuzenak zainduz. 2018an sortu zuen Sueños fotomontados izeneko lan sorta da, eta, hain zuzen ere, bilduma horrek ematen dio izenburua erakusketari. Fotomuntatze analogikoak dira pieza guztiak, denak dira tamaina berekoak, eta guztiek dute urre koloreko marko bana. Batera ikusiko ditu ikusleak hitzak zein irudiak bertan. Askotan hitzek liburuan agertzen diren esaldiei egiten diete erreferentzia, eta, artistaren azalpenen arabera, aldizkari «hutsalen» testu zatiekin osatuta daude. «Oso dibertigarria izan da aldizkari horien titular absurdoak apurtzea nire ametsa irudikatzeko».

Amets horrek bizitzan zertan eragin dion ere aztertu nahi izan du erakusketan Revueltak. Alde batetik, gizakia lo dagoenean daukan irudimen sortzailea erabiltzen saiatu da erakusketako piezak osatzeko; beste aldetik, amets horretako elementuen «analisi ludikoa» ere egin du bere lanen bidez.

Estua da testuaren eta piezen arteko harremana. Pieza itxura hartzen dute, adibidez, liburuan irakurri daitezkeen hainbat pasartek. Revueltak psikologoari egindako bisita bat kontatzen du idazkiak, esaterako. Kontakizunean, medikuak azaltzen dio ez duela arazorik, amets errepikakor hori izan ezik, eta istorio hori bera identifika daiteke hormako lanetako batean. Barbie biluzi bati aingeru hegalak jarri dizkio artistak irudian; hanka batean, ezpainak margotzekoa, eta bestean, urrezko kriseilu bat. Testua ere gehitu dio piezari: «Perfektua naiz, xehetasun batengatik izan ezik».

Fotomuntatze digitalek hartzen dute erakusketako hirugarren atala. Tonua guztiz aldatuta, 21 laukizuzenek osatzen dute Historias del onirismo sorta (Onirismo istorioak). Oraingoan, testuak eta irudiak banatuta daude, eta, lerro zuzenak oraindik badiren arren, era kaotikoagoan daude horman itsatsita. Zuri-beltza da nagusi pieza guztietan, salbu eta hasierakoan eta amaierakoan. Irudietan, izotza eta pertsonen gorputz biluziak ageri dira, tartean hutsune handiekin. Testuak zuriz idatzita daude hondo beltz baten gainean, beltzari protagonismoa emanez, eta bertsoak balira bezala kokatuta daude, poesia izatera heldu barik.

Revueltak azaldu duenez, ikusleari galdera bat iradoki nahi dio erakusketatik pasatzean: «Zelan amesten duzu zuk? Koloretan ala zuri-beltzean?». Egileak ametsaren «transzendentzia» eta «unibertsaltasuna» erabili dituela azaldu du: «Nire ametsa ez dago beste edonoren ametsetatik urrun». Barne hausnarketa ere egin du sorrera prozesua amaitzerakoan, «Artearekin adierazpenak egiten hasi nintzenean desagertu zen ametsa; horregatik da hain garrantzitsua niretzat».

Bilbo Arteren laborategia

Ez da Revueltak Bilbo Arten erakusketa bat aurkezten duen lehenengo aldia. Bakarkako zein taldekako beste lan batzuetan ere parte hartu du: Divertimentos fotográficos (2010), Estaciones (2012) eta Alfabetos expandidos (2016). Nazioarteko erakundeetan ere erakusketak egin ditu; New Yorkeko ISCP museoan, adibidez. Aipatzekoa da, horrez gain, 2016. urtean Gure Artea saria irabazi zuela bere ibilbide artistikoagatik. Gainera, hiru liburu ere baditu kalean, Sé verlas al revés (poéticas de la permutación) ohar liburua tartean.

2018an hasi zen orain ikusgai jarri duen erakusketa prestatzen, Bilbo Arte fundazioak ekoizpen artistikoa egiteko gonbidapena helarazi zionean. «Lan hau burutzeko, ezinbestekoa izan da Bilbo Arteko laborategi artistikoa», nabarmendu du artistak. Izan ere, fotomuntatze analogikoaren kasuan, espazioak «garrantzi handia» hartzen duela eta fundazioan baliabide egokiak eskaini dizkiotela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.