'Amek ez dute' nobela nederlanderara itzuliko dute Etxepare bekaren bidez

Mariolen Sabarte itzultzailearen lana eta Zirimiri Press argitaletxearen zabalpena nabarmendu ditu epaimahaiak. 4.000 euro jasoko dituzte

Henrike Olasolo Zirimiri Presseko editorea, Mariolein Sabarte itzultzailea eta Katixa Agirre idazlea. MITXI CALVO.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
2018. urtean eman zuen argitara Katixa Agirrek Amek ez dute eleberria (Elkar), eta hizkuntzaz hizkuntza joan da geroztik mundura zabalduz. Agirrek berak itzulita eman zuten gazteleraz, esaterako, 2019an, eta itzulpen hura hartu du oinarri Mariolein Sabart Belacourtek nederlanderara eramateko. Moeders zullen nooi da nederlanderazko izenburua, eta itzulpen lan hori izan da urteko itzulpenik onena Etxepare Laboral Kutxa Itzulpen Saria ematen duen epaimahaiaren iritziz. 4.000 euro jasoko dituzte erdi bana itzultzaileak eta lana kaleratu duen Zirimiri Press argitaletxeak orain. Eta, horrez gain, 2.000 euro arteko laguntza ere jasoko dute argitalpen hori sustatzeko.

«Itzulpena kalitate handikoa izateaz gain, itzultzailearen ibilbide sendoa aitortu nahi da sari honekin; bizitza osoan egindako lana, hain zuzen». Itzulpenaren kalitatea ez ezik, argitaletxeak egindako sustapen lana ere hartzen du kontuan epaimahaiak saria hautatzeko. Eta, hain justu, Sabartek eta Zirimiri Pressek alor horretan egindako «promozio lana» ere nabarmendu dute, horregatik. Eta argitaletxearen ibilbidea ere saritu dute; «euskal lanak zehazki, eta hizkuntza gutxituetakoak orokorrean, itzultzeko egindako apustu garbiagatik».

Euskal literaturaren ikur

Atzo eman zuten albistearen berri, Bilboko Bidebarrieta liburutegian, eta bertan izan ziren idazlea, itzultzailea, argitaratzailea eta Eusko Jaurlaritzako, Etxepareko eta Laboral Kutxako ordezkariak. Sariaren berri ematearekin batera zabaldutako oharrean esan dutenez, «euskal literatura garaikidearen ikur» bilakatzen ari da nobela. Euskaraz sortu, eta, jadanik, besteak beste gaztelerara, frantsesera, ingelesera eta katalanera itzuli dute lana. Eta, iaz jakinarazi zutenez, eleberria film bilakatzeko lanetan ere badabil Mar Coll zuzendari kataluniarra.

2015ean jarri zuten abian Etxepare Laboral Kutxa Itzulpengintza Saria, eta, ordutik, besteak beste Bernardo Atxagaren, Eider Rodriguezen, Joseba Sarrionandiaren, Gabriel Arestiren eta Kirmen Uriberen lanen itzulpenak saritu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.