«Gauero, lotarakoan, zera pentsatzen dut: goizean nire etxean esnatuko naiz, eta gauzak lehen ziren bezala izango dira. Gaur goizean ere ez da gertatu». Fredenen hitzak dira, Neskamearen ipuina nobelako protagonistarenak. Gileadeko Errepublikan preso dago; hara iritsi aurreko bizimodua du gogoan, baina guztiz ezberdina da orain duen errealitatea. Hala, erregimen patriarkal, erlijioso eta autoritario horretatik bizirik ateratzea izango du ia xede bakarra. Margaret Atwood (Ottawa, 1939) idazlearen 1985eko nobela distopikoa hainbat hizkuntzatara itzuli dute urteotan. Orain, euskaraz ere irakur daiteke, Zigor Garroren itzulpenean. Txalaparta argitaletxeak plazaratu du liburua.
«Atwoodek planteatzen duen hipotesia diktadura patriarkal bat da, non emakumea askatasun guztiez gabetua dagoen», azaldu du itzultzaileak. Liburuan, jaiotza tasak beherakada handia izan du munduan, «eta horrek eragin du gizonak boterea hartzea eta emakumea esklabo bilakatzea». Hala iritsi zen protagonista Gileadera. Neskamea da, eta komandantearen eta haren emaztearen etxetik egunean behin irteten da, erosketak egitera. Beste neskameek bezala, isilik eta burumakur egin behar du joan-etorria, hamaika begik kontrolpean baitute une oro. Hilean behin, buruz gora etzan, eta etxeko nagusiak haurdun utz dezan desiratuko du, bere balioa bere obarioen emankortasunaren araberakoa baita, eta, hortaz, baita bizirik jarraitzea bera ere.
Liburuan etorkizun distopiko bat marrazten du idazleak, baina nolabait «idatzi zuen garaiko eta gaur egungo egoeraren karikatura bat» ere bada, Garroren ustez. «Berak planteatzen du mundu bat non emakumeak ez duen batere askatasunik, baina abiatzen da errealitate batetik non emakumeak askatasun eta eskubide askoz gabetuak dauden. Eta, hipotesi hori planteatuta, agerian jartzen dizkigu emakumeek gaur egun dituzten askatasun eta eskubide murrizketa horiek». Alde horretatik, 1985ekoa izan arren, gaurkotasun eta unibertsaltasun handiko liburua dela iruditzen zaio.
Aldi berean, askatasuna egoera aldakor bat dela agerian jartzen du nobelak, itzultzailearen ustez. «Liburuak gogorarazten digu askatasuna ez dela egoera finko bat, baizik eta borroka bat egunero burutu beharrekoa. Hori da, tamalez, mundu klasista eta bidegabe honen funtsa; askatasunak ez daudela segurtatuta, eta etengabe borrokatu behar direla».
Pertsonaia gehiago ere badira, baina protagonistaren bizipenen eta barne gogoeten bidez aurkezten du, batez ere, mundu hori Atwoodek. Bere benetako izenaz ere gabetua, Freden esaten diote. Eta izenak berak asko esaten du haren kondizioaz: -en atzizkiak, zehazki. Garro: «Fred da bera bizi den etxeko komandantea, eta izenak ja esplizituki darama jabegoa; haren objektu bat da». Andre «soil» bat da, «klase ertainekoa, background arrunt samar bat» duena; «esan genezake oso unibertsala dela, edozein izan zitekeela». Gileadera eraman zutenean, haurraren eta senarrarengandik bereizi zuten, eta ez daki non diren. Amarekin ere sarri oroitzen da. «Harreman gatazkatsua zuen amarekin, baina asko maite zuen; haren engaiamendu feminista destaina apur batekin begiratzen zuen, eta orainaldi distopiko horretan bere jarrera berrikusten du, konturatzen baita amak gauza askotan arrazoi zuela; distantziatik, miresten ditu haren askatasuna eta ausardia». Halaber, andre azkarra da, ironia «oso fin» baten jabe dena, eta gai dena bere egoera «argitasun handiz» azaltzeko. «Emakume bat da saiatzen dena muturreko egoera batean bizirik irauten, bere integritatea salbu mantenduz».
Istorioa, AEBetan girotuta egon arren, edozein herrialdetako emakumeek bere egiteko modukoa dela aipatu izan du Atwoodek. Harekin bat dator itzultzailea. «Emakumeen esplotazioa eta gizonarekiko menpekotasuna unibertsala da. Ez da etorkizun distopiko bat marraztu behar emakume guztiek irakurtzean hori sentitzeko. Ni ez naiz emakumea, eta ezin dut pairatzen duten esplotazioa nire azalean guztiz sentitu, baina oso identifikatua sentitu naiz». Izan ere, kartzelan zela irakurri zuen lehen aldiz nobela, zeinak gatibu bizi diren andreak dituen ardatz. Hala, irakurketak «oso modu berezi eta sakonean hunkitu» zuela aitortu du. «Protagonistak deskribatzen dituen sentimenduak eta egoerak, nengoen egoera berezi horretan, oso-oso gertukoak sumatu nituen». Gatibutza zer den esplikatzea oso nekeza iruditzen zaio, eta «esperientzia hori bizi gabe bizi izan balu bezala» azaltzeko idazlearen gaitasunak eman zion arreta gehien. Atwooden idazkera «oparo, elokuente eta sakona» ere goraipatu du.
Liburuarekin «maitemindu», eta asmo jakin batekin ekin zion itzultzeari: euskal irakurleak goza zezala euskaraz berak ingelesez irakurriz gozatu zuena adina. Gozamenetik nahiz buruhaustetik, bietatik izan zuen langintzak. Bi hizkuntzen ezaugarriak eta egoerak hain desberdinak izanik, aitortu du ez zela beti erraza izan hitz bakoitzari «ordain eder bat» topatzea. Hala, prozesua «indusketa lan itzel eta oso eder» gisara deskribatu du. «Gero, ni kartzelan nengoenez, eta han baliabideak oso urriak direnez, indusketa lan hori ia-ia abentura epiko bat bilakatu zen, baina abentura oso ederra izan zen». Espetxeko egunerokoan «helduleku bat» eman zion itzulpengintzak.
Distopien goraldia
Nobela distopikoen zerrenda ia denetan ageri ohi dira George Orwellen 1984, Aldous Huxleyren Bai mundu berria eta Ray Bradburyren Fahrenheit 451. Garrok irakurriak zituen horiek, eta Atwooden liburuak guztiz harrapatu zuenean, nolatan ez zuen ezagutzen galdetu zion bere buruari. «Erantzuna oso begi bistakoa da: ez zen ezaguna, nire ustez, egilea emakume bat delako». Azken garaiotan ezagunagoa egin bada, «azken urteotako borroka feministaren goraldiak» horretan zerikusirik izan duela uste du. Eta klasikoen zerrendetan egon beharko lukeela ez du zalantzarik.
Distopien nolabaiteko goraldi bat ere sumatzen du azken urteotan, bai literaturan, bai zineman, eta egungo garaiarekin lotzen du fenomenoa. «Nolabait, 1960ko eta 1970eko hamarkadak utopien hamarraldiak izan ziren, eta 2000ko urte hauen ezaugarria utopien amiltzearena da, utopia iraultzailearena batez ere. Utopia iraultzailea amildu egin da, eta gaur egungo gizartea, emantzipazio asmo egingarririk gabe, noraezean eta etsipenean dago. Horrek etorkizunarekiko larritasun eta beldur izugarria eragiten dio, eta horrek fikzioan badu isla bat».
Amesgaizto patriarkalean bizirik irautea
Margaret Atwooden 'Neskamearen ipuina' euskaratu du Zigor Garrok, eta Txalapartak argitaratu. Emakumeen azpiratze bortitza oinarri duen gizarte bat aurkezten du nobelak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu