Laszlo Toth Budapesten bizi den arkitekto judua da, Bauhaus eskolakoa. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 40ko hamarkadan, Ameriketako Estatu Batuetara emigratzea erabakiko du. Bakarrik doa, nahiz eta badirudien emaztea, Erzsebet, bizirik dagoela. Laszlo lehengusuaren eta haren emazte katolikoaren etxera joango da, eta haien altzari negozio berrirako piezak diseinatzen hasiko da.
Lanpostu horrek Van Buren familiarengana hurbilduko du gizona. Liburutegi baten diseinua egin ondoren, eta lehengusuarekin izandako iskanbilak tarteko, Laszlok lana galduko du, baina Harrison Lee Van Buren gizon dirudunaren interesa irabaziko du. Beste proposamen bat egingo dio estatubatuarrak, zeina pauso garrantzitsua bilakatu daitekeen juduaren karreran: komunitatearentzat eliza bat diseinatzea, Brutalismoaren ondare eta Van Burenen ama hilberriarentzako omenaldi izango dena.
Brady Corbet estatubatuarra aktore bezala hasi zen lanean, 11 urte zituela. Hainbat telesailetan parte hartu zuen, baita anime lanak bikoiztu ere, eta 2003an egin zuen salto zinemara, 15 urte zituela, Catherine Hardwicken Thirteen filmarekin. 2015ean zuzendu zuen bere lehen film luzea, The Childhood of a Leader, Lehen Mundu Gerraren ostean Frantzian bizi den familia estatubatuar bati buruzko istorioa. The Brutalist, Corbeten hirugarren film luzea, Veneziako jaialdian aurkeztu zuten, eta bertan jaso zituen zuzendari onenarentzako Zilarrezko Lehoia eta nazioarteko kritikaren Fipresci saria. Ordutik izendapen eta sari mordoa pilatu ditu filmak.
50eko hamarkadan sortutako Vistavision formatuan dago filmatua, eta Corbetek iraganean jartzen du begirada, telebistan eta zineman horrenbestetan ikusitako istorioari buelta emateko: eraikitzen ari ziren Estatu Batu horiena, aukera berri eta arrakasten lurralde horrena, bizitza berri bat hastea lortzen zuten migratzaile horien guztien istorioa. Corbet eta Fastvoldek idatzitako gidoiak Europako faxismotik AEBetako kapitalismora bidaiatzen duen gizonaren istorioa kontatzen du. Biopic eran dago kontatua filma, eta Laszlo Toth arkitektoaren bizitzaren ia 50 urte biltzen ditu. Fikziozko filma eta pertsonaia badira ere, belaunaldi eta garai baten erretratua da pelikula; orainaldiaren oso antzekoa den iraganaz hitz egiten duen erretratua.
Hiru ordu luze irauten du filmak, eta, kritikarien esanetan, zinemako pantaila eta aretoa betetzea lortzen du. Argazkiaren eta argiaren erabileratik hasita, istorioa janzten duen soinu bandarekin jarraituz, eta pertsonaia nagusien interpretazio biribilekin, indarrez beteriko kontakizun hau ezaguna eta aldi berean harrigarria izatea lortu dute.
Zuzendaria: Brady Corbet. Gidoilariak: Brady Corbet, Mona Fastvold. Aktoreak: Adrien Brody, Felicity Jones, Guy Pearce. Argazkia: Lol Crawley. Musika: Daniel Blumberg. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 215 min. Herrialdea: Ameriketako Estatu Batuak. Estreinaldia: Urtarrilaren 24an estreinatuko da Hegoaldean, eta otsailaren 12an Iparraldean.'THE BRUTALIST'
Beste estreinaldi batzuk
Zuzendaria: Pat Boonnitipat'LAHN MAH (HOW TO MAKE MILLIONS BEFORE GRANDMA DIES)'
. Gidoilariak: Thodsapon Thiptinnakorn, Pat Boonnitipat. Aktoreak: Putthipong Assaratanakul, Usha Seamkhum, Sanya Kunakorn. Argazkia: Boonyanuch Kraithong. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 126 min. Herrialdea: Thailandia.
Bere amonak gaixotasun terminal bat duela ohartzen denean, M-k, gazte alfer eta kexati bat, bere streamer karrera eskasa alde batera uztea erabakitzen du, hura zaintzeko. Hori bai... milioi askoko ondareari begira. Baina amona irabaztea ez da erraza, emakume zorrotza da. Egunak igaro ahala, M bere interesetik haratago ikusten hasiko da, eta haren azken momentuetan amonarekin berriz konektatzeko aukera aztertzen hasiko da.
Zuzendaria: Enrique Buleo. Gidoilaria: Enrique Buleo. Aktoreak: Jordi Aguilar, Eduardo Antuña, Enric Benavent.'BODEGÓN CON FANTASMAS'
Argazkia: Gina Ferrer. Generoa: Komedia. Urtea: 2024. Iraupena: 88 min. Herrialdea: Espainia.
Mahasti eta zereal lurrek inguratuta, Mantxako herri bateko biztanleek normaltasunez igarotzen dituzte beren egunak. Batzuk, bizidunak, bizitzaren estualdien aurka borrokatzen dira, eta beste batzuek, mamuek, heriotzaren ondorioei aurre egiten diete.
'MIOCARDIO'
Zuzendaria: Jose Manuel Carrasco. Gidoilaria: Jose Manuel Carrasco. Aktoreak: Marina Salas, Vito Sanz, Pilar Berges. Argazkia: Alberto Pareja. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 75 min. Herrialdea: Espainia.
Pablo krisian dago. Hondoa jo duen goiz batean, telefono dei bat jasoko du. Ana da, duela hamabost urte baino gehiago bihotza hautsi zion neska. Egun batean zehar, Pablok konpondu gabeko kontuak itxi ahal izango ditu, eta bere bizitzako kapitulu bat idazten amaituko du.