Amestearen eta izatearen arteko talkan

Bi aktoreren ilusio eta frustrazioetan arakatzen du 'Winona & Grace' obrak. Bi protagonisten larruan sartu dira Ainhoa Artetxe eta Graciela Doniz, Alex Gerediagaren zuzendaritzapean

Graciela Doniz eta Ainhoa Artetxe aktoreak, Winona & Grace antzezlanaren eszena batean. SON AOUJIL.
Ainhoa Sarasola.
2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Goya sariak banatu ondotik, festa batean izan dira Winona eta Grace aktore gazteak, eta zuzendari ezagun baten etxean esnatu dira. Burua nahasia dute oraindik, baina pixkanaka jabetu dira bakarrik daudela etxe hartan, eta giltzapetuta. Egoera horretan orduak pasatu ditzaketela ikusita, nor diren jakitera abiatuko dira, eta elkarri ispilu bat jarriko diote begien aurrean. Lanbideari begira garai desberdinetan egonagatik, biek bizi baitute talka moduko bat amestearen eta izatearen artean. Ainhoa Artetxe eta Graciela Doniz aktoreek antzezten dituzte protagonisten rolak Winona & Grace antzezlanean, eta Khea Ziater konpainiako Alex Gerediagak zuzendu du lana. Zenbait udalerritan aurkeztu ostean, eta Bilboko Arriaga antzokian euskaraz atzo eta gazteleraz gaur eman ondotik, herriz herri eramango dute orain.

«Aktore izatearekin amestea kitzikagarriagoa da aktore izatea baino». Marylin Monroeren esaldi horrek ongi laburbiltzen du antzezlanaren mamia, Winonaren azalean jarri den Artetxeren iritziz. «Bera oso ameslaria da, positiboa, dibertigarria, beti aurrera egiten duen pertsona bat. Oso argi du aktore izatea dela bere ametsa, eta horren atzetik dabil borrokan, bere indar guztiarekin». Oraindik ez du lortu aktore gisa «puntu goren batera» iristea, baina bere aukera iritsiko dela sinetsita dago. Gracek, berriz, antzezle berri onenaren Goya saria irabazi berri du, eta bestelakoa da, Artetxeren hitzetan: «Hotzagoa da; ez du hainbeste azaltzen barrutik gertatzen zaiona, ohituta dago publikoan hitz egitera, eta ez ditu formak galtzen. Baina ez dago ondo, ez da zoriontsua». Bestearen tokian egon nahiko luke batak, baina horretan bestea ere ez da zoriontsua. «Hor kritika bat badago: zer nahi dugu? Zeren atzetik gabiltza?». Horregatik Monroeren esaldia.

Esaldi berari heldu dio Gerediagak ere, horren haritik egiten baitu gogoeta obrak, lanbidearen «bi poloetan» dauden 30 urteen bueltako bi aktore emakumezko agertuz: «Nola amesten edo irudikatzen dugun aktore ogibidea gaztetxoak garenean, eta, gero, 30 urteen bueltan, nola agertzen den halako talka bat errealitatearekin, batzuetan ametsak ez dituzulako lortzen, edo, besteetan, ez direlako irudikatu zenituen bezalakoak». Bai Artetxek, bai Gerediagak uste dute gaia, aktore mundutik kanpo ere, edonork bere egiteko modukoa dela. Aktorearen hitzetan, horri buruz hitz egiteko «aitzakia bat» da lanbidea. «Bizitzarekiko sentitzen dugun dezepzioaz hitz egin nahi genuen. 18-20 urterekin amets batzuk dituzu; gainera, gure belaunaldiari esan zitzaigun ikasiz gero dena izango genuela, baina ez da hala izan».

Hiru geruza dituen obra

Artetxek eta Donizek buruan zuten ideia hori izan zen abiapuntua Gerediagarekin elkarlanean obra sortzeko. Ikerketa bat egin zuten bi aktoreek; antzezle ugari elkarrizketatu zituzten, emakumeak ia denak, garai desberdinetan zeudenak, eta testu bat idatzi zuten. Hori oinarri hartuta, beste bertsio bat idatzi zuen Gerediagak, eta, inprobisazio saioetan eszena zehatzak sortu ostean, beste buelta bat eman zioten. Gerediagak aitortu du «erronka» izan zela bere ideia ez zen toki batetik abiatzea. «Haien begirada azaldu behar genuen, eta geure egiteko era erantsi, baina lortu dugu denon ekarpenak biltzea eta ideiari eustea». Lan egiteko bi era uztartzea konplexua izan daiteke, baina Artetxerentzat ere «aberasgarria» izan da elkarlanean aritzea.

Gerediagaren konpainian ohikoa duten estiloan, kode zinematografikoak eta eszenikoak uztartzen ditu obrak. Zuzendariak iragarri duenez, zinemari eginiko bi omenaldi izango dira: Thelma & Louise eta Night on Earth filmetako eszena bana taularatzen dituzte aktoreek, eta pantaila handi bat ere badute atzean, etxeko leihoa irudikatuko duena batzuetan, eta beste zenbait gauza kontatzeko baliatuko dutena besteetan.

Hiru geruza dituen antzezlan bat dela azaldu du. Fikziozko pertsonaiak, Winona eta Grace agertuko dira tarteka; «metafikzioa» litzateke bigarren geruza, pertsonaia horiek beste batzuk antzeztuko baitituzte tarteka, filmetako eszenak egitean; eta errealitatearena litzateke azken geruza, Gerediagaren hitzetan, «azken batean publikoak ulertuko baitu fikzio hori Ainhoa eta Gracielaren errealitatean sostengatzen dela».

Horrela, egoera komiko batetik abiatuta, une sakonak eta dibertigarriak, emozio askokoak eta barre egitekoak tartekatuko dira antzezlanean, askotariko gogoetei, kezkei eta kritikei ere leku eginez. Artetxeren ustez, edonor, baina gazteak bereziki antzokira joateko «aitzakia perfektua» da obra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.