«Bazen garaia gelditzeko, atzera begiratzeko eta nora iritsi garen gogoeta egiteko». Azken diskoaren mamia esaldi bakar batean laburbildu du Iñigo Etxezarreta En Tol Sarmiento (ETS) taldearen abeslariak. Hamabi urte joan dira Arabako musika taldea lehen aldiz igo zenetik taula gainera, eta, egindako ibilbideari «gorazarre» egiteko garaia zela jakinda osatu dute azken lana, bosgarrena: Ametsetan (Baga Biga). 2005ean taldea eratu zutenetik, Iñigo Etxezarretak, Ruben Campinunek, Floren Diazek, Ruben Terrerosek eta Javier Lucasek ametsaren bidea eraiki baitute, «hankak lurrean jarrita».
Ametsetan bete egin den ametsa da. Inor gutxik uste zuelako Arabako Errioxaren bihotzean sortutako talde txiki batek hainbesteko arrakasta lortuko zuenik Euskal Herrian. «Amesten gaude, ez genuelako uste honaino iritsiko ginenik», azaldu du Etxezarretak. Hargatik, azken lana desberdina da. Sakonagoa. Osatuagoa. «Taldearen arima hobeto definitzen duena». Ez baita soilik disko bat. Proiektu bat da. Hiru atal dituen proiektu bat: zuzeneko diskoa, zuzenekoaren DVDa eta taldeari buruzko dokumentala. Durangoko Azokan kaleratuko dute lana.
Zuzenekoa aurtengo abuztuaren 6an grabatu zuten Gasteizen, Andre Maria Zuriaren jaietan eskainitako kontzertuan. Argi zuten hamabi urteko lanari merezitako «omenaldia» eskaintzeko modurik egokiena zuzenekoa grabatzea zela. «ETS zuzeneko taldea da. Ez bakarrik hobeto moldatzen garen esparrua delako, baizik eta publiko zabal batekin konektatzeko aukera ematen digulako», dio Etxezarretak. Foru plazan grabatutako kontzertuan azken urteetan «bizi izandako eta ikasitako guztia» islatzen saiatu ziren taldekoak.
Azken hiru diskoetako hogei abestirik onenak bilduta daude diskoan. Gainera, abeslari ezagunen laguntza izan zuten grabazioaren egunean, eta horiek ere jasota geratu dira lanean: besteak beste, Kaotikoko Jony, Betagarriko Iñaki Ortiz de Villalba eta Vendettako Pello Reparaz izan ziren zuzenekoan. Diskoarekin batera, Gasteizko kontzertuaren grabazioa ere kaleratuko dute, «publikoaren aurrean askatzen dugun energia erakusteko».
Diskoek kontatu ezin dutena
«ETSkoak xume hasi ziren musika munduan, xume iraun dute hamabi urteotan, eta xumetasunetik atera dute orain arteko dena», Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko arduradunak azpimarratu duenez. Taldeari buruz egindako dokumentalak ere «umiltasun» hori islatzen du, ikuspuntu «gizatiar» batetik. Taldearen egunerokoa deskribatzen duen ordubeteko filma da, eta musikari bakoitzaren esparru pertsonalean sakontzen du, taldeko partaideen eta hurbilekoen elkarrizketak direla tarteko. «Diskoek eta zuzenekoek kontatu ezin dutena» jasotzen du dokumentalak, Aizpururen esanetan. «Taldearen ikuspuntu orokor bat ematen saiatu gara, bidean izan ditugun oztopo guztiak barne», gaineratu du Etxezarretak.
Eta hemendik aurrera, zer? «Ziklo baten amaiera da hau. Hamarkada luze baten zikloa itxiko dugu, gure ametsei puntu eta jarrai bat emateko». Etxezarretak argi dauka bosgarren lana «mugarria» izan dela ETSren ibilbidean, eta hemendik aurrera «bestelako aro bati» ekin beharko diotela. «Konfort eremutik irteteko garaia da», dio. Horrek ez du esan nahi euren sustraiak ahaztuko dituztenik, baina bai beste bide bati ekingo diotela. «Gure musika estiloan oinarrituko gara, baina bide ezberdin bat jorratuko dugu». Aro berriari heldu aurretik, datozen hilabeteetan azken lana aurkeztuko dute, modu akustikoan.
Amets baten neurrikoa
En Tol Sarmientok hamabi urteko ibilbideari «gorazarre» egin nahi izan dio 'Ametsetan' zuzeneko diskoan. Dokumentala ere grabatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu